12 eta 16 urte bitarteko 225 ikaslek hainbat proposamen egin dituzte Donostia hiri berritzaileagoa izateko helburuz. Innobasque berrikuntzaren euskal agentziak antolatuta, Donostiako bost ikastetxetako ikasleak gora bildu ziren asteartean TrainINN Lab deitutako berrikuntza tailerrean. Kursaalean egindako saioan, bost enpresak aurkeztutako erronkei konponbidea topatzen saiatu ziren ikasleak. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak jaso zituen haien proposamenak.
Tailerraren helburua da nerabeak zientziara, teknologiara eta berrikuntzara gerturatzea. Sorkuntza, talde lana, komunikazioa eta kontakizun digitala landu zituzten, beste gaitasun batzuen artean. Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea, Surf City Donostia, Lagun 24, Ikasplay eta Enea enpresek proposatu zizkieten erronkak ikasleei. Donostiako Sustapenak gidatzen dituen klusterretako kide dira bost enpresak, eta helburu dute hiriarentzako garapen ekonomiko iraunkorra bultzatzea, Donostiako Ekonomia Sustatzeko 2014 Planaren barruan.
Ikasleek aukera izan zuten inguruko enpresen eta elkarteen errealitatea ezagutzeko, baita beste ikastetxe batzuetako ikasleekin batera lan egiteko ere. Askotariko esparruetako erronkak landu zituzten gazteek. Eman beharreko pausoak eman ondoren, hainbat proposamen egin zituzten, hiria hobetzeko asmoz.
Bost erronka, bost irtenbide
Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, adibidez, sagar muztioaren inguruko erronka aurkeztu zien. Produktu berri bat egin nahi du elkarteak, eta jakin nahi zuen nerabeek nolako muztioa egingo luketen edo nola salduko luketen. Gazteek diseinuko ontzi bat egiteko aholkatu zieten, produktua erakargarriago izan dadin.
Itxaslehor enpresak planteatu zien ea nola hobetu daitekeen surflarien eta bainularien arteko bizikidetza Zurriola hondartzan. Tailerreko parte hartzaileek aholkatu zioten hondartza banatzeko. Ikasplay enpresaren helburua, berriz, udalaren eta donostiarren arteko komunikazio zuzena sustatzea da. Horretarako, mugikorrentzako aplikazio bat sortuko lukete nerabeek, eta herritar helduagoentzako aldizkari bat ere kaleratuko lukete.
Horrez gain, Enea enpresari proposatu zioten olatuen energia baliatzeko herritarrentzat energia ziurtatzeko, azpiegitura berriak sortuz. Lagun 24 elkarteak, azkenik, jakin nahi zuen Donostia nola bihurtu turismo leku erakargarri mugitzeko gaitasun mugatua dutenentzat. Gazteen iritziz, hori lortuko litzateke enpresa baten bidez pertsona horientzako jarduerak antolatuz gero.
Asteazkenean beste berrikuntza tailer bat egin zuten. Han, helduagoek parte hartu zuten: Lanbide Heziketako eta unibertsitateko laurehun ikasle inguruk.
Leave a Reply