Banaketen eta dibortzioen kopuruak gora egin zuen iaz ere; hala esan du Agipase Gipuzkoako Guraso Bananduen Elkarteak, iazko balantzearen berri ematean. Elkarteak gero eta jende gehiagori ematen dio zerbitzua, eta banandu nahi duten bikote eta bananduentzako programek gero eta harrera hobea dute. Iaz, denera, 2.050 pertsonari eman zioten zerbitzua Gipuzkoako elkartean.
2012tik 2013ra bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoan %1,6 igo dira banaketak eta dibortzioak: 2012an, 4.649 izan ziren, eta, iaz, 4.723. “Beti uste izan da krisiaren eraginez banaketa eta dibortzio gutxiago izaten dela, baina datu horiek kontrakoa erakusten digute”, azaldu du Oihana Arruti Agipaseko gizarte langileak.
Askotan, krisi ekonomikoak eta langabeziak okerreko eragina dute familia giroan. “Ekonomia aldetik jendea ez dago ondo, eta egoerak okertzen ari dira. Azkenean, horrek familia giroa gaiztotu egiten du. Pertsonak emozionalki okerrago daude, eta gutxiago aguantatzen dute. Familia bat sendo ez badago, krisi ekonomikoaren eraginez edo langabeziak jota, azkenean familia hautsi egiten da”.
Urtetik urtera goraka doa banandutako bikoteen kopurua. Gainera, gero eta kasu gehiago dira liskarrengatik auzitara jotzen dutenenak: iaz, 2012an baino %1 gehiagok jo zuten auzitara. “Iaz, beste behin gora egin zuten auzitara jo zutenen kasuek. Azkenean, testuinguru guztia kontutan hartuta, laugarren urtea da banantzeko auzitara jo duten bikoteen kopuruak gora egin duela. Izan ere, kasu askotan, akordio legalak egiteko orduan egoera ekonomikoa da oztopo handiena”.
Aurretik aipatutako datu horiek kontuan hartuta, Agipasek eta beste elkarte batzuek ematen dituzten zerbitzuak eta programak indartu beharra dagoela dio: “Zerbitzu eta programa horiek momentu honetan oso garrantzitsuak dira, elkartera datozen familiak oso gaizki etortzen baitira”. Hainbat programaren bidez zerbitzu asko eskaintzen dituzte Agipasen: oinarrizko laguntza, laguntza psikologikoa, familia bitartekaritzako zerbitzua, lege laguntza, familiaren erantzukizunerako orientazioa, aisialdiko ekintzak, teknologia berriak eta premia larria duten gizonezkoentzako etxea, besteak beste. Iaz, Agipasen lagundutako 463 kasu berriak izan ziren. Horretaz gain, oinarrizko laguntzari buruz galdetuz, 2.711 telefono dei jaso zituzten, eta 65 lagunek posta elektronikoaren bidez jo zuten elkartera.
Eskaera gora, emaitza onekin
Agipasek eskaintzen dituen zerbitzuetatik, azken urtean familiaren erantzukizunarekiko orientazioak izan du eskari gehien: 426 pertsonak hartu dute zerbitzua. “Honen bidez, banantzeko dauden bikotekideei jarraibide batzuk ematen dizkiegu. Dibortziatzeko lege akordio batzuk egin behar dituzte, baina dibortzio bat hori baino gehiago da, alderdi emozionala ere ondo landu behar da. Zerbitzu horren bidez, besteak beste, gurasoekin lantzen dugu umeei zer eta nola esan. Azken batean, banaketa baten ondoren sortu den familia horrek ondo nola funtzionatu behar duen lantzen dugu”.
Banantzeko erabakia hartutakoan guraso askok izaten duten kezka nagusia haurrei nola eragingo dien izaten dela dio Arrutik: “Askotan, banandu behar duten bikotekideak beldur izaten dira seme-alabei nola eragingo dien. Baina hori landu daiteke, eta horretan laguntzen dugu hemen”. Zerbitzu hori jasotzen duten bikoteen kopurua urtetik urtera igotzen ari da; “orain dela bost urteko datuekin konparatuz gero, igoera nabarmena da”.
Horrelako ikastaroak ere garrantzitsuak eta beharrezkoak direla uste du Arrutik: “Gaur egun badaude gaia lantzen duten ikastaroak, udalek edota beste erakunde batzuek antolatuta, baina justu ez daude dibortzio krisi bateko testuinguruan espezializatuak”.
