Iazko urrian ekin zioten Pasaian emakume migratzaileen taldea sortzeko prozesuari, “migrazio prozesuan diren Pasaiako emakumeei talde edo gune bat ireki eta abian jartzeko”, Marian Suarez Migrazio eta Aniztasunaren teknikariaren hitzetan. Izan ere, 2012an hango udalak berdintasun mahaia bultzatu zuzenean, ohartu ziren herriko emakumeen aniztasuna ez zegoela islatuta mahai horretan. Hala, udaleko Berdintasunaren eta Aniztasunaren arloetako ordezkariek hainbat jatorritako emakumeengana jo zuten. Bilera batzuk egin eta kezkak eta beharrak jaso zituzten.
Oraingoz, bi informazio saio egin dituzte, eta udal ordezkariak pozik daude: “Saioak arrakastatsuak izan dira, jatorri anitzeko 32 emakumek parte hartu dutelako eta udalari biziki eskertu diotelako deialdia”. Aurrera begira, talde eragilea sortu nahi dute. Sortuz gero, emakume migratzaileen kolektiboak ekarpenak egingo lituzke Berdintasun Mahaian zein herriko dinamiketan, “eta, bestetik, eragin onuragarria eduki lezake herriko elkarbizitzan”.
Leave a Reply