Lurra errespetatuz loratutako landare berezien azoka Aian

Kontinente guztietako landareak ikusi eta erosteko aukera egongo da bihar eta igandean Aian. Iturrarango Lorategi Botanikoan, Landare Berezien XII. Azoka egingo dute. Urtez urte gehitu egin da azokara joaten den jende kopurua, eta geroz eta bisitari gehiago joaten dira Euskal Herritik kanpokoak ere.

Hamaika urte dira Pagoetako Parke Naturalak azoka egitaraua martxan jarri zuenetik, festa giroan ekoizleei euren produktuak plazaratzeko aukera emanez. Hamabigarren aldiz antolatu dute aurten Landare Berezien Azoka. Landare eta lore aukera zabala eskaintzea da euren helburua. Gurean ohikoak ez diren landareak izaten dira normalean, bertaratzen direnek euren baratzeetan, leihoetan eta lorategietan ez dituztenak; eta, antolatzaileen hitzetan, “ingurumenarekin errespetuz jokatzen duen eskulangintzako jarduerak erabiliz soilik lortzen direnak”.

Azoka Iturrarango Lorategi Botanikoan egiten dute, eta, landareak ikusteaz gain, jan eta edaneko postuez gozatzeko aukera ere izaten da bertan. Hala nahi izanez gero, lorategiko ibilbideetatik paseatzeko aukera ematen dute, eta haurrekin doazenentzat jolasteko “gune eder bat ere badago”. Iganderako azokaz gaindiko ekintza osagarriak ere antolatu dituzte.

Aiako plazan, esaterako, haurrentzako puzgarriak eta landareekin zerikusia duten produktuen erakusketa eta salmenta egongo dira. Hain justu, postu bakoitzeko ekoizleek euren produktuen azalpena emateko aukera izango dute. Euskalcom enpresak ere plazan jarriko du gunea, eta eskulanak egiteko aukera emango du. Kultur etxean, berriz, Ikebana tailerra eskainiko dute, meditazioa helburu duen lore konponketa zein loreen erabilpena egiten ikas daiteke bertan.

Bi saiotan banatuko dute tailerra. Lehena 10:30etik 12:00etara izango da, eta bestea, 12:30etik 14:00etara. Saio bakoitzean gehienez hogei lagunek parte hartuko dute, eta 15 euro ordaindu beharko ditu bakoitzak. Trukean, parte hartzaileei behar duten lore materiala banatuko diete, eta, amaieran, norberak egindako lore apainketa etxera eramateko aukera izango dute.

Leave a Reply

Your email address will not be published.