Anfibioak eta narrastiak, azalera

Lezoko anfibio eta narrastien populazioaren kontserbazio egoera hobetu nahi dute, eta, horretarako, horien babeserako proiektu bat jarri berri dute martxan Lezoko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak. Izan ere, anfibio eta narrastien —herpeto espezieen— laurdenak mehatxu egoera larrian daudela jakinarazi dute: “Mundu mailan ornodun talde mehatxatuena da hori”. Horien artean Schreiber muskerra dago, Lezon aurki daitekeena.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espezie mehatxatuen zerrendan interes bereziko espezie gisa katalogatua dago Schreiber muskerra, eta hori dela-eta jarriko diote arreta berezia espezie horri. Lezon espezie horrentzat habitat egokiak izan badirela esan dute, baina haren populazioaren gaineko informazioa oso murritza eta zaharkitua gelditu da, eta horregatik hainbat laginketa egingo dituzte Jaizkibelgo hegoaldeko magalean.

Proiektua abiatu aurretik, Aranzadiko herpetologoek —anfibio eta narrastien gainean lan egiten duen zoologiaren arloa da herpetologia— udalerriko hainbat putzutan laginketak egin berri dituztela jakinarazi du udalak. Udalerriko anfibio eta narrastien inbentarioa egin, eta bertako populazioaren egoera ezagutzea izango da horren helburua.

Hori eginda, 2014-2015 urteetan gauzatuko da proiektua, eta bi lan ildo nagusi izango dituela zehaztu du udalak: anfibioentzako putzu bat egingo dute, batetik, eta ikerketa lanak egingo dituzte, bestetik. Olatzar erreka bazterrean egingo dute putzua, Lezoko Baratza Parkearen ondoan, eta, bide batez, degradatua dagoen eremua berreskuratuko da: “Txabola bat eta hondakinak daude egun eremu horretan. Putzua eginda, eremua garbitu eta erreka bazterrean ibaiertzeko landareria landatuko da”. Egitasmoak 14.859,54 euro jaso ditu Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailetik.

Ikerketa lanaren bidez, Lezoko inbentario herpetologikoa osatuko dute, hau da, anfibio eta narrastien inbentarioa. Eta, horretarako, gaur egun Lezon dauden putzuak aztertuko dituzte, eta putzu gehiago sortzeko eremu aproposak identifikatuko dituzte.

Udalerriko hainbat putzutan Aranzadiko herpetologoak hasiak dira laginketak egiten. Herri lurretan kokatutako putzuetara jo dute adituek, Jaizkibel eta haztegietako urmaeletara kasurako, baita terreno partikularretara ere.

Ingurumena hobetzen

Lezoko Udalak 2010. urtean Jaizkibelen putzu txiki bat egokitu zuen, eta, 2009. urteaz geroztik, erreken eta ibaiertzeko basoen kalitatea hobetzeko hainbat egitasmo egin ditu: “Martxan jarri berri dugun proiektu hau ez da, beraz, bizidun urtarren mesedetan gauzatzen dugun lehen ekintza”.

Lezoko Udalak garbi du egindako lan horrek guztiak zabalkundea behar duela; dibulgazio lana egin behar duela anfibio eta narrastien egoeraren, ezaugarrien eta beharren gainean informazioa emateko, batetik; eta, egiten ari diren lanaren berri emateko, bestetik. Hortaz, hainbat jarduera eta ekintza antolatuko dituzte datozen hilabeteetara begira.

Informazioa zabaltzea

Lezoko Udalaren webgunean (www.lezo.net) egindako guztiaren berri emango dute, atal berezi batean. Gainera, egingo duten putzu berrira bisita gidatuak antolatzeko asmoa du udalak, bai Lezoko Baratza Parkeko erabiltzaileekin bai ikastetxeekin.

Horrez gain, putzuan bertan informazio panel bat egokituko dute, eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek hitzaldiak emango dituzte guztiaren berri emateko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.