Pasaiatik Australia aldera joko du ontziak, Herbehereetatik pasatuta

Pasaiako geldialdia bukatuta, Australia aldera joko du Zoroen Ontziak 2016an. Baina lehenengo sorterritik pasatuko da, Herbehereetatik. Izan ere, urte horretan 500 urte beteko dira El Bosco margolari ezaguna hil zela, eta Europako herrialde horretan hainbat ospakizun egingo dituzte horren harira. August Dirks kapitainak han egon nahi dutela azaldu du. “El Boscok egin zituen lanen artean, ezagunenetakoa da Zoroen ontzia izeneko bat. Hau da, ontziaren berpizkunde antzekoa izango da”. Horren harira, Mundua alderantziz izeneko ikuskizuna prestatzen ari dira propio, Herbehereetan antzezteko.

Eta Europa iparraldetik, Donostiara itzuli, eta Australiarako bidea hartuko dute. Herbehereetako itsasoko tradizioaren partaide sentitzen dira Azart ontziko nabigatzaileak, eta bide zaharrak erabiliz Ozeania aldera joateko asmoa dute euren egitasmoaren bide orriarekin jarraitzeko. Dirksen arabera, Australiara iritsita, barkutik jaitsi eta herrialde osoa lurretik zeharkatuko dute: “Zoroen Ontzia berez ez zen izan ontzi bat, gurdi gurpildun bat baizik. Denborarekin egokitu egin dugu. Horregatik zeharkatuko dugu Australia gurdiarekin, basamortutik, kolorea zabalduz”.

Pasaiatik, Gipuzkoatik joango dira bi urte barru, baina bertan utziko duten arrastoa ez da nolanahikoa izango.

Leave a Reply

Your email address will not be published.