Gipuzkoako Kultur Ondare Higigarriaren Zentroa ezagutarazteko programa abian du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horren barnean, Ternua eta Labradorreko (Kanada) ordezkaritzak Gordailua bisitatu du, arkeologia eta ondarearen zaintzaren arloetan bertan egiten den lana ezagutu eta aztertzeko.
Irungo Arretxe gaineko inguruetan dago Gordailua, Gipuzkoako Kultur Ondare Higigarriaren Zentroa, eta bertan gordetzen diren “altxorrak” balioetsi eta gizarteari ezagutzera emateko egitaraua abian du aldundiak. Ibilbide interaktibo eta hitzaldien bidez, hango bildumak gizarteari ezagutarazten dihardute; eta iragan larunbatean bertan izan dira Jerry Dick, Ternua eta Labradorreko Gobernuko Ondare zuzendaria eta haren lantaldea.
Arkeolan, Albaola eta Donostia 2016ko arduradunekin ere bildu dira Ternua eta Labradorreko ordezkariak, eta hainbat leku eta baliabide ikusi ahal izan dituzte. Izan ere, San Juan galeoia —Donostia 2016 Europako kultur hiriburutzaren barneko proiektua—berregiten ari den Albaola elkarteak aspalditik du harremana Kanadako ordezkariekin, XVI. mendeko itsasontzia Pasaian egin zuten arren 1565ean Red Bayn hondoratu baitzen. Ternua eta Labradorreko ordezkariak bisita ez formal bat egiten izan dira Gipuzkoan, eta hori probestuz, Garazi Lopez de Etxezarreta Kultura zuzendariak gonbidatuta bisita gidatua egin zuten Gordailuan. Haren arabera, “ondare arloan egindako lana eurei ezagutaraztea positiboa delako”.
Bi ordezkaritzek elkar ezagutu eta Gipuzkoak ondarearen zaintzan duen esperientzia azaldu ondoren, etorkizunean elkarlanean aritzeko aukerak ere landu dituzte bileretan. “Gordailuak ondarea kontserbatzeko eta ezagutzera emateko duen egitasmoaren berri ematea zen bisitaren helburu nagusia, baina bide batez, etorkizuneko aliantzetarako bidea zabaltzea ere nahi genuen”.
Besteak beste, Red Bay euskal baleazaleen aztarnategia gizateriaren ondare izendatu zuen Unescok iazko abuztuan, eta “ondare partekatua izanik”, elkarrekin landu eta ezagutarazteko aukera bideratu nahi dute. “Red Bay euskaldunon ondarea ere bada, eta guri ere badagokigu hori ezagutaraztea; dudarik gabe, San Juan baleontziaren erreplika eraikitzeak horretarako aukera emango digu”. Hala, Ternuako Gobernuak galeoiaren eraikuntza errazteko, baleontziaren planoak eskura jarri dizkio Albaolari.
Gordailura egindako bisita gidatuarekin pozik dago Lopez de Etxezarreta. “Interesgarria izan zen, pertsonalki, hango gobernuko ordezkariekin lehen aldiz egon nintzen ni”. Dick ere “gustura” geratu zela uste du: “Pozik geratu zen. Gainera, agertu zuen interesa Gordailuak Gipuzkoako museoen sarean nola eragin asmo duen jakiteko; baita txikiagoak edo tokikoak diren museoak zein ondarea ezagutzera emateko zer egin nahi dugun ikusteko ere”.
Red Bayko euskal baleazaleen aztarnategia eta Gipuzkoako tokiko ondarea dimentsio oso ezberdinetakoak badira ere, bien artean antzekotasunak badirelakoan dago aldundiko kultura zuzendaria: “Red Bayko badia askoz handiagoa bada ere, iristea zaila den eremua da; eta halako ondareak, proiektu txiki eta aldi berean handiak diren horiek, nola ezagutarazi parteka dezakegu”. Euskal Herri osorako “estrategikoa” izan daiteke Ternua eta Labradorrekin elkarlana abiatzea.
Instalazio ia guztiak abian
2005. urtean hasi zen hezurmamitzen foru aldundian lurraldeko ondare higigarriak gordetzeko biltegi bat eraikitzeko ideia. Material asko zegoen: XIX. mendetik bildutako 1.600 artelan piezak —margolanak eta eskulturak, bereziki—, zein XX. mendean erositako 17.000 etnografia piezak. Leku arazoei irtenbidea emateko ere baliatu dute Gordailua.
Izan ere, Donostiako San Telmo museoa eraldatzen ari ziren, eta arazoak zituen piezak gordetzeko. Horrez gain, aldundiaren Donostiako Untzi Museoak ere ezin zituen gorde portuko eraikinean erakusgai ez zeuden ondasun guztiak. 2011n amaitu zituzten Gordailuaren eraikitze lanak, eta ordutik, eraikina hornitu dute. Zaharberritzeko tailerrak martxan jarri dituzte eta eraikinaren ia instalazio guztiak abian dira. Datozen hilabeteetarako, esaterako, bertan dauden bildumei buruzko hitzaldiak eta bisita gidatuak antolatu dituzte.
Leave a Reply