Dagoeneko 15 urte pasatu dira Ruth Buscak (1977, Legazpi) lore saltzailearen lanbidea barrutik ezagutu zuenetik. Ordutik, ofizio eta ogibide bihurtu du, eta, egun, Legazpin daukan loradendan egiten du lan. 1995. urtean ireki zuen loradenda, eta, geroztik, hantxe egiten du lan bazkide duen Miren ahizparekin batera. Marina ahizpak ere laguntzen die familiako negozioan.
Naturatik hurbil egon ahal izateko aitzakia aproposak dira lore eta landare koloretsuak, eta horrek bultzatuta hasi ziren Busca ahizpak loreak saltzeko ofizioan. “Betidanik gustatu izan zaizkit loreak, etxean ere hainbat lore izan ditugu beti”, azaldu du Buscak. “Aurrez, beste denda txiki batean egiten genuen lan, baina, duela 15 urtetik, lokal honetan ari gara”, gaineratu du. Lore saltzaileak azaldu duenez, lehengusu batek jakinarazi zion gaur egun lanean ari den lokala libre geratuko zela, eta bat-batean erabaki zuten lokala hartzea: “Apur bat inprobisatua izan zen erabakia; bi astetan erabaki genuen”.
Landare eta lorezaintza jarduera aurrera eramateko hainbat ikastaro egin ditu. “Madrilen ikastaroak egin izan ditut, eta hainbat berotegi ere bisitatu ditut, horrela asko ikasten da”. Gipuzkoako Merkatarien Elkarteak ere landareei buruzko hainbat ikastaro eskaintzen ditu Buscaren hitzetan. Ikastaro horiez gain, urteetako eskarmentuak balio izan dio lore eta landare munduaren nondik norakoak ezagutzeko.
Loradendan eskaintza zabala dute. Besteak beste, hemen ingurutik, Herbehereetatik eta Hego Ameriketatik ekarritako lore eta landareak saltzen dituzte. Buscatarren dendan loreekin zerikusia duten guztia eros daiteke: etxe barnerako zein kanporako landareak, apaintzeko gaiak, kapazuak, kolore eta usain guztietako aire girotzaileak, kandelak, zentro artifizialak, oparitarako osagarriak… Horrez gain, urteurrenetarako eta ezkontzatarako apaingarriak ere egiten dituzte. Baita umeentzako koroa txikiak ere.
Bezeroek mota guztietako landareak erosten dituzte, hala ere, ohikoena oparitarako erostea da. Kanpokoak edo lorategietakoak erosteko, berriz, jendeak berotegietara jotzen duela azaldu du. Bezero ugari joaten da aholku eske, eta bakoitzari bere gustu eta nahien araberako aholku pertsonalizatua ematen saiatzen dira. Gida liburuak ere badituzte jendeari nahi duena aukeratzen laguntzeko. “Batzuek Internet bidez ikusten dituzte loreak; horiek ideia garbi batekin etortzen dira”.
Egun bereziak
Urte osoan egiten dute lan bi ahizpek, baina badituzte egun batzuk gorriz markatuta. Izan ere, San Valentin eguna, Santu Guztien Eguna eta Amaren Eguna dira egunik garrantzitsuenak loradendarentzat. Egun horietan egiten dituzte salmentarik handienak. Horrez gain, udaberrian ere nahiko lan izaten dute, garaiko landareak ekartzen hasten direnean. Lore eskaintza zabala izaten dute garai horretan, eta horri gehitu behar zaio jaunartzeen eta ezkontzen gisako ospakizunen hasiera.
Ezkontzetarako lore sortak egiteko, emaztegaiaren soinekoa eta gustuak izaten dituzte kontuan. Horretarako, zenbait katalogo dituzte, mota guztietako aukera sortarekin. “Emaztegaiari ondoen egokitzen zaion lore sorta prestatzen ahalegintzen gara aholkuak emanez, baina, azken finean, emaztegaiak aukeratu beharreko zerbait da hori”. Horrelako sorta bat eskuratzeko, aproposena da ezkontza baino hilabete lehenago eskatzea. “Batzuk astebete lehenago eskatzen dute, beste batzuek, berriz, urtebete lehenago. Baina, hilabete lehenago eskatzearekin nahikoa da”.
Inoiz modaz pasatzen ez den lore klasikorik ba ote dagoen galdetuta, baietz erantzun du Buscak: “Arrosak oso klasikoak dira. Horrez gain, Santu Guztien Egunean hilerrira eramateko krabelinak erosteko joera ere betidanikoa izan da. Horiek biak ez dira modatik pasatzen”. Legazpiko dendan gehien saltzen dituztenak, berriz, hainbat lore motaz osatutako sortak eta arrosak dira. Bezeroen ohiturak, ordea, apurka-apurka aldatzen ari direla jabetu da. Kanpoko lore eta landare exotikoak ere ohiko ari dira bihurtzen Euskal Herriko loradendetan. “Jendeak geroz eta landare mota gehiago ezagutzen ditu. Orkideak, adibidez, asko saltzen dira oparitarako”.
Lore saltzaileak era estetiko baten landareak konbinatzea bilatzen du. Busca ahizpek ere hala egiten dute. Loreak eta landareak osagarriekin apaintzen dituzte. Batzuk kristalezko ontzietan, egurrezko otarretxoetan edo pakete berezietan ere jartzen dituzte papera eta lazo apaingarriekin. “Muntatze desberdinak egiteari eta gure ukitu pertsonala emateari garrantzia handia ematen diogu”. Lore konposizio horiek egiteko inspirazioa materiala iristen zaien heinean etortzen zaiela adierazi du Buscak. Halaber, aldizkari espezializatuetatik ere ideia asko hartzen dituzte muntatzeak egiteko.
Norberaren gaitasuna
Batzuei ongi joaten zaie loreak eta landareak zaintzea; beste batzuei, ordea, berehala zimeltzen zaizkie. Horretan, norberaren gaitasunak eragin handia duela uste du Buscak: “Badago jendea loreak zaintzeko dohain berezia duena. Landareak zaintzeko esku berezia izatea garrantzitsua da”. Norberaren gaitasunaz gain, etxearen orientazioak eta argiztapenak ere eragina dute legazpiarraren hitzetan. Batzuei loreak erraz zergatik zimeltzen zaizkien galdetuta, argibidea eman du: “Batzuek ohitura handia dute etxe barruko loreei egunero ura botatzeko, eta, horrela, azkar zimeltzen dira”.
Leave a Reply