Hiru hamarkada plazaz plaza

Euskal Herriko plazetan giroa jartzen adituak dira Drindots taldekoak. Kilometro ugari egin dituzte errepidean festarik festa, batera eta bestera; eta bidean jarraitzen dute oraindik. Taldea sortu zutenetik aldaketa ugari izan badituzte ere, helburua bera da: gazteak dantzan jartzea.

Plazen artean bat aukeratzekotan Lazkaokoarekin geldituko lirateke Drindotseko musikariak, zalantzarik gabe. Gaur bertan emango diote denboraldiari hasiera bertako jaietan. Hiru hamarkadaren ondoren, “berezia” da oraindik beraientzat etxean jotzea. Hala dio behintzat Jon Urdangarin taldeko kideak. Taldearen historiari errepasoa emateko Gipuzkoako Hitza-ren gonbita onartu du Urdangarinek.

Gustuko bidean

Egan, Joselu Anaiak… badaude hamarkada luzeen ondoren jotzen jarraitzen duten taldeak, asko ez badira ere. 1981ean sortu zuten Drindots taldea, “Realak liga irabazi zuen urtean”. Plazetan hasi eta ondoren euren musika egiteko asmoarekin jaio ziren, nahiz eta pausu hori ez duten eman. Maritxu edo Ebamirentxu dituzte egindako bertsio ezagunenetako bi. Nahiz eta atzetik beste asko etorri diren.

Kideak aldatu diren arren, taldearen izaerari eutsi egiten diote: “Gure asmoa zen gazteentzat jotzea, eta helburu berarekin jarraitzen dugu. Jendea dantzan jarri nahi dugu”. Luze irauteko sekretua zein den galdetuta,berriz, gakoa “egiten duzun hori gustukoa izatea” dela dio Urdangarinek. Txikitatik ezagutu du erromerien mundua berak. Ama hernaniarra izanda Tilosetan igandero ikusten zituen musika kontzertuak. “Txikitatik ikusi izan dut; atzerriko musika ere horrelako taldeen bidez ezagutu nuen”.

Musikari ugari pasa dira Drindots taldetik, baina, Urdangarin bera da sortu zenetik gaur arte jarraitzen duen bakarra. Azken lauzpabost urtetan beste lau musikarirekin batera osatzen du taldea; Fredi Pelaezekin, Beñat Barandiaranekin, Jon Arruti Tuti-rekin eta Joxean Floresekin, hain justu. Irakasleak dira guztiak; Urdangarin euskarakoa, Lazkaoko Maizpiden dabil zuzendari lanetan, eta musikakoak gainontzekoak. “Musikari bikainak dira, eurekin zer egiten ote dudan galdetzen diot askotan nire buruari. Plazer bat da beraiekin aritzea”.

Orain urte batzuk ia lanbide izan zen Urdangarinentzat Drindotsen aritzea. Gaur egun, ordea, kide guztiek dute euren lana. Bakoitza berean arituta ez dute denbora libre askorik izaten; edonola ere, asteburua iritsi eta taldearekin aritzea “egunerokotik ihes egitea da” eurentzat, “aire freskoa”.

Elkarlanean

Lazkaon hasiera emanda, 40 bat kontzertu izango dituzte hemendik urrira bitartean. Lehen ia urte osoan jotzen zuten; orain, ordea, apirilean hasi eta urrira bitartean aritzen dira. Urterik onena 1992koa izan zuten Urdangarinen ustez, 119 kontzertu egin baitzituzten.

Euren helburu nagusia gazteentzat jotzea izan bada ere, urteetako esperientziak erakutsi die abestiak plazan bildutako jendearen arabera moldatzen. Musikariak aitortu duenez, denboraldi hasieran errepertorioa prestatzea ez dute lan erraza izaten. Ondo aukeratu behar izaten dute zer jo: “Momentu honetan euskarazko abesti arrakastatsu askorik ez dago. Lehen Aitormena jo eta mundu guztia kantuan jartzen genuen. Baina orain, kosta egiten da horrelakoak bilatzea”.

Jaiak, oholtza gainetik

Herriko jaien bilakaeraren lekuko zuzenak izan dira Drindots taldekoak. Nafarroan jo izan dute gehien, Etxarri-Aranatzen, esate baterako. Bizkaian eta Araban ere bai, eta Gipuzkoan eta Ipar Euskal Herrian gutxiago. Urdangarinek ez daki ziur esaten gaueko giroa aldatu den, edo musikariak eurak diren aldatu direnak. “Orain 25 urte jotzera joaten ginenean, jotzea eta parranda egitea ia gauza bera zen. Gaur egun ez da horrela, ez dugu parrandarik egiten”.

Urte askoan festa plazetatik tabernetara joan dela ikusi dute, plazak ia hutsik gelditzeraino. Berriro ere kontrakoa gertatzen ari dela iruditzen zaie, ordea. Gazteek botelloia egiten dutenez, kalean gehiago egoten dira. Izan dituzte herriak, Basauri kasu, plaza gaztez leporaino beteta izan dutena botelloia-ren aitzakian. “Jotzen genuen bitartean dantzan egiten zuten, gure atsedenean eserita jartzen ziren, eta ondoren berriz festara”. Festak galtzen ari ote diren galdetuta, ezezkoa dio Urdangarinek. “Agian, herri txikietan nabarituko da gehiago. Autoa hartu behar duzuenean, alkoholemia kontrolak-eta izaten direlako… Bizkaian, adibididez, metroa iristen den herrietan gazte asko mugitzen da, han ez dute arazorik”.

Hiru hamarkadaz anekdota eta kontakizun ugari bildu dituzte Drindotsekoek. Liburu bat egitea ere pentsatu izan dute behin baino gehiagotan, eta izenburua ere badute. Bitxikeria gisa, abesteko hizkuntzarekin gertatu zaiona nabarmendu du Urdangarinek. Izan ere, lehen ingelesezko abestietan paragrafo bakarra ikasi eta errepikatuta nahiko izaten omen zuen, eta orain ezin du horrelakorik egin: “Gazteek letra guztiak dakizkite!”. Gogoan du, baita ere, duela urte asko Lizarran (Nafarroa) gertatutakoa. Tabernari batek udaltzain batekin joan eta bolumena jeisteko agindu zien. Musikariek udalak antolatutako ekitaldia zela eta ez zutela jaitsiko esatean, iskanbila izan zuten udaltzainekin.

Etorkizunera begira

Halabeharrez, ordu asko pasatzen dituzte elkarrekin. “Herri batera joan, trasteak jarri, jo, umoretsu egon, jaso eta bueltan etorri. Etxetik irtetzen garenetik itzultzen garenera hamabi edo hamalu ordu pasatzen dira. Garrantzitsua da elkarrekin ondo moldatzea, ondo aterako bada. Guk, egia esan, beti egin izan dugu hori, eta oraingoek ere oso ondo egiten dugu”.

“Urte onetan” lau diska grabatu zituzten Drindotsekoek. Oraingo taldekideek ere buruan darabilte zerbait egitea. Urdangarinek zalantza du, ordea, orain zentzurik ba ote lukeen diskoa grabatzeak. “Gure taldekide Fredi Pelaezek grabaketa estudioa du, beraz, ez genuke arazorik izango. Hala ere, egitekotan zerbait txukuna egingo genuke, eta ez daukagu denbora askorik”. Taldeak herriz herri noiz arte jarraituko duen esaten ez daki abeslariak. “Nik utziko banu ere, gainontzekoek jarrai dezaten nahiko nuke”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.