Ekimenak formazioa lagun

Erdigunea izan da herriko tailer eta enpresa askoren bilgune. Kaleak, berriz, langileen topaleku, arratsaldeko lanorduak bete ondoren: “Nire tailerrean hau egiten da, nire tailerrean beste hura…”. Eurena izan ez arren, eurena balitz bezala sentitu dute enpresa. Orain dela dozenaka urte girotutako Elgoibarrez ari da Ignacio Mugerza. Aurten, hain justu, ehun urte bete dira industria hori herrian ezarri zenetik, eta, horren aitzakian, hasierako garaiak gogoan izan dituzte hainbat langile eta langile ohik. Mugerzak 50 bat urte eman ditu Estarta y Ecenarro enpresan, makina-erremintaren arloan lanean. Sektore horretan herrian izandako enpresa aipagarrienetako bat izan da, Elgoibarren lehen zutarriak jarri zituenetako bat.

Baserri giroa eta industria uztartzen zituen Elgoibarrek garai hartan; baserritarrek etxeko lanak tailerrekoekin bateratzen zituzten. 15 urte zituela hasi zen lanean Jesus Bilbao, gerora Maher Holding eta Goratuko zuzendaritzetan aritutakoa. Gogoan du nola esan zioten behin lankide bati: “Lan gogorra da hau, e”. Eta hark erantzun: “Bai zera, hau baserrikoaren aldean ez da ezer!”. Sektoreak aurrera egiteko “esfortzua eta lana” funtsezko elementutzat jo ditu Bilbaok, hain zuzen. Baita ekimena ere, Vicente Sasiain Etxe-Tar lantegiko zuzendari tekniko ohiaren hitzetan. Lasarte-Oriatik Elgoibarrera lekualdatu zenean, hala esan zioten: “Hemen lana izango duzu, enpresa asko daude…”. Zetorren herritik etorrita —Michelinek 3.000 bat langile zituen orduan, eta beste hainbat enpresa zeuden—, ez zitzaion iruditu hasiera batean aldea halakoa izango zenik. “Baina ezberdintasun bat dago: Lasarten ez zegoen tailerren jaberik, eta Elgoibarren %100 ziren herrikoak. Han lana eman eta egiten zen, ez zen lana sortzean pentsatzen”.

Aldaketa teknologikoak

Elgoibarko makina-erremintaren ekoizpenaren ezaugarrien artean, aldaketa teknologikoek izandako eragina aipatu du Carmelo Urdangarin ekonomialariak, baita makina-erremintarena unean uneko egoerari lotutako alorra izatea ere: “Produktu oso ziklikoa da; ondo joan daiteke orain, gero gaizki…”. Gainera, Urdangarinek uste du armagintzak eskualdean zuen tokiak balio izan zuela makina-erremintaren garapenerako.

Horiez gain, langileria “oso kualifikatua” ere zerrendatu du ezaugarri gisa. Tailer eta lantegietakoek jasotako formazioa pieza garrantzitsua izan da sektorearen ibilbidean, bai eskola profesionalean jasotakoa, baita behin lanean hasita ikasitakoa ere. “Irakasleek zuzeneko ezagutza transmititzen ziguten, irakasleak enpresetako teknikoak ere bazirelako”, gaineratu du Mugerzak. Behin enpresan hasitakoan, aprendiz bezala sartzen ziren, eta aldamenean norbait izaten zuten etengabe haiekin. Halako figura bat edukitzea oso baliagarria zitzaiela oroitu dute, eta gaur egunean ere beharrezkoa litzatekeela.

Formazio horretaz “inbidia” sentitzen du Joan Puigjanerrek, Bartzelonan sortutako Puigjaner enpresako ordezkariak. Elgoibarko enpresetako ordezkariekin batera, euren lantegiaren historiaren berri ematera gonbidatu dute, ibilbide luzea baitakar gainean: 1885. urtetik ari dira lanean, familia enpresa da, eta Joan Puigjanerrena laugarren belaunaldia da. Espezializazioan, esportazioan, langileen kualifikazioan eta ikerketa eta garapenean oinarritu dute euren jarduna.

