Bizi nadin beti errepidean

Nire idoloen panteoiko apaizburuak Komet Bernhard izena du. 65 urteko erretretaduna da, zilar koloreko batere zaindu gabeko bizar luze-luzeek nahastezin bihurtzen dutena. Druida tankera ematen dioten tunika eta bestelako janzki koloretsuz betetako armairua dauka. Ez dago Berlinen Techno Opa (techno aitona) ezagutuko ez duenik. Ez baitago festa zoroenetan ordu gehiago emandakorik, ezta bere dantza egiteko modua imitatzeko gai denik ere. Frenetikoak baina aldi berean aszetikoak dira Kometen manerak DJen akelarreetan. Techno aitona ez, techno xamana da.

Dominoan eta emaztearekin paseoan eman beharreko egunak drogaz betetako biltegi ilunetan ematen dituen agurea heldugabetasunaren munduko errekorduntzat hartuko duzu, beharbada. Justu kontrakoa da nire iritzia. Ordu txikitan diskoteketan xaboi-burbuilak barreiatzeak betetzen dizkio bere pila alkalino askoak Kometi. Beti errepikatzen die urtetan ezagututako ehunka lagunei halakorik egiten jarraitu ezin duen egunean nahiago lukeela isilik desagertu. Ez du lortuko, zulo galanta utziko baitu dantzalekuaren erdi-erdian.

Hastapenetako hipsterren bizi-hautua —egungo suzedaneo urbanoekin zerikusirik ez duena— errepidea izan zen. Inon kanpamenturik paratu gabe beti aurrerantz jarraitzea, ez zentzu geografikoan bakarrik. Segurantzari eta egonkortasunari uko eginda, baina baita iraganeko oroitzapenei eta nostalgia arriskutsuari bizkar emanda ere. Hipster haien liburuak aspergarri askoak suertatu zitzaizkidan irakurri nituenean, portzierto. Errepidean bizitzea erabakitzen dutenak miresten ditut, ordea.

Munduko beste puntara eramango dion hegaldiaren zain aireportuan bakarrik eta urduri dagoen mutikoa ezagutu nahiko nuke, batere pentsatu gabe duela hilabete ezagutu duen neska txundigarriarekin egoteko guztia uztera doana. Lanpostua utzi eta 45 urterekin Arte Ederrak ikasteko unibertsitatean izena eman duen amarekin kafetxoa gustura hartuko nuke. Besarkada emango nioke Kubara oporretara joan eta bueltako hegazkina hartu ez zuenari. Dantza egitera noan bakoitzean, gauak beste kutsu bat du Komet han badabil.

34 urte eta zilar koloreko ilea dituen majaderoa naiz, gazte plantak egiteko burua tindatzen hasi dena. Aspaldian zaborretan aurkitu nuen peluxezko gepardo erraldoi bat besapean hartuta irteten naiz kalera, joaten naiz oporretara. Pitokeria bat bestearekin kateatzen jarraitzen dut, eta DJen akelarreetan auzo lotsa eragiten dute nire manerek. Tipo irrigarri samarra nauzu, eta nire buruarekin adeitsu izaten ari naiz. Baina errepidean jarraitzen dut, oraingoz.

Leave a Reply

Your email address will not be published.