Aurreko olinpiadetako kide batek eta egungo Hondarribiko Gazte Asanbladako beste batek piztu zuten 2014ko Hondarribiko Herri Olinpiadei hasiera eman zien sua. Emakume baserritarrez jantzita sartu ziren Santiago kalean Xinboren Alkain (Hondarribia, 1963) eta Ibinka Lete. Duela ia 25 urte egin ziren azkenengoz herri olinpiadak eta haiek aztertu eta berreskuratu dituzte. Alkainentzat, “erabateko arrakasta” lortu dute.
Zer sentitu zenuen zuzi olinpikoa eramaterakoan?
Politena jai hori berreskuratzea izan da, batez ere horixe direlako olinpiadak, jai bat. Historiaren zati bat berreskuratzen ari da, eta zuziarekin Santiago kaletik sartu ginenean, bertan zegoen jende tropelak hunkitu ninduen. Eta antolatzaileen urduritasuna. Han zeuden denak nire ondoan, nerbioek jota, honi deitu, beste hau egin, “egon zaitez pixka bat”… urduri. Gu ibili ginen bezala zeuden, baina 30 urte geroago.
Zuen filosofia aintzat hartu dute, zuen antolakuntza aztertu dute eta hori hartu dute abiapuntutzat. Zer iruditzen zaizu hori?
Talde bakarra dago lehengo olinpiadetan parte hartutakoa, Ashkorax, beste hemeretziak berriak dira. Antolatu duten forma gustatu zait, eurek barrutik antolatu dutelako, beste inork kudeatu gabe antolatu dutelako. Gazteak beraiek ibili dira antolatzen eta gauza guzti-guztiak beraiek ari dira egiten. Lehen egunetik giza kalitate izugarria ikusi da.
Ba al da zerbait gaizki egin dena?
Ez dakit zer esan. Pena hartu nuen garai batean ibili ginenetako talde bat edo bi gehiago ez ikustea parte hartzen; neu naiz lehen erruduna. Pena handiena hori; antolakuntzan ez diet ezer txarrik ikusi, baina gure buruarekiko badut kritika, talde gehiago edo eurekin nahastuta atera gintezke. Gaztea izatea bihotzean eramaten da, ez nortasun agirian.
Leave a Reply