Hondarribiko Herri Olinpiaden bigarren aroa hasi da. 1980ko hamarkadan herri horretako gazte talde batek abiatutako egitasmoak espero ez zuen arrakasta lortu zuen, herri bati arnasa eman zion. 1990eko hamarkadan, baina, itzali zuten zuzia. Eta aurten, Hondarribiko Gazte Asanbladaren ekimenez, eta herriko hainbat kuadrillen ilusioarekin, aurrera atera dituzte berriz ere. Berriz ere Hondarribiko gazteriak hartu du lekukoa, eta hogei kuadrilla inplikatu dira kiroletik askoz harago doan egitasmoan. Ehunka dira, hortaz, olinpiadekin bat egin duten hondarribiarrak.
Olinpiaden bi saio egin dituzte jada. Azkena hilaren 13an izan zen, eta lehena, martxoaren 29an; egun horretan inaugurazio ekitaldia egin zuten, eta hasteko irrikaz zeuden kuadrillek harrera egin zioten parte hartzea, elkar ezagutza eta auzolana helburu dituen jarduerari. Zuzia egungo olinpiadetako antolatzaileek eta 1980ko hamarkadan abiatu zutenek eraman zuten. Izan ere, aurreko jokoen aroa ez dute ahaztu egungo antolatzaileek, eta lehen eguna baliatu zuten haiei gorazarre egiteko. Orduko taldeetatik bakarra parte hartzen ari da egungo jokoetan.
Bi eginak, bi faltan
Bi saioetan giroa oso ona izan da. Lehiatik harago, Hondarribiko 200 gazte elkarrekin ikustea nabarmentzekoa da, eta are garrantzitsuagoa da jakitea denen artean antolatzen ari direla dena: jokoak, olinpiaden abestia nahiz telebista ofiziala. Baina traba bat aurkitu dute, udalean: Madalen plazan egiten ari dira probak, Hondarribiko Udalak San Pedro kalean horiek egitea eragotzi duelako.
Bi saio falta dira olinpiadak bukatzeko, hilaren 27koa eta maiatzaren 10ekoa. Azken egun hori baliatuko dute herri bazkaria eta ikuskizuna egiteko. Horretara, parte hartzen ari diren gazteez gain, hondarribiar asko joatea espero dute antolatzaileek, aro zaharreko jokoen amaierako ekitaldiaren antzera.
Leave a Reply