Ostiral gaueko hamaikak dira. Zutabe honek atzo arratsalderako bidalia behar zuen, baina astelehena arteko amnistia eskatu behar izan diet goizean Andoaingoei. Euria ari zuen nire erraietan asteazkenaz geroztik, aspaldi bota gabeko euri jasa nabari nuen nire baitan. Oso irristakor sentitzen nituen oinak pauso bakar bat emateko, begirada lausotuegia ezer taxuz ikusteko.
Astea oskarbi abiatu nuen, bakean. Igandean Annerekin itzuli nintzen Pragatik Berlinera trenez. Aspaldiko bost ordu gozoenak izan ziren. Jannowitzbrücken metrotik jaitsi, eta urruntzen ikusi nuen haren bagoia, haren jertse zuria. Inor ez zebilen geltokian, eta eskailera mekanikoak dantza inozo batean jaitsi nituen beheko solairura, etxera eramaten nauen U8 lineako nasara.
Asteazkenean etxetik pasako zela agindu zidan. Poztu egin nintzen, lehenago ezin izango zuela esana zidalako. Sezerren marrubi tarta probatzera eraman nuen, ez zuen ezagutzen. Iritsi zenetik antzeman nuen ezeroso zebilela, eta metrora lagundutakoan zapla bota zidan. Ez dut honekin aurrera jarraitu nahi. Ez nion zergatik galdetu. Zertarako, hori larritua zeukana koitaduak. Orduan sumatu nituen lehen euri tantak barrunbean. Zirimiria bakarrik zen oraindik; segituan pasako da, engainatu nuen neure burua.
Ostiral gaueko hamaikak dira. Behingoz ateri dagoela nabaritu dut, baina zaparrada ez da nolanahikoa izan. Hiru egunetako uholdearen kalteak neurtu berri ditu perituak; pasa dit txostena. Egoa txiki-txiki eginda daukazu, ikusi noraino igo den ura. Baina egoa aseguratu gabe zeneukan, sentitzen dut.
Bi aste baino ez dira pasa nik inola ere espero gabe afaltzera gonbidatu ninduenetik. Bi aste horiek nahikoak izan ditu gosea galtzeko. Annek ekarritako lainoak bakarrik ez ziren gai izango, hala ere, nire barruan halako ekaitz perfektua eragiteko.
Mariekek lehenago bidalitako hodeiak ere batu zaizkie, ordea, trinkoak eta beltz-beltzak, hura ere segituan aspertu baitzen nirekin lakura bizikletarekin joateaz. Zergatik gogaitu zineten hain azkar. Bien erantzunekin nire egoa onik litzateke oraindik, beharbada, baina nahiago izan dut ez galdetu eta trumoiak baretu arte itxaron, blai. Bularra zanpatzen didan denboralea nondik datorren asmatu ezinik. Ondoegi jakinda.
Ostiral gaueko hamaikak dira. Bowieren Sound And Vision atera dut itsu-itsuan. Aterki moduan erabili izan dut beti abestia, baina oraingoan enbatak azkar okertu eta birrindu du guardasola. Diskoa aldatu dut bizkor. Ulertzekoa da. Schönebergen idatzi zuen Sound and Vision Bowiek. Eta Anne Schönebergen bizi da, eta gainera mezua bidali berri dit.
Bera ez omen da irtengo, baina ea nik ostiral gauerako plan dibertigarririk ba ote daukadan. Artikulua behingoz bukatzeko asmoarekin nabilela erantzun diot, eta ea zertaz ari naizen galdetu dit, modu nahiko maitagarrian. Egia erantzun diot, nire egoaz, ezingo nuke beste ezertaz idatzi oraintxe bertan. “OK, ulertzen dut”, whatsapp-ak piztu du telefonoa. Euria ari du berriz, goian behean, eta ez daukat non ezkutaturik. Zutabea behingoz bidaltzeko moduan nagoela uste dut behintzat.
Leave a Reply