Genero ezberdintasunak “errotik” kentzeko plana onartu du Donostiak

Emakume eta gizonen arteko gizarte ezberdintasunak gutxitzeko edo “errotik” kentzeko helburua du Donostiako Udalak; horrela jaso du aurkeztu berri duen txostenaren edukian, III. Berdintasun Planean.

2014-2018 epealdirako egin duten planak prozesu luzea du aurretik. Izan ere, iaz, II. Berdintasun Plana amaitu zutenean, ebaluatu egin zuten alderdi ahulak eta indartsuak identifikatzeko, eta bide horretatik III. Berdintasun Plana hobetzeko asmoz. Donostiako emakume eta gizonen arteko errealitateak identifikatzeko diagnostikoa egin zuten. Ondoren, partaidetza prozesu bat jarri zuten martxan, udal langileei, donostiarrei eta, bereziki, emakume taldeei eta talde feministei irekita. Plana onartuta, ezberdintasunei erantzuteko zazpi ildo nagusitan banatutako berdintasun politika publikoak sustatzea adostu dute.

1. Gobernantza

Administrazio jardueretan genero ikuspegia barneratzeko konpromisoa hartu du Donostiako Udalak. Horren bidez, udalak berdintasunarekiko duen konpromisoa “indartu” eta politika publiko eraginkorra eta bidezkoa egin nahi dute.

2. Zaintza

Egungo gizarte egituran dagoen sexuen araberako rolen banaketa apurtzera joko dute. Zehazki, zaintza lanak emakumeen egitekotzat hartzeari uztea nahi dute. Administrazioari, enpresei eta gizarte eragileei begirako ildoa izango da, eta zaintza eredu unibertsal eta duinaren alde egingo dute.

3. Indarkeriarik gabea

Lehentasuneko ildotzat jo dute “gaur egun emakumeei zuzenki eragiten dien arazoa”, indarkeria matxista, desagerraraztea. Udaleko III. Berdintasun Planaren arabera, indarkeria matxista baita “emakume eta gizonen arteko ezberdintasunaren isla nagusiena”. Ildo horren barnean, indarkeria matxista detektatu eta jasan dutenei arreta eskaini nahi diete, batetik; eta prebentziorako neurriak sustatu nahi dituzte, bestetik. Horretarako, ezinbestekotzat jo dute “indarkeriarik gabeko gune eta hiriak pentsatzea”.

4. Jaiak eta kultura

Donostian aisialdi ez-sexista eraikitzea ere sustatu nahi dute udaleko berdintasun planaren bidez. Jaiak eta kultura “gizarte antolakuntza ereduaren gako” gisa definitu dituzte, eta arlo horretan aurrerapauso handiak eman direla onartu arren, parekidetasunaren aldeko lanean jarraitu beharra berretsi dute.

5. Osasuna eta kirola

III. Berdintasun Plana egiteko diagnostikoan jaso dutenez, ohitura osasuntsuen eta kirolaren eremuan ezberdintasunak daude, oraindik ere, emakume eta gizonen artean; are gehiago, “baita mutiko eta nesken artean ere”. Horregatik, kirol arloan emakumeen ahalduntzea bultzatu nahi du Donostiako Udalak, “beren gorputzaren eta zaintzaren bidez”; eta kirola praktikatzeko orduan ere berdintasuna egotea bermatu nahi dute.

6. Andreen partaidetza

Planak feminismoaren lorpenak oinarri hartu ditu, eta emakumeei “guztiz bermatuko die” herritartasun eskubideak baliatzeko bidea. Horrez gain, ziurtatu egin nahi du emakumeek espazio soziopolitiko eta ekonomiko guztietan parte hartuko dutela ere.

7. Autonomia, boterea

Emakumeen autonomia falta dela eta, “pobrezia feminizazioa, emakumeen aurkako indarkeriaren gorakada eta, oro har, emakumeen eskubiderik eza” jaso dituzte diagnostikoan. Hori konpondu ahal izateko, emakumeen autonomia ukatzen duen kultura eraldatzeko beharra nabarmendu dute planean. Emakumeen ekonomia autonomia lortzeko bidean, “pertsona, talde edo erakundeak euren buruaren jabe aitortzea ez da nahikoa”. Emakumeen autonomiaz eta botereaz gizarte ituna bultzatuko dute III. Berdintasun Planaren bidez.

Leave a Reply

Your email address will not be published.