Pilotako II. Ogi Berri Migel Soroa Txapelketako finalak bihar jokatuko dira, Tolosako Beotibar pilotalekuan, 17:00etan hasita. Hamabi finalistetatik zazpi gipuzkoarrak dira.
Elduaingo Migel Soroa pilotari ohiaren oroimenezko txapelketa urtarrilean jarri zuten martxan, eta hiru mailatan banatu dute. Gazteetan, Laso-Martinez eta Peña-Martija bikoteak iritsi dira finalera. Jon Ander Peña tolosarrak etxean jokatuko du, beraz, afizionatuen mailako txapelketa garrantzitsu honetako azken partida. Azken denboraldian eta txapelketan bertan, sekulako gorakada izan du Peña gazteak. Finalaren atarian egindako adierazpenetan, tolosarrak adierazi du eskuinarekin konfiantza hartzen hasia dela, lesioekin hainbat arazo izan ondoren. Aurkarien artean, Lasoren jokoa da nabarmentzekoa. Nafarrak eskuinarekin oso-oso bizkor astintzen du pilota, eta ikuskizuna eskaini du orain arteko partidetan.
21 urtez azpikoetan, Dario-Erasun eta Labaka-Imaz izango dira lau protagonistak. Jon Erasun zizurkildarra da; 17 urte besterik ez duen arren, helduagoen aurka ari da jokatzen, eta hori nabaritu egiten da frontoian; kolpeari dagokionez, batez ere. Hala eta guztiz ere, dohain handiak ditu. Horren erakusgarri da finalera sailkatu izana. Oso pilotari segurua da, eta ia ez du pilotarik galtzen. Gainera, haren esanetan, helduagoen aurka jokatzeak are gehiago motibatzen du. Zizurkildarrak Dario errioxarra izango du lagun aurrean: ez da nolanahiko pilotaria hura ere, bi enpresa nagusiak baitaude haren ibilbideari adi. Eskuin eskuarekin kolpe bikaina du.
Finalean, Erasunen eta Darioren aurkariak gipuzkoarrak dira: Eneko Labaka albizturtarra eta Ander Imaz oiartzuarra. Bikote horrek ezustekoa eman du; izan ere, txapelketa behe-behetik hasi, eta finalean sartzea lortu dute. Tolosaldeko aurrelaria joko bolada onean dabil; defentsa ona du, eta, gainera, asmatzen ari da tantoa bukatzeko garaian. Ander Imaz, berriz, txapelketako atzelaria izan da orain arte; ikusleen artean zeresan handia eman du oiartzuarrak. Eskuinarekin jotzen duenean, abiadura izugarria hartzen du pilotak. Oso bikote orekatua osatzen du Labakarekin batera.
Aurreko ligaxkan bi bikote horiek elkarren aurka jokatu zuten, eta orduan 22-19 irabazi zuten Dariok eta Erasunek. Oraingo honetan, ordea, desberdina izango dela uste du atzelari zizurkildarrak: “Labaka eta Imaz joko puntu hobean iritsi dira finalera”.
Nagusietan ere partida estua espero da. Hiru gipuzkoar iritsi dira finalera: alde batetik, Iñaki Artola —Gorriti izango du lagun—, eta, bestetik, Arrieta eta Arratibel. Hirurak ere sasoiko daude, eta, berriz ere, txapelketa guztian erakutsi dute afizionatuetan oraingo pilotari onenetakoak direla. Beotibarrera joandako pilotazaleek bertatik bertara ikusiko dituzte bataren eta bestearen dohainak.
Artola alegiarra afizionatuetan dagoen pilotaririk onenetakoa da. Azken urteetan txapelketa ugari irabazi ditu; jauzia emateko zain, txiki geratu zaio maila. Bikotearen pisua berak eramaten du, baina Gorriti atzelariarekin gustura dabil: “Gutxi galtzen duten atzelariekin oso eroso sentitzen naiz, eta Gorriti esperientzia handiko pilotaria da, segurua”. Oso bikote indartsua osatzen dute gipuzkoarrak eta nafarrak, eta txapela irabazteko faboritoak dira.
Aurkariak, ordea, defentsa handiko pilotariak dira; batez ere, Arrieta aurrelaria: hernaniarra punta-puntako pilotaria da, eta hari tantoa sartzeko, pilota zehaztasun handiarekin mugitu beharko dute aurkariek. Arratibel ataundarrarekin osatzen du bikotea Arrietak. Atzelaria eskuetako arazoekin ibili da azken urteetan; klase handiko pilotaria da, hala ere, eta, defentsaz gain, tantoa amaitzeko ez du bitan pentsatzen, aukera duenean.
Pilotazale asko Beotibarren
Tolosako Beotibarren pilotazale ugari elkartu da txapelketa guztian, eta pilotariek nabaritu dute. Iñaki Artolaren esanetan, kanpotik etorri diren pilotariak “harrituta” gelditu dira, harmailetan egon diren giroarekin. Alegiarraren esanetan, jendea etorkizuneko pilotariak ikusteko gogoz inguratu da Beotibarrera.
Jon Erasunek sentsazioen inguruan hitz egin du ikusleen gertutasuna azaltzean. Zizurkildarrak dio kuslerik gabe edo ikusleekin jokatzea ez dela gauza bera, eta jendearen animoak eta laguntza eskertzekoak direla.
Jon Ander Peñak etxean jokatu du txapelketa, eta finala ere horrela jokatuko du. Euren mailan aurkari gogorrak izan dituztela dio, eta hasieran ez zutela espero finalera iristea. Helduagoei begira egoteko aukera ere izan du Peñak, eta goi mailako txapelketa izan dela uste du.
Antolatzaileak tolosarraren iritzi berekoak dira, eta oso gustura daude orain arte ikusitakoarekin. Anizeto Lazkano tolosarra buru-belarri ibili da partidak antolatzen eta koordinatzaile lanetan. Finalean sartu diren pilotariekin oso gustura dago, eta kanpoan gelditu direnek erakutsita- koarekin ere bai. Kantxan ikusitakoaren balantzea positiboa baldin bada, zer esanik ez harmailetan ikusitakoarena. Lazkanok nabarmendu du hasieratik jendearen erantzuna “oso ona” izan dela. Finalean ere beste horrenbeste izatea espero du.
Leave a Reply