Sinesten dut

Sinesten dut egun batean hilen naizela, hutsean eroria, ezerezean amildua hauts bihurtuko naizela. Sinesten dut hartuko nauen lur horretatik landare berriak sortuko direla”. Horrela mintzo zen Xabier Lete olerkaria. Poeta handia. Nik ere badakit gure bizitza bidaia bat baino ez dela. Joan-etorri asko dituena bere baitan, baina ez joan-etorri bakarra. Nik ez dut itzuleran Sinesten. Bizitzak uzten gaituenean ikusiko da guk besteei zer utzi diegun.

Sinesten dut medikuntzak izugarri aurreratu duela, baina ezin dut sinistu DNA bikoizteko gai izanik zenbait minbizik zer-nola eragin dezaketen heriotza. Klonazioa utopia zen duela urte batzuk, baina orain behin eta berriz errepika daiteke prozesua eta nonahitik sortu erreplika. Zahartzaroak ez bada, gaixotasunen batek edo istripuren batek desagerrarazi behar gaitu, ados, baina Jainko bakar dirua bihurtu den gizartean zer sinistu behar dugu? Eta nori?

Ezin dut sinetsi medikuntzako ikertzaileei diru iturriak moztu zaizkienik. Ez dut sinetsi nahi hemengo ikasle asko kanpora joatera derrigortuta daudenik hemengo ateak itxita topatzen dituztelako. Bizitzaren bila kanpora joan behar dute bizitzaren aldeko ikerkuntzetan jarrai dezaten.

Sinesmenak mendeetan izan duen indarrak oraindik bizirik dirau gugan. Euskaldun fededun premisak geroz eta helduleku eta jarraitzaile gutxiago ditu, baina fedea galduz gero dena galduta omen dago. Sineskeriak iruditzen zaizkidanak egia bakartzat sartu dizkigute mendeetan zehar kaskezurrean. Kasu, Kasu, Kasu. Hezurra baino gogorragoa da araua.

Sinesten dut amaren bularretik fedea eta erlijioaren jariorik irentsi ez izanak zama handi batetik libratu nauela. Irensten zailak litzaizkidakeen pasarte asko saihestu dizkit. Azaleko transmisioa dela pentsa dezake norbaitek, baina alderantziz da. Haragiari uko egin beharra izan da axaleko transmisioa. Azala ere jokoan jartzeraino behartzen gaituen Sinesmenak nora eramango gaitu, bada? Mundu bedeinkatu honetan bekatari izateari beldur zion hamaika santujale joan da bizitzaz gozatu gabe.

Beti gerokoaren zain. Gaurkoak gaur, eta biharkoak bihar. Nik hala Sinesten dut, eta nire inguruko zenbait gertakizunek begien aurrean carpe diem handi bat jartzera eraman naute. Beti biharko egunaren zain. Orainean bizi egin behar da, ordea, agian, etorkizunean irautea egokitu zaigu eta. Edo, agian, hori ere ez. Agian, hutsetik hasi nahi dugun egunean bihurtuko gara hauts. Bizi oraina eta ez itxaron gerokoaren ordaina.

Leave a Reply

Your email address will not be published.