Langile izateko nahiko lan

Langileen eskubideen alde kalera irteteko eguna izaten da Maiatzaren Lehena, Langileen Nazioarteko Eguna, eta atzokoa ere hala izan zen. Azken urteetako krisi ekonomikoaren ondorioz, gainera, motiboak pilatuz doaz, eta haiek motibatuta mobilizatu ziren atzo ehunka gipuzkoar eskualdeka: Zarautzen, Donostian, Eibarren, Irunen, Hernanin, Tolosan, Ordizian…

Sindikatuetako eta alderdi politikoetako kideek murrizketei eta eskubide urraketei aurre egin eta eredu ekonomiko propioa sortu beharra aldarrikatu dute. Enpleguaren suntsiketari, soldaten aurkako erasoei, langabeziaren gorakadari edota babes sozialaren murrizketari aurre egin behar zaiela diote. Herritarrek, ordea, ezberdin erantzuten diete sindikatuek egindako aldarrikapen eta borroka eremuetan aritzeko deiari: bizitakoetatik eta bizi duten eta izan duten errealitatetik. Askotariko bizipen horien lagin bat jaso nahi izan du Gipuzkoako Hitza-k, lau lagunen iritziak ekarriz: langabe, langile, pentsiodun eta ikasle batenak.

Erregulazio dosier batek eragin dio Igor Guadix usurbildarrari; Marie Brizard enpresa ez ixteko akordioa lortu ondoren, lanean jarraitzen du. Sebastian Beobide azkoitiarra, berriz, lanik gabe dago urriaz geroztik, eta epe laburrean ez du itxaropenik egoerak hobera egiteko. Pentsiodunek ere badute zer aldarrikatu, Marimi Ugaldek, kasu. 71 urterekin hartu zuen erretiroa, eta orain, bere etorkizunari ez ezik, seme-alaben eta biloben geroari ere begiratzen dio. Garazi Bedatse arrasatearra ikasten ari da, asteburuetan lan egiten duen bitartean. Egunerokoa aldarrikatu du, etorkizunaren alde.

IGOR GUADIX

Marie Brizardeko langilea (Usurbil, 1982)

“Borrokatu beharra daukagu; ezin dugu galtzen utzi gure aitona-amonek lortutakoa”

1. Marie Brizarden, lan egiten dudan enpresan (Zizurkil), ekainaren 30era bitartean indarrean dugu aldi baterako erregulazio espedientea, baina azken hilabeteetan bizi izandakoa kontuan hartuta, gure lan egoera ez da hain txarra. Iazko azaroan, zuzendaritzak jakinarazi zuen urte hasierarako enpresa itxi nahi zuela, eta bertako 48 langileak kaleratu. Grebari ekin genion langileek orduan, eta, protesta ekintza ugariren ondoren, lantegia ez ixtea lortu genuen. Azkenean, akordioa lortu genuen zuzendaritzarekin, eta abenduaren 17an itzuli ginen gure lan postuetara. 55 urtetik gorakoek erretiro aurreratua hartu dute, bi lagunek beren borondatez utzi dute lana, eta beste bi kaleratu egin dituzte. Gainontzekoek lan hitzarmena blindatua dugu urtebeterako, eta lehengo lan baldintzei eustea lortu dugu. Orain, lan gehiago iristeko zain gaude. Gure lan kargarik handiena Pulco markako zukua egitea zen, baina zeregin hori Frantziara eraman dute.

2. Langileen eguna da Maiatzaren Lehena, eta, gauzak orain dauden bezala, garrantzitsua da langileon ahotsa ozen entzunaraztea. Borrokatu beharra daukagu. Horregatik, jendeari proposatzen diot lan baldintza duinen aldeko ekintzetan eta mobiliza- zioetan parte hartzeko.

3. Kalera ateratzea eta protesta egitea gure eskubidea da. Borroka da daukagun arma bakarra. Langileen borrokaren bidez, beti lortu izan dira gauza onak. Ezin dugu galtzen utzi gure aitona-amonek lortutakoa.

4. Egia esan behar badut, aurrera begira ez naiz oso baikorra. Hala ere, gure esku dago gauza txarrak gauza on bihurtzea. Protesta egin behar dugu, gure etorkizunaren alde. Kontu honetan ezkor samarra naiz.

SEBASTIAN BEOBIDE

Langabea (Azkoitia, 1967)

“Orain lanik gabe nago ni, eta langabe batentzat egun bat gehiago da Maiatzaren 1a”

1. Urriaz geroztik langabezian nago. Gazte-gazterik hasi nintzen lanean. Tailerrean ere egin izan dut lan, baina, batez ere, eraikuntza sektorean aritu izan naiz. Lehen aldiz, 2010ean gelditu nintzen lanik gabe. Orduan bi urte pasatxo egin nituen egoera horretan. 2012an, lanean hasi nintzen berriz. Iazko urrian, ordea, lanik gabe gelditu nintzen.

2. Maiatzaren Lehena desberdin bizitzen duzu momentuan duzun lan egoeraren arabera. Orain lanik gabe nago ni, eta langabe batentzat egun bat gehiago besterik ez da. Egun berezia izan edo ez, lanik gabe dagoen pertsona batek urte osoan egin behar dio aurre egunerokoari.

3. Argi dago protesta egiteko arrazoiak badaudela. Baina uste dut gauza gutxi lor daitezkeela, tamalez, manifestazio edo antzeko aldarrikapen ekintzen bidez. Ia ez diete kasurik egiten protestei. Are gehiago, esango nuke kalera protesta egitera ateratzen diren herritarrek berek ere gero eta fede gutxiago dutela protestetan.

