Zizurkildarrek irabazi dute eskualdeko bertso txapelketa

Harituz I. Herri Arteko Bertsolari Txapelketaren finala hartzeko txiki geratu zen Anoetako gaztetxea, iragan ostiralean. Berastegi eta Zizurkil jarri ziren aurrez aurre, eta azkenean, Harituz bertsozale elkarguneak antolaturiko txapelketa zizurkildarrentzat izan da. Estreinako aldiz antolatu duten txapelketak “oso harrera ona” izan du, gerturatu diren ikusleei eta parte hartzaileei dagokienez. Ondorioz, “oso gustura” daude antolatzaileak.

Txapelketak iraun duen bitartean, euren saioak iragartzeko karteletan Anoeta zioen bide seinalea erabili dute zizurkildarrek. Iragarpenak bete, eta finalera iristeaz gain, txapela ere etxeratu du Zizurkilgo taldeak. Hasieratik erakarri ditu Tolosaldeko herritarrak Harituz txapelketak, eta pixkanaka, finalera gerturatuz joan diren heinean, ikusleen kopurua handituz joan da. Hala, finalean 500 pertsona inguru bildu ziren Anoetako gaztetxean. Txapelketari, beraz, bukaera borobila eman diote, “festa giro ederra” izan baitzen, eta zaleek erruz animatu baitzituzten talde bateko zein besteko bertsolariak.

Zizurkilgo Jon Ormazabal, Unai Mendizabal eta Joseba Otaegi aurreko saioetan baino lasaiago zeuden. Dena den, Mendizabalek azaldu duenez, ardura edo zama moduko bat ere bazuten: “Txapelketa guztia oso ondo joan denez, bukaera polita eman nahi genion; eta, bestetik, finala zenez, irabazi egin nahi genuen”. Zizurkilgo taldekideak esan duenez, finaleko ariketa guztietan “oso ondo” aritu ziren: “Aurreko saioetan, agian, bat edo beste ez zen behar bezain ondo ibili; baina ostiralekoan, hirurok ondo aritu ginen, eta uste dut ez zuela inork huts egin bere ariketetan. Oso gustura gaude egin dugun lanarekin”.

Aurkariei dagokienez, Berastegiko Iñigo Gorostarzuk, Beñat Salbarredik eta Ibon Karrerak osaturiko taldea ere oso txukun aritu zen, baina Zizurkil gailendu egin zitzaien. Unai Mendizabalek onartzen duen moduan, euren burua aurretik ikusten zuten, eta espero zuten saioaren amaieran euren izena esatea. Hori bai, esan dute “oso polita” izan dela irabaztea eta “ilusio handia” egin diela.

Hainbat bitxikeria utzi zituen saioak, kartzelako gaian esaterako. Izan ere, gai arrunt bat eman ordez, ikusleen artean banatu zen inkestaren arabera egokitu zitzaizkien gaiak bi taldeetako bertsolariei. Nork uste duzu egiten duela lo biluzik? Nork uste duzu sudurretik mukiak atera eta aulkiaren azpian itsasten dituela? Taldeko nork esaten du beti bueltaxka bat egitera doala eta gero sekulako gaupasa egiten du? Horiek ziren gaztetxera saioa ikustera joan zirenek gai gisa hautatu zituzten zituzten galderak, eta horren ondorioz, une dibertigarriak sortu zituzten bertsolariek.

Aurreko saioetan ikusleek zazpi boto ematen zituzten: bi boto lehiatzen ziren talde baten herrikoek, beste bi beste taldearen herrikoek, eta azken hirurak “bertsolaritzan adituak” diren pertsonek. Finalean, baina, aldatu egin zuten botoak emateko modua. Txapelketan parte hartu duten taldeei bederatzi boto banatu zizkieten, eta horiek erabaki zituzten irabazleak. Irabazleei saria emateko ardura, berriz, Aitor Mendiluze bertsolariak izan zuen. Mikel Artola Harituz bertso elkarguneko lehendakariak eman zion BECeko finalean saria, eta antolatzaileek Harituz-en estreinako txapelketako saria Iruran bizi den andoaindarrak banatzea pentsatu zuten. Behin sariak banatuta, festa goizeko ordu txikietara arte luzatu zen.

Oihana Iguaran Harituz bertsozale elkarguneko kidearen arabera, beren helburuetako bat jendea mugitzea zen, baita plazara hurbiltzen ez den bertsozalea erakartzea ere: “Txiki geratu zaizkigu finala eta aurreko saioak egin ditugun lekuak; beraz, poztekoa da”. Oraindik ez dute balorazio ofizialik egin, baina egitasmoa erabat positiboa izan dela ez du dudarik: “Txapelketarekin Harituz-en izena zabaldu da, eta izana ere pixka bat bai; beraz, ea bide horretatik jende berria gerturatzen den bertsogintzara”.

Hala ere, txapelketarekin nola segitu hausnartu behar dutela dio, eta ez dute argi urtero antolatuko duten edo ez: “Pentsatu egin beharko dugu nola egingo dugun. Agian, bi edo hiru urtez behin egin daiteke txapelketa. Urtero egitea, ziurrenik, gehiegi litzateke antolaketari dagokionez, bertsolariei eta zaleei ere esfortzua eskatzen baitie. Gainera, baditugu hainbat formatu, eta horiek txandakatzea da gure nahia”. Era berean, festa eta bertsoa uztartzen dituzten eredu berriak ere asmatu nahi dituztela nabarmendu du.

Bertsotarako beldurra galdu

Iguaranen ustez, txapelketarekin jendeak bertsotarako beldur pixka bat galdu du: “Ez da gainerako lehiak bezain teknikoa izan; herri artekoaren ezaugarria da hori”. Bertan proposatu diren ariketak xumeagoak dira. Horrez gainera, taldeka izan da, eta hori dela eta, uste du hori guztia jakinik jendeak beldurra galtzen duela. “Bertsotan gustura egiten duen jendea badago, baina plazan aritzeko bere burua ez du gai ikusten. Txapelketa honekin, bertan aritzeko gai izan daitezkeela ikusi dute askok. Pentsa, ez dakit txapelketaren ondorio ote den, baina, kuadrilla berri batek izena eman du bertso eskolan aritzeko”.

Araban eta Nafarroan ere egiten dira kuadrillen arteko txapelketak, eta Azpeitian eta Zarautzen ere gisa horretako taldekako txapelketak egiten dituzte. Zarautzen, gainera, edonork hartzen du parte, bertsoak gustuko dituen edonork, izan bertso eskola bateko ikasle edo ez. “Era askotariko ereduak daude”, dio Harituz-eko kide Iguaranek: “Pentsatu behar da lehen bezala gaur egun ere bertsogintzan jende asko dagoela. Bertsoak eta bertsotan aritzea askok dute gustuko, baina agian txapelketa eta epaileen eredu horietatik at. Beraz, bertsozale horiei aukera bat ematen diete halako ereduek”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.