Bidelagunen eta bidelarien arteko harremana da. Euskaraz ondo moldatzen direnak (bidelagunak) euskaraz gutxixeago dakitenekin, ikasten ari direnekin edota praktikatzeko gogoa dutenekin (bidelariak) jartzen dira harremanetan, Internetez, Mintzanet.net webgunearen bidez. Mintzanet da Internet bidez euskaraz hitz egiteko edota euskara praktikatzeko proiektua, Maramara elkarteak sortua. Azpeitiko Udal Euskara Patronatuan aurkeztu dute, aste hasieran.
Bikoteka egiten dira elkarrizketak; hau da, bidelagun bat eta bidelari bat elkarrekin aritzen dira. “Taldean ez dira elkartzen, helburua hitz egitea delako. Bestela, taldeko batzuk isilik gelditzen dira, eta norbere prestakuntza edo trebatze prozesua ez oztopatzea da helburua”, azaldu dute Maramarako arduradun Ritxi Lizartzak eta Mintzaneteko koordinatzaile Cristina Tapiak.
Mintzaneten jatorria Mintzalagun proiektuan dago, baina, kasu honetan, aurrez aurrekoa izan beharrean, Internet bidezko elkarrizketak egiteko aukera ematen du. Berez, Donostian sortu zen, baina, gaur egun, Euskal Herrian, Europan eta Ameriketan ere baditu erabiltzaileak. Bostehun erabiltzaile inguru ditu: “Erabiltzaileen sartu-irtena etengabea da; batzuek, denbora batez aritu, eta utzi egiten dute, baina berri batzuk ere gehituz doaz”. Esperientzia “polita” da: “Bidelagun eta bidelari batzuk gero aurrez aurre gelditu eta elkar ezagutzera ere iritsi dira: adiskidetasuna sortu da”.
Webgune propioa
Skype plataforma baliatuz hasi ziren hasieran lanean, baina gero aplikazio edo webgune propioa sortu zuten Maramarakoek: Mintzanet.net. Izan ere, eurena izateak aukera eman die datuak bildu eta estatistikak egiteko. “Webgunea plataforma moduko bat da, erabilera sinplekoa”, Tapiaren hitzetan. Mintzanet egitasmoaren erabiltzaile izateko, bidelagun edo bidelari, Mintzanet.net webgunean erregistratu behar da. Zerbitzua doakoa da; ez du inork ezer ordaindu behar. Ordenagailu kamera eta mikrofonodun bat eta Interneterako konexioa izatea nahikoa da. Izena emateko, Prest botoia sakatu behar da webgunean, eta, ondoren, fitxa bete behar da norbere datuekin. Gero, Tapia arduratuko da bidelagunak eta bidelariak elkarrekin harremanetan jartzeaz.
Agenda malgutasuna
Zein bidelaguni zein bidelari eskaini Mintzanetekoek erabakiko dute; haiek egingo dute koordinazio lana. Horretarako, erabiltzailearen fitxako datuak hartuko dituzte kontuan: zein maiztasunekin jardun nahi duen, zer ordutegi duen, adina eta zaletasunak. Ondoren, bidelaguna eta bidelaria harremanetan jarriko dituzte. Dena sare bidez egiten dute. “Bidelagunek laguntzen dute euskaraz jarduten, baina ez da eskola bat. Azkenean, helburua euskaraz hitz egitea eta praktikatzea da”, azaldu du Tapiak.
Edozein ordutan jarduteko aukera ematen du Mintzanetek, ordutegia erabiltzaileek zehazten dutelako: “Gauean edota goizean, noiz jardun nahi duten bidelagunek eta bidelariek zehazten dute erregistratzeko orduan. Gaur egun, denok presaka eta denborarik gabe ibiltzen gara beti, eta horrek agenda aldetik malgutasun handia ematen digu”.
Izena eman ondoren, erabiltzaile bakoitzak bere profila izango du Mintzanet.net-en, eta han ikusi ahal izango ditu fitxan betetako datuak eta baita ordura arte izandako saio guztiak ere. Profila aldatzeko aukera izango du gerora ere. Erabiltzaile batzuek beti atzerritik ari direnekin jarri nahi izaten dute harremanetan. “Gaur egun, 250 bidelari daude, eta horien %15 atzerrian daude. Euskaraz gain, ingelesa praktikatzeko ere baliatzen dute batzuetan”.
Behin bidelaguna eta bidelaria harremanetan jarrita, zertaz jardun izaten da askoren kezka. Horregatik, bataren zein bestearen zaletasunak kontuan hartzen dituzte harremanetan jarri aurretik. Baina zein gai jorratu ere proposatzen dute: “Haberekin egina dugun hitzarmen bati esker, Ikasbide-ko materiala erabil dezakegu, eta, horrez gainera, guk geuk ere gai batzuk proposatzen ditugu”. Oro har, ordu erdi inguruko saioak izaten dituzte, “baina badira saio luzeagoak egiten dituzten erabiltzaileak ere”.
Aurrez aurreko jarduna
Azpeitiko Euskara Patronatuan bildutakoek, bi taldetan banatuta, Mintzanet zertarako den jakin ondoren, nola funtzionatzen duen ikusi zuten bertatik bertara. Proba egiteko orduan, kamera aurreko lotsak izan ziren azaltzen aurrenak.
Ondoren etorri ziren galderak: kamera aurrean jardutea derrigorrezkoa den galdetu zuen batek. Baietz erantzun zion Tapiak: “Garrantzitsua delako aurrez aurre ikustea norekin ari zaren”. Aurkezpenaren bukaeran, Azpeitiko euskaltegiko irakasleek adierazi zuten ikasleren batzuk Mintzanet erabiltzera animatuko direla seguru asko. Proiektuaren berri ematearekin batera, erabiltzaileak erakartzea ere izan da helburuetako bat. “Horrelako tresnak izatea denontzat delako aberastasuna”.
Leave a Reply