Sasiainek dioenez, tailerrean hasten zirenetik konfiantza handia jarri ohi zuten nagusiek eurengan. “Helburua bezeroen satisfazioa zen, eta askotan prezisioa ez zen satisfazio hori”. Lanak ondo egiteko ahaleginetan, bada Estarta y Ecenarron egin ezin zuten zerbait, Mugerzak azaldu duenez: “Ez ziguten uzten pilotan aritzen. Piezak ekoizteko planoak egin behar genituen, eta jolastuz gero eskua puztu eta dardara batean jartzen zen”.

Emakumeen jarduna

Emakume gutxi izan dira makina-erremintaren alorrean; haien egitekoa, ordea, ezinbestekoa izaten zen kasu askotan. “Saltzera ateratzen ginen azoketara, ez genekien ingelesik, eta gurekin etortzen zen idazkariari esker ulertzen genuen elkar bezeroak eta biok. Neska gutxi ziren, baina oso garrantzitsua izaten zen egiten zutena”, gogoratu du Bilbaok. Sektorean lanean aritu den emakumeetako bat da Garbiñe Uriguen. 14 urterekin hasi zen jardunean, “justu-justu biderkatzen eta zatitzen” zekiela. Sail ezberdinetatik igaro zen urteak aurrera joan ahala, eta lana ez ezik, bazen beste zerbait beti ezberdina zena: gizonekiko soldata. “Lana gizonek bezala egin bai, baina kobratzea beste kontu bat zen”.

Hainbat mailatako langileen artean ere baziren desberdintasunak, ez soldatan bakarrik, baita ordutegietan ere. Langile eta enplegatu bereizi ditu Mugerzak. Azken horiek “pribilejio” batzuk zituzten; beranduago sartzen ziren lanera, eta gainerakoen ordu berean ateratzen ziren, adibidez. “Langileentzat erronka zen enplegatu izatera heltzea”.

Lantegiek herriarekiko eta zehazki herritarrekiko zuten lotura ekarri dute gogora. Kasu batzuetan, alargun geratzen ziren emakumeak ere hartzen zituzten familia aurrera ateratzen laguntzeko, senarrak lan egiten zuen enpresan lana emanez. Enpresako langileen artean ere, egiten zituzten batzuek besteenganako ahaleginak. Mugerzak azaldu duenez, Elkar Laguntzeko Elkartea zuten, eta, horren bitartez, dirua jartzen joaten ziren, istripu edo gaixotasunagatik baja hartzen zuten lankideentzat.

Saltzeko, azokara

Ekoitzi ondoren, saldu beharra zegoen, eta, hasieran, bide bat besterik ez zuten horretarako: azoketara joatea. Saltzaileez gain, funtsezko ikusten du Bilbaok kanpora irteten ziren mekanikoen lana, produktua ezagutzera eman eta bezeroak erakartzeko: “Fidelizaziorako oso garrantzitsuak ziren; haien bitartez ikusten zen enpresaren lana nolakoa zen”. Itsasoaren beste aldean ere aritzen ziren mekanikoak konponketetan. Honela oroitu du Urdangarinek Sao Paulon gertatutakoa: “Etxe batean euskaraz kantari ari zirela entzun nuen. Nongoak ziren galdetuta, Soraluzekoak zirela esan zidaten. Salmenta ondoreneko mekaniko aritzeko joanak ziren”.

Saltzerakoan irudiak orain ere baduen balioaz hitz egin du Puigjanerrek: “Tamalez, Alemaniarekin konparatzen gaituzte, baina irudiak asko du esateko. Ona da zure bezeroek zure lantegia ezagutzea, zure langileak… Horrela lor daiteke ez edukitzea bezeroak, lagunak baizik”.

Ehun urteko historia gogoratzen jarraituko dute abendura bitarte elgoibartarrek. Herenegundik, esaterako, makina-erremintari buruzko erakusketa batek hartu ditu herriko hainbat txoko; urte osoan ikusi ahal izango dira osagarrietako batzuk.

Leave a Reply

Your email address will not be published.