“Erronka polita izan da”

Maite Odriozola Garmendia Ordiziako IES Oianguren BHIko ikasleak urrezko domina irabazi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako XXVII. Kimikako Olinpiadetan. Martxoaren 21ean jokatu ziren olinpiadak EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultatean, Leioan (Bizkaia). Horrez gain, Biologia arlokoan zortzigarren postuan geratu zen Odriozola.

17 urte ditu, eta batxilergoko azken kurtsoa egiten ari da. Kimika gustuko du, eta horregatik aurkeztu zen olinpiadetara, “erronka polit bat izango zelakoan”. Ez da aurreneko aldia era horretako olinpiadetara aurkezten dena: “Iaz matematikakoetara aurkeztu nintzen, eta aurten, berriz, kimikakoetara eta biologiakoetara”.

Kimikako olinpiadetan parte hartzeko azterketetan 7-8 notatik gora ateratzea gomendatzen dutela dio. “Baina, berez, ez daukazu nota hori eduki beharrik ere, izena ematearekin nahikoa izaten da”. Hala ere, bere ikastetxetik bera bakarrik animatu zen parte hartzera. EHUk ikasle olinpiadak urtero antolatzen ditu batxilergoa egiten ari diren ikasleentzat. Aurten, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hemeretzi ikastetxetako 76 ikaslek parte hartu dute; horien artetik bost bakarrik izan dira gipuzkoarrak.

Olinpiadetako proba prestatzeko, ikasgelan egindakoa etxeko lanarekin osatu zuen Odriozolak. “Klasean eman dugunaz gainera, probarako prestatzeko aurreko urteetako olinpiadetako bi edo hiru azterketa egin ditut, eta kito. Gero, irakasleak ere lagundu dit, nire kasa egindako azterketak zuzenduz eta”. Olinpiadetarako programako gauza batzuk aurretik klasean eman gabe zituen, ordea, eta joan aurretik bere kasa landu zituen. “Irakaslearen laguntza izan nuen, baina, bestela, nik etxean nire kasa ikasi nituen”. Olinpiadetan lasai egon zela dio, tentsiorik gabe: “Ez nuelako ezer galtzeko, lasai asko egon nintzen”.

Proba, erraz-erraza ez

EHUk antolatutako kimikako olinpiadetan, bi proba egin behar izan zituzten, aurrena teorikoa eta ondoren praktikoa. Teorikoan, batxilergo mailan ikasten den kimikako gai zerrendarekin lotutako 30 galdera erantzun behar zituzten; eta praktikoan, bi eragiketa ebatzi. Proba onena berak egin bazuen ere, erraz-erraza ez zela izan dio Odriozolak: “Teorikoa programaren araberakoa zen, eta zail samarra zen; eta, gero, praktikoan bi ariketa edo buruketa egin behar izan genituen”. Olinpiadetako proba martxoaren 21ean egin zuten, baina emaitza ez zuten jakin orduan. “Azterketa egin eta sei egunera-edo deitu zioten gure aitari telefonoz emaitza jakinarazteko, eta aitak esan zidan niri”, azaldu du. Nola ez, oso pozik jaso zuen berria.

Orain, Espainiakora

Galtzekorik ezer ez zuela-eta lasai egin zuen proba, baina zer irabazirik izan du Odriozolak EHUk antolatutako Kimikako Olinpiadetan urrea lortuta. Horri esker Espainiako kimikako olinpiadak jokatzeko txartela lortu baitu. Horiek gaurtik igandera bitartean jokatuko dira, Oviedon (Asturias, Espainia). Gaur, harrera egingo diete, eta bihar, goiz eta arratsaldez, gogor jardun beharko dute: aurrena, azterketa praktikoa egin beharko dute, eta arratsaldean, teorikoa. Kasu horretan, etxera itzuli aurretik jakingo dute emaitza, igandean baita sari banaketa. EHUko ikasle olinpiadan baino proba luzeagoak izango dituzte oraingo honetan: “Teorikoan 45 galderako test bat erantzun beharko dugu, eta praktikoan, berriz, lau buruketa edo eragiketa izango ditugu”.

Kasu horretan ere programa eskolan ikasten ari direna izango dutelako lasai dago ordiziarra: “Aurretik programa errepasatu besterik ez dut egingo”. Gurasoekin eta ahizparekin joango da Oviedora. Etxekoentzat oporraldia izango da, baina Odriozolak dio berak han opor gutxi izango duela. Espainia mailako ikasle olinpiadak irabazteko itxaropenik ba al duen galdetuta, ez du ezer aurreratu nahi: “Hori gero ikusiko da”.

Espainiakoa irabaziz gero, bidaia luzea egiteko aukera izango luke: uztailaren 20tik 29ra Hanoin (Vietnam) jokatuko den XLVI. Kimikako Nazioarteko Olinpiadetan eta XIX. Kimikako Iberoamerikar Olinpiadan (Montevideo, Uruguai) parte hartzeko aukera lortuko bailuke. Baina sailkatu egin beharko luke aurrena; eta gero, uztailean, Madrilen klaseak jaso beharko lituzke nazioarteko ikasle olinpiada horietan parte hartzera joan aurretik.

Odriozolak aurten bukatuko du batxilergoa, eta garbi du zer ikasi nahi duen ondoren: datorren ikasturtean medikuntza ikasketak hasiko ditu unibertsitatean. Kimikaz gainera, zientziako gaiak ditu gustuko, batik bat, baina irakurtzeko zaletasuna ere baduela dio. Gainera, gustuko aurkikuntza berri bat ere egin du: “Orain, pintura hasi naiz deskubritzen. Baina horretan hasi bakarrik egin naiz”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.