2012-2015erako Gipuzkoa Energia egitasmoa aurkezten ari da aldundia lurraldeko eskualde guztietan. Goierrin ekin diote, Ordizian egindako aurkezpenarekin, eta Urola Kostan ere bai, Azpeitian egon baitira. Ainhoa Iraola Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoen zuzendariaren gain dago aurkezpenen gidaritza. Biologoa bera (Zarautz, 1979), ikerketaren alorrean aritua da, besteak beste, Aranzadi Zientzia Elkartean.
Zer da Gipuzkoa Energia foru plana?
Energiaren gaia aldundiaren eskumen esklusiboa ez bada ere, oso estrategikoa eta transbertsala da, ingurumen, ekonomia eta gizarte gaiei zuzenean eragiten dielako. Gure asmoa bide orri bat osatzea izan da. Gipuzkoan energia arloan nola gauden jakin, eta, egoeraren arabera, hartu beharreko neurriak zehaztu nahi izan ditugu. Planaren bitartez, ekintza zehatzak eta lerro estrategikoak finkatu ditugu.
Zein da energiaren egoera Gipuzkoan?
Gure egoera oso ahula da. Energia mendekotasun itzela dugu. Azken sei urteotako fakturek, esate baterako, gora egin dute, eta kontsumoak, berriz, behera egin du, edo mantendu. Gure helburua kanpoko mendekotasun hori ahalik eta gehien murriztea da.
Datuak bildu al dituzue? Zein energia mota kontsumitzen da gehien?
Diagnostiko bat egin dugu. Erabiltzen dugun energiaren %94 erregai fosiletatik eratorritakoa da, eta %6 energia berriztagarria da. Erregai fosilak kanpotik ekartzen ditugu, eta mendeko egiten gaituzte. Energia berriztagarrien barruan autohornidura bidez sortzen duguna %4,4 da, oso gutxi. Berriztagarriaren beste zatia bioerregaia da, eta hori ere kanpotik ekartzen dugu. Hemen, horrenbestez, kontsumitzen dugun energiaren %4,4 soilik sortzen dugu. Gure mendekotasuna %95 da, eta, zalantzarik gabe, kopuru handia da.
Energiaren kontsumoa sektoreka banatuz gero, industriak al du kontsumorik handiena?
Bai, industriaren kontsumoa %48 da, baina garraioaren sektorea gertu dago, %33 baita garraioaren kontsumoa, eta kontsumo pribatua, berriz, %22. Argi dago Euskal Herrian industriaren sektoreak pisu handia duela, baina industriari eragingo dioten aldaketak bultzatzea ez da nahikoa; beste sektoreetan ere eragin behar da.
Mendekotasun horren inguruan zer proposatzen du planak?
Epe motzerako, ertainerako eta luzerako planteamenduak proposatu ditugu. Administrazioaren eta herritarren kontzientzian eragin behar da, egoera irauliko duten politika aktiboen bitartez. Hiru arlo landu ditugu bereziki: efizientzia energetikoa, energiaren sorkuntza eta pobrezia energetikoa.
Kontsumoa jaitsiko al da efizientzia energetikoa sustatuko duten ekintzen bidez?
Kontsumoa gutxitzea da efizientzia energetikoaren funtsa. Kontsumoari eusteko behar dugun energia sortu baino gehiago, kontsumorako behar dugun energia sortu behar dugu, eta, gainera, energia horrek berriztagarria izan behar du. Bide horri heltzeko hamar lan lerro garatu ditugu, 45 ekintza zehatzekin. Horrez gain, aldundiko beste sailekin elkarlanean, energiaren gaia landu dugu.
Lan lerro horien adibiderik emango al zenuke?
Esate baterako, eraikin publikoetako argiteria sektoreka lantzen ari gara. Bulegoak, kiroldegiak, zaharren egoitzak… Eraikin mota bakoitzaren kontsumoa ezberdina da. Praktika onen gidak egin ditugu, eraikin mota bakoitzean jorratu behar diren bideen gaineko gomendioak emateko. Bestetik, enpresa munduan Gipuzkoako Ganberarekin hitzarmen bat daukagu, eta, urtero, sektore batean auditoria energetikoa egiten dugu. Ondoren, sektore guztirako balio duen gida bat publikatzen dugu.
Garraioaren energia kontsumoa oso handia da.
Bai, kontsumo handiko sektorea da. Garraioaren gaineko eskuduntza foru aldundiarena da, eta lanean ari gara herritarrekin parte hartzeko prozesuetan. Garraio publikoari bultzada eman nahi diogu, txartel bakarra sortu, bidegorrien sarea osatu… Errepideetako argiteriari ere erreparatu diogu, eta udalak lan dezente egiten ari dira fakturazioa jaisteko neurriak hartze aldera; krisi ekonomikoak horretarako balio du, behintzat.
Energiaren sorkuntzari dagokionez, zein da Gipuzkoaren argazkia?
Aldundiaren eraikinetan, adibidez, energia berriztagarria sortzeko plaka fotovoltaikoak jartzen ari gara. Udalei begira, hainbat lanketa egin dugu; diru laguntza lerro bat zabaldu genuen iaz, eta eskaera izugarria izan zen.
Pobrezia energetikoa zer da?
Energia eta gizartea lotzen dituen kontzeptu bat da. Gizarte politikako sailak pobreziaren inguruko inkesta bat egiten du urtero. Iaz, inkestan energiaren inguruko galdera bat sartu genuen. Gipuzkoan familien %9,5 pobrezia energetikoan daude, hau da, diru sarreraren %10 baino gehiago energia fakturetan gastatzen dute; fakturak ordaindu ezin dituzten familiak ere badaude.
Eragileekin bilerak antolatu dituzue eskualdez eskualde. Zertarako?
Eskualdeetako eragileak lanean zertan ari diren jakin, eta beren ekarpenak jaso nahi ditugu. Plana ez da plan itxia; dinamikoa behar du. Energia plana ez da aldundiaren plana, Gipuzkoako plana baizik. Horrez gain, erakundeen arteko koordinazioa, elkarren ezagutza eta trukea bultzatu nahi ditugu. Bileretara udalak eta garapen agentziak deitu ditugu. Ondoren, herritarrekin bestelako ekintzak egin nahi ditugu: tailerrak, sentsibilizazio kanpainak, jardunaldiak…
Egun zeintzuk dira energiaren gaian aldaketak egiteko oztopo handienak?
Zalantzarik gabe, Espainiak egin nahi dituen erreforma elektriko guztiak energia berriztagarrien sorkuntzari eta autohornidurari zailtasun gehiago ipintzeko erreformak dira. Eredu zaharrari eutsi nahi diote.
Eta energiaren kontsumoa bestelako begiekin ikusteko esperantza non dago?
Ingurumen, gizarte eta ekonomia ikuspuntuetatik egungo bidea ez da jasangarria inondik ere. Gero eta ageriagoa da eredu jasangarriago baten bideari heldu behar diogula.
Leave a Reply