4. Egia esan, nahiko beltz ikusten dut egoera. Epe laburrean ez dut ikusten hobekuntza handirik. Itxaropenari eusten ahalegintzen naiz beti, baina momentu honetan ezkor samarra naiz.

MARIMI UGALDE

Pentsioduna (Elduain, 1940)

“Sentitzen dut gehien behar dutenak zigortzen dituztela gehien”

1. Ni baino hobeto daudenak egongo dira, baina okerrago daudenak ere asko dira. Beraz, ahal bezala aurrera segitu beharra dago. 71 urte nituela erretiratu nintzen, 2011n. Urte askoan irakasle gisa lanean aritu nintzen, eskola nazional esaten zitzaien haietan, lehenik, eta Andoaingo ikastola sortu genuenean, hantxe. Gero, hamasei urtez Irurako alkate izan naiz. Azken urte horietan, nire diru sarrerak ez ziren irakaskuntzan nenbilen garaian adinakoak, eta, ondorioz, pentsioa ere horren araberakoa dut. Bizi esperantza igo eta igo ari da, eta pentsioak, berriz, jaitsi egin dituzte.

2. Egun jakinek bizi garen egoera gogorarazteko balio duten arren, bakoitzak berearekin urte osoan jarraitu behar du. Sentitzen dut gehien behar dutenak zigortzen dituztela gehien. Langile nintzenean bizi nuen modu berera bizi dut Maiatzaren Lehena. Beti edukitzen da zalantza egun horren bueltan zer gertatuko den, ezer aldatzerik izango den… Ikusten dut halako egunak beharrezkoak direla borrokan gabiltzanok elkartzeko eta batera lan egiteko, baina esandakoa, ez naiz egun jakinekin itsutzen. Izan ere, pentsiodunok, geure egoerari ez ezik, beste guztien etorkizunari ere begira gaude; seme-alaben eta biloben eskubideak ere defendatu nahi ditugu. Ez dugu Maiatzaren Lehenerako ezer konkreturik antolatzen, baina aipatutakoak lirateke egun horretan eta gainerako guztietan aldarrikatu beharreko kontuak.

3. Balio behar luke. Pentsiodunon kezka azalera irteten hasi da; gu ere bagaude kaleko protestetan. Baina ez dugu bat egiten: 71 elkarte inguru gara Gipuzkoan, eta bakoitzak bere aldetik egiten dituen protestek edo ekintzek oihartzun txiki samarra izaten dute. Denok elkartuko bagina, hobe izango litzateke; bederatzi milioi pentsiodun garela esaten dute: gobernua larri jarrarazteko nahikoa badela uste dut. Pentsio pribatuak dira haien eredua, eta hori ongi dago asko irabazi duenarentzat. Baina hala ez bada, askoz okerrago geratzeko arriskua dago.

4. Orain doan martxan okerrera egingo duela esango nuke. Pentsioak izoztuta egon dira orain arte. Orain, igo egin direla esan dute, baina bizi maila zenbat igo den kontuan izanda, pentsioak jaitsi egin dira praktikan; guk, behintzat, erosketak egiteko askoz ahalmen txikiagoa dugu. Gainera, pentsiodunak ari dira familia asko eta asko mantentzen. Zenbait familiaren kasuan, pentsiodunarenak dira hileko diru sarrera bakarrak. Beraz, arazoa ez da gurea bakarrik, denona baizik. Pentsa, pentsiodunok ez badugu asko jasotzen, eta, gainera, familiari eta ingurukoei lagundu behar badiegu… Egoerak okerrera egin du, eta halaxe jarraituko duen beldurra dago gure bueltan.

GARAZI BEDATSE

Ikaslea (Arrasate, 1992)

“Antolatu egin behar dugula uste dut, eta borrokak aurrera eraman behar ditugula”

1. Ikasketak bukatzen ari naiz, baina karrera ikasten hasi nintzenetik tarteka lan ere egiten dut. Irakasle ikasketetako laugarren maila egiten ari naiz Gasteizen, eta Arrasaten bizi naiz, gurasoen etxean. Asteburuetan, berriz, taberna batean egiten dut lan, baina aritu izan naiz haurrei klase partikularrak ematen, udalekuetako begirale edo aisialdi eta kirol hezitzaile ere. Denak aldizkako lanak izan dira, eta gehienak kontratu gabekoak. Gurasoekiko hainbesteko menpekotasuna ez izateko hautatu nuen ikasten ari nintzen bitartean lan egitea; hala ere, lan horietan irabazi izan dudanarekin ez da nahikoa, eta gurasoen laguntza beharrezkoa dut.

2. Kalera irteteko egun bat iruditzen zait, beharrezkoa delako kalera irtetea. Gehienbat, aberastasunaren banaketa justuagoa eta lan baldintza duinak exijitzeko. Bereziki, inposatzen diguten sistema kapitalista eta patriarkala suntsitu eta burujabetzan oinarritutako gure eredu propioa eraiki ahal izateko. Beraz, esango nuke Maiatzaren Lehena borrokarako eguna dela, ospakizun eguna baino gehiago.

3. Uste dut ez duela horretan bakarrik geratu behar. Maiatzaren Lehena, adibidez, bada borroka egun gisa markatuta dugun egun bat, baina sistema honi aurre egitea nahi badugu, gