Anoeta
Anoetako gaztetxeak hamabost urte beteko ditu aurten, eta urteurrenaren harira, herriko gazteek egitarau zabala prestatu dute, otsailetik apirilera. Egitarau horren barruan, kontzertua antolatu dute gaurko. 23:00etatik aurrera, Katez eta Governors taldeen musika entzuteko aukera izango da.
Governors Arrasateko taldea da, eta iazko udazkenean argitaratu zuen laugarren diskoa: Morphinapolis 11 deitutakoa. Azken hilabeteetan lan hori aurkezten ari dira herriz herri. 11 kantutan, bigarren diskoko gogortasuna eta hirugarreneko melodiak uztartu dituzte. Diskoaren grabaketan lau lagunek hartu zuten parte, baina zuzenekoetarako beste gitarra jotzaile bat ere batu zaio taldeari.
Arrasatearren aurretik, Katez Leitzako (Nafarroa) taldeak joko du. Talde hasi berria da Leitzakoa. Maketa grabatu berri dute eta lehen kontzertua Leitzako gaztetxean eman zuten, martxoan. Orain, Euskal Herriko toki gehiagotan jotzea dute helburu.
“Inoiz baino gogo, ilusio eta grina handiagoarekin ekin diogu 2014ari. Izan ere, gure herriko gaztetxeak 15 urte beteko ditu”. Anoetako gaztetxeko kideek urtarrilean eman zuten horren berri, eta geroztik, ekintza ugari antolatu dituzte: dokumentalen proiekzioak, hitzaldiak, kontzertuak, haur jolasak, mendi ibilaldiak, Harituz taldekako bertso txapelketako finala…
Hilabete bakoitzean gai jakin bat landu dute; desobedientzia landu zuten otsailean, berdintasuna martxoan, eta elikadura burujabetza apirilean.
KONTZERTUA
Noiz. Gaur, 23:00etan.
Non. Anoetako gaztetxean.
Leave a Reply