Bospasei urte igaro dira Galtzaundi euskara elkarteak, Uemako udalerriek, Kontseiluak eta hainbat herrik errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiatu zutenetik Tolosaldean. 2012an eskualdeko ia 5.000 lagunek aukeratu zuten errenta aitorpena euskaraz egitea. Aurten, kopuru hori handitu nahi dute kanpainarekin bat egin duten eragileek.
Tolosaldeko hamazazpi udalerritan, herritarren %22,4k egiten dute errenta aitorpena euskaraz. Iaz, zehazki, Tolosaldean 4.957 lagunek egin zuten 2012ko errenta aitorpena euskaraz. Kopuru hori gainditzea da Tolosaldean abian jarri duten kanpainaren helburua. Miren Segurola Uemako koordinatzaileak adierazi duenez, “buelta horretan dabiltza udalerri gehienak”. Aurten, Uemak lehen aldiz mankomunitateko herri guztietara zabalduko du kanpaina. “Duela urte batzuk zenbait eskualdetan hainbat eragilerekin elkarlanean abiatutako egitasmoak, beraz, Euskal Herri osoan izango du zabalpena”.
“Gaur egun, udalerri euskaldunetan administrazioarekiko harremanetan erdarara jotzeko ohitura handia dago”. Segurolak nabarmendu duenez, kanpainarekin herritarrak aktibatu nahi dituzte, eta horrela administrazioaren euskalduntzea azkartu. Uemako koordinatzailearen ustez, “administrazioaren euskalduntzean urrats asko egin dira, eta aukera horiek probestu behar dira, beldurrak uxatuta”.
2013ko errenta aitorpena egiteko modu mekanizatua aukeratuz gero, hitzordua hartzerakoan aitorleak ogasunarekin harremanak euskaraz nahi dituela adieraz dezake. Aurrez aurreko harremanak, telefono edo Internet bidezkoak, euskaraz izateko aukera ematen baitu ogasunak. Halaber, autolikidazio proposamena euskaraz jasotzeko eskaera eginez gero, aurrerantzean agiriak hizkuntza horretan bidaliko dizkiote aitorleari. Eta aitorpena Internet bidez egin nahi izatera, errenta programaren euskarazko bertsioa har daiteke saretik eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara aukeratu. Uemako kide diren Tolosaldeko udalerrietan gauzatuko da kanpaina: Amasan, Villabonan, Ibarran eta Zizurkilen. Errenta aitorpena euskaraz nola egin daitekeen azaltzen duen eskuorri bat banatu dute herri horietan, etxez etxe.
Lagungarri gisa, hiztegitxo bat ere azaltzen da eskuorrian. Errenta aitorpena egiterakoan erabiltzen diren ohiko hitzak eta haien gaztelaniazko ordainak ageri dira hiztegi horretan. “Zaila egiten zaiguna aitorpena bera da, maiz arrotzak zaizkigun hitzak agertzen direlako; hortaz, gaztelaniaz bezain konplikatua bazaigu euskaraz egitea, eta ahalegina derrigor egin behar badugu, egin dezagun geure hizkuntzan”.
Leave a Reply