Roke Akizu da (Soraluze, 1967) aldundiko Mendi eta Natura Inguruneko zuzendari berria. Bere departamentua baso sektorekoen eta ekologisten erdian ikusten du, baina “oreka mantentzen ahalegindu” behar dutelakoan dago.
Julian Unanueren kargugabetzea baso politiketako barne mailako desadostasunetatik etorri da?
Ez, ez dago desadostasunik. Baso politikak gobernuak markatzen ditu, eta denentzako garbi daude. Diputatuaren ardura da kargugabetzeena, baina ildo politikoa markatuta dago. Beste kontu bat da erritmoen eta ikuspuntu berrien gaia, eta hori nik hobeto egin nezakeelakoan aldatu da kargua. Dena den, garrantzitsuena hemendik agintaldi amaiera arteko lanak dira.
Jon Peli Uriguenek adierazi zuen Unanue motel ari zela aldaketak gauzatzen.
Aldundiko kideok apustu garbia egiten dugu bertako landaretzan oinarritutako ekosistemei duten balioa aitortzeko. Horretarako, guk kudeatzen ditugun lur publikoetan —nahiz eta batzuk udaletxeen esku egon— dauden 11.345 hektareatan eraldaketa bat egitea nahi dugu. Bertan landatutako espezie exotikoetatik bertako espezieetarako aldaketa egin nahi dugu. Hori orain arte erritmo batean egiten zen, eta orain hamar urtetarako plangintza zehatzak markatu ditugu. Aurten eta datorren urtean, esaterako, urte bakoitzean mila hektarea inguru eraldatu nahi ditugu. Beste gauza bat da mendi pribatuetan egin beharrekoa. Aldapa handiko lursailetan eta baldintza klimatologiko desegokietan egurra ateratzea saihestu nahi dugu, lurra babestea ezinbestekoa delako. Hor irizpide batzuk ezarriko ditugu egurra baldintza egokietan ateratzen dela bermatzeko.
Horiek dira Larraitz Ugartek aipatutako baso politikako aldaketak?
Hori gobernuaren irizpidea da, eta bere horretan ez da aldatzen. Aldatuko dena urratsen planifikazioa da, aipaturiko hektarea horiek bertako landaretzara eraldatzeko prozesua denboran kokatu dugulako. Mendi pribatuetako basoen ustiapenean ezarri nahi ditugun irizpideek, agian, ekarriko digute foru arauen aldaketa edo dekretuen beharra.
Baso sektorekoen arabera, bioaniztasunak garrantzi handiegia du.
Bioaniztasuna zaintzea eta basoak errentagarriak izatea ez da kontrajarria. Baina errentagarritasuna ez da hektareako zenbat metro kubiko egur ateratzen den soilik. Kontuan hartu behar da ikuspegi soziala eta ekologikoa ere, eta hori bermatzeko beharrezkoa da bioaniztasuna ere kontuan hartzea, eta administrazio publikoak badu ardura hori.
Ekologisten ustez, aldiz, ez da etorri Bildurekin espero zuten aldaketa.
Uste dut gauza batzuk egin direla, bertako landaretza sustatzeko diru laguntzak igo egin dira, eta azken urteetan pista berriak zabaltzeko lanak ez dira finantzatu. Aurten, ez fumigatzeko erabakia ere hartu dugu. Aldaketak egin dira, agian, ez eurek espero zuten erritmoan. Gu erdian gaude, eta oreka mantentzen ahalegindu behar dugu, bi aldeek diotena kontuan hartuta ados jarri ahal izateko.
Posible al da errentagarritasuna eta ikuspegi ekologista uztartzeko politikak egitea?
Bai, posible da. Bioaniztasuna kontuan hartzen ez bada, errentagarritasuna antzua dela uste dut; beraz, guztia kontuan hartu beharra dugu politikak egiteko orduan. Uste dut lortuko dugula baso kudeaketa duin eta indartsua egitea.
Leave a Reply