Agipasen ematen duten zerbitzua ez da berria; AEB Ameriketako Estatu Batuetan aspalditik lantzen dituzte banatutako gurasoeintzako ikastaroak: “AEBetan urte asko daramatzate horrelako zerbitzuekin, eta, gainera, han dibortziatu nahi dutenek kasu askotan derrigorrez egin behar dituzte era horretako ikastaroak. Hemen, horrelakoekin hasiberriak garela esan daiteke, eta antzematen da. Hemen banandu nahi dutenak askotan oso galduta sentitzen direlako”.
Zerbitzu hori jaso ondoren akordioen %80 zaintza partekatuarekin egin direla nabarmendu du Agipaseko gizarte langileak: “Ondoren, elkarteko kideok jarraipen bat egiten dugu, eta ondo egindako zaintza partekatuak direla ikusi dugu; haurrak oso ondo daudela ikusten da, baita gurasoak ere. Zerbitzuak emaitza onak ematen ditu, funtzionatzen du, eta proba hor dago”.
Zaintza partekatua legeztatzeko eskatu dute, beste behin, Agipasekoek. “Ez dakigu zergatik, baina momentu honetan zaintza partekatuaren legearen kontua etenda dago. Ez gara gu bezalako elkarteak bakarrak ari zaintza partekatua legeztatzeko eskatzen, Eusko Jaurlaritzak egindako txosten batean ere nabarmendu baita euskal gizartea zaintza partekatuaren alde dagoela”. Txosten horren arabera, EAEko biztanleen %82 zaintza partekatuaren legea onartzearen alde daude, eta %7, kontra. “Itxoiten ari gara; ez dakigu noiz arte, baina gizartea eskatzen ari da”.
Lege laguntzaren zerbitzua da erabiltzen den beste bat. Agipasek lau abokatu ditu zerbitzua eskaintzeko: “Denek bitartekari lana egiten dute, eta lege aholkularitza eskaintzen dute”. Banandu behar dutenek askotan oso galduta daudelako jotzen dute Agipasera: “Aurren-aurrena, hainbat kontu argitu behar zaizkie: zaintza partekatua zer den, guraso agintea zer den… Galdera horiei guztiei erantzun ondoren, nondik nora jo dezaketen eta zer egin behar duten azaldu behar zaie”.
Krisiaren eragina, gogorra
Agipaseren arabera, krisi ekonomikoak nabarmen eragin du dibortziatuengan. Eta banaketa bideratzea ordaintzeko dirurik ez dutela esanez ere jotzen du jendeak elkartera, “orduan, doako justizia eskatzen dute, eta doan abokatu bat izateko aukera dute”. Baina auzitegietako kontua oso motel joaten da askotan, eta bitartean Agipaseko abokatuaren bidez bideratzen dute, orientazioa eta hitzarmena landuz.
“Krisiak gogor jo ditu banandutako pertsonak, baita horien seme-alabak ere. Horregatik, banantze pentsioa ordaintzen ez dutenen kasuak gehitzen ari dira, baita etxebizitza duin bat ez dutenenak ere”, salatu du Agipasek. Horregatik, alokairu sozialeko etxebizitzen eta banantze pentsioa ordaindu ezin dutenentzako gizarte funts baten beharra aldarrikatu dute.
Premia larrian dauden banandutako gizonezkoentzako etxebizitza bat badu martxan Agipasek. Errenterian dago, bertako udalarekin egindako hitzarmen bati esker. “Momentu honetan beteta dago etxea, eta horren bidez zerbitzua egoki eman dezakegu. Seme-alabentzako ere egokitua dago; hala, aitarekin egon behar dutenean bertan egon daitezke”.
Agipasek aurtengo erronka eta helburuak ere jarriak ditu. Zerbitzuak indartzearekin batera, familiaren erantzukizunaren gaineko orientazio zerbitzuari buruzko ikerketa bat egingo dute. “Zerbitzuaren emaitzak guk egunero ikusten ditugu, baina ikerketaren bidez datu zehatzak bildu nahi ditugu”. Horrez gain, Kidetzak antolatuta, jardunaldi batzuk egiteko asmoa dute uda ondoren, Gasteizen. Baina oraindik zehazteko dute landuko duten gai zerrenda.
Leave a Reply