Hondarribiko olinpiaden fenomenoari buruz bueltaka aritu gara azkenaldian, beste jende askoren artean, dokumentalaren gidoia egiten ari garenok ere. Gidoi berri baten premiak hainbat arazo aztertzera eraman gaitu, batez ere dokumentalaren hasierako funtsa jendea olinpiadetan parte hartzera animatzea baitzen, eta ikusi denez, sobera lortu da jada. Orain arteko gidoian hasierako olinpiadei buruzko nondik norakoak jakin eta duela 25 urteko Hondarribia nolakoa zen ere erakutsi nahi genuen, bere garaiko irudi, bideo eta dokumentuez eta bere garaiko parte hartzaileen elkarrizketez baliatuz. 1980 eta 1990eko hamarkadako Hondarribiko gizartearen testuingurua aztertzea, hain zuzen. Hondarribiko olinpiaden fenomenoa ez da kasualitatea, testuinguru baten kausalitatea baizik; Hondarribiko Herri Olinpiaden berpiztea krisi testuinguru bategatik etorri da.
Zerk mugitzen du jendea ez bada asperdurak edo beldurrak? Zerbait sortu nahi bada, lehenik eta behin norberak aspertuta egon behar du; asperturik ez bagaude, ez dugu sortzeko beharrik izango. Bestetik, jakina denez, beldurraren —eta min bortitz baten— aurrean hiru erreakzio ematen dira: lehena, shock-ean gelditzea (petrifikatua); bigarrena, ziztu bizian korrikan alde egitea; hirugarrena, organizatzea (arraroena).
Esan bezala, 1980ko hamarkadako eta egungo krisia konparatuta konturatu gara olinpiadak krisi garaian sortu eta berpiztu direla, bai Hondarribian eta baita beste herrietan ere. Hondarribian 1996an izan ziren azkenekoak. Jakina denez, 1990eko hamarkadan etorri zen suspertze ekonomikoa, egungo estafaren hazia: bi auto garajean, hipotekak 50 urtean ordaintzeko, ordenagailu berriak, telebista berriak… Batzuek diote belaunaldi aldaketa izan zela Hondarribiko aurreko olinpiaden desegitearen arrazoia. Beste arrazoi askoren artean bat besterik ez da. 1990eko hamarkadan saldu ziguten etorkizun fantastiko-faltsua ez al genuen gutako askok sinetsi? Geroa konponduta badaukagu, zertarako ezer sortu? Hamarkada horretan etorkizun oparoaren ilusioak beldurra poz bihurtu zuen, eta asperdura, entretenimendu hutsa.
2008ko krisiarekin gauza aldatu egin da. Egia da bizi garen tokian gutxiago sumatzen dela krisia, baina eskuina eta ezkerra identifikatzeko, bederen, gai gara… oraindik. Gazteok etorkizun latza daukagu. Europako Iparraldeak bahitu egin gaitu, eta gure herritik joatera behartu gaituzte. 1990eko hamarkadako ilusioa hautsi egin da, eta ez dago B planik. Shock-ean gaude.
Askok bere buruari galdetzen diote: Auschwitzeko espetxeratuek nolatan ez zuten iraultza egitea lortu? Borreroak askoz gutxiago ziren eta haiek milioiak! Edo Indian, adibidez, nolatan nekazariak ez dira biltzen eta miseriatik ateratzeko iraultza bat egiten? Bi kasuetan estrategia berbera da. Gizabanakoari gizaki egiten gaituen hori —nortasuna, sinbologia, ohiturak, gizalegea… giza eskubideak— ukatzen dizkigutenean, bizirik iraute hutsera kondenatzen gaituzte, kanibalismora hain zuzen. Ez gaitezen inozoak izan; horretara eraman nahi gaituzte. Hain latza dugu etorkizuna? Bai, ez badugu ezer egiten.
Ez dut esango olinpiadak herriaren iraultzaren seinale direla, ezta gutxiago ere. Olinpiadak sintoma bat besterik ez dira, seinale bat. Gaur egun, nortzuk hartzen dugu parte olinpiadetan? Unibertsitate eta batxilergoko ikasle asko dago, baina mugagabeko geldialdian dauden gazte asko ere bai. Olinpiada duintasunaren eta pozaren garrasia da: aspertuta eta beldurtuta izango gara, baina hemen gaude.
Leave a Reply