“Bezeroekin hurbileko harremana izatea gustatzen zait”

Aitarengandik datorkio bizikleta salmentaren inguruko lanbidea Nagore Elorzari (Azkoitia, 1973). Bere aitak duela 30 urte hasi zuen lanari gogor eutsi dio Elorzak, ofizio eta ogibide bihurtuz. Dagoeneko, hemeretzi urte igaro dira Elorza Bizikletak dendan lanean hasi zenetik, eta, urte horietako guztietako eskarmentuarekin, bizikletak konpondu eta saltzeko beharrezko trebetasuna lortu du. “Urteetan izan dudan eguneroko jarduerarekin joan naiz ofizioa ikasiz. Bestalde, ikastaro batzuk ere egin izan ditut. Esaterako, duela gutxi Madrilen izan nintzen, bizikleta elektrikoen inguruko ikastaro batean”.

Pistako, mendiko zein paseorako bizikletak pertsonalizatu eta moldatzeaz gain, mota guztietako bizikletak konpontzeko tailer zerbitzua daukate Elorza Bizikletak dendan. Dendako sarreran bertan dute tailerra. Horrez gain, bizikletarekin lotutako hamaika zerbitzu ere eskaintzen dituzte. “Gurpiletako zuloak konpondu eta kanbioak erregulatzen ditugu batik bat”.

Bizikleta eskaintza handia dute dendan; mendikoak, paseokoak, pistakoak, hirikoak… Azkoitia inguruan aldapa dezente eta bizikletentzako bidegorri gutxi dagoenez, paseokoak baino gehiago, mendikoak saltzen dituzte: “Azkoitian, herri barruan, ez dugu bizikletentzat bidegorririk. Zumarragatik Azpeitira bidegorri bat dago, baina ez da herri barrutik pasatzen”. Horregatik, gehienbat kirola egiteko erosten ditu jendeak bizikletak. “Zarautzen, berriz, ohitura handiagoa dago bizikletan ibiltzeko, eta paseoko bizikleta gehiago ikusten dira”.

Bizikletez gain, osagarrien eskaintza zabala dute: arropa saltzen dute, betaurrekoak, lehian aritzen diren pertsonentzako elikadura berezia… Haurrak bizikleta atzean eramateko gerrikoa duten aulki bereziak ere eros daitezke Elorza Bizikletak dendan: “Umeak eroso joaten dira eserleku horietan, eta jendeak asko erosten ditu horrelakoak ere”.

Gainera, bizikleta estatikoak ere saltzen dituzte. “Horrelakoak udaberri aldera saltzen dira gehiago. Gainera, bikini operazioa deritzona izaten da garai horretan, eta bizikleta estatiko gehiago saltzen dira”. Elorzak azaldu duenez, etxetik kanpo ibiltzeko bizikletak udan saltzen dira gehiago, eta etxe barruan aritzekoak, udaberri edo udazken aldera. Horrez gain, Elorzak azaldu du spinning ikastaroetan aritzen direnek ere ikastaroaren ondoren bizikleta mota hori erosten dutela.

Zerbitzu pertsonalizatua

Bizikletak saltzean aholku pertsonalizatua ematen du azkoitiarrak, erosle bakoitzaren neurri eta beharretara egokitutako bizikleta aurkitzea baita haren ardura. Bakoitzaren kontzeptu estetiko eta funtzionalera egokitutako bizikletak aholkatzen dizkie erosleei. “Bezeroekin hurbileko harremana izatea gustatzen zait”.

Hala ere, Internetek saltzeko modua asko aldatu duela uste du Elorzak: “Lehen bezero gehiago etortzen ziren aholku bila; orain, jende askok Interneten ikusten ditu dauzkagun aukerak, eta, ondoren, horren bila etortzen dira zuzenean”. Herritarrei dagokienez, jende gehiago joaten da dendara. Kanpokoek, berriz, gehiago erabiltzen dute Internet bizikletak erosteko.

Bezero aldetik, adin guztietakoak joaten zaizkie, eta lan gehiena uda partean izaten dute: “Eguraldi ona hasten denean izaten dugu lan gehien, uda hasieratik irail amaierara arte, gutxi gorabehera. Jende gehiena orduan ateratzen baita bizikletan ibiltzera”. Gabonetan ere, seme-alabentzako bizikletak erostera hainbat guraso joaten dira Elorzaren dendara, eta orduan ere izaten du nahiko lan.

“Bezero gehienek prezioari eta kalitateari begiratzen diote bizikleta erosterakoan”; baina dotoreziari, oinarrizko funtzioei eta bestelako prestakuntzei ere begiratzen diete. Conor markako bizikletak erabiltzen dituzte gehien Azkoitiko dendan. Hemengo marka da, eta ezaugarri jakin batzuetako bezeroek erosten dituzte bizikleta horiek. Horrez gain, Alemaniako Stevens eta Orbea markak ere erabiltzen dituzte, besteak beste. Bezeroak eskatutako bizikleta bereziak ere egiten ditu Elorzak. Hau da, erosleak eskatutako eserlekua, heldulekua, gurpilak edo nahi duena jarriz osatzen ditu bizikletak: “Muntatze bereziak ere egiten ditugu; azken batean, bezeroak agintzen du, eta nahi duena eskaintzen diogu”. Bizikletak fabrikatik muntatuta etortzen dira, eta, batzuetan, bezeroek gurpilak edo bestelako piezaren bat aldatu nahi izaten diote bizikletari, Elorzak azaldu duenez.

Kaskoa janztea derrigorrezkoa da 16 urtetik beherakoentzat, herritik kanpo. Herri barruan, aldiz, ez da derrigorrezkoa. Elorzak azaldu duenez, herri txikietan zaila izaten da herria noiz bukatzen den jakitea, eta, beraz, ez da erraza kaskoa noiz jantzi behar den eta noiz ez jakitea. “Batzuk ohituta daude kaskoarekin; beste batzuk, ordea, ez, eta oso arrotza egiten zaie kaskoa eraman behar izatea. Baina, pixkanaka, jendeari ari zaio buruan sartzen kaskoa jantzi behar dela”.

Bizikleta elektrikoak, modan

Bizikleta elektrikoak geroz eta gehiago erabiltzen dira, Elorzaren arabera: “Azken urteetan, bizikleta elektrikoen erabilerak gora egin du”. Bizikleta elektrikoak material aldetik eta konposizio aldetik ere asko hobetu direla esan du. “Gaur egun, bizikleta elektriko gehienek bosch sistemaren bidez funtzionatzen dute, eta oso ongi ibiltzen dira. Orain arte oso ongi funtzionatu dute horrelako bizikletek. Ez digute arazorik eman, eta, arazorik izanez gero ere, ikastaroak egin ditugu, eta prest gaude arazo horiei aurre egiteko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.