Kaleko dantzak, barruan

Dantza

Arrasate

Breakdance-a, hip hop musika, ikus-entzunezkoak… Hori eta gehiago biltzen du Divenire ikuskizunak. Bihar, 19:30etik aurrera, Arrasaten izango da ikusgai, Amaia antzokian. Klonk eta Papiro…flexia aurreko lanen ondoren, Divenire ere elkarlanean prestatu dute Circle of Trust dantza konpainiak eta Logela Multimediak. Jordi Vilasecak zuzendu du ikuskizuna. Arrasateko Udalaren eta Kutxabanken webgunean eros daitezke biharko sarrerak, 10 euroan.

Circle of Trust Zaragozako (Espainia) talde bat da, eta sei kide ditu: Ignacio Fernandez, David Ventosa, Alberto Pardo, Marcos Pardo, Juan Manuel Aragon eta Victor Lazaro. 2002an sortu zuten taldea, eta, geroztik, ibilbide oparoa ari dira osatzen breakdance-aren arloan. Mundu osoko lehiaketetan parte hartu izan dute, eta sona handiko jaialdietan dantzatu: Bartzelonan, Manchesterren… Zenbait marka handirentzat ere lan egin dute.

Taldearen helburua da hip hoparen kultura “publiko orokorrari hurbiltzea”. Hori dela eta, bide berriak ireki dituzte azken urteetan. Zenbait ikuskizunetan, breakdance-a zirkuko diziplinekin nahasten dute. Cyr Wheel deitutako diziplina akrobatikoa taularatu dute, besteak beste; diziplina horretan, uztai erraldoi batekin egindako akrobaziak breakdance dantzarekin uztartzen dituzte.

Logela taldea aditua da sorkuntza garaikidean eta multimedian. Divenire ikuskizunerako hainbat ikus-entzunezko prestatu ditu, Circle of Trusteko dantzarien mugimenduak janzteko.

‘DIVENIRE’

Noiz. Bihar, 19:30ean.

Non. Amaia antzokian.

Leave a Reply

Your email address will not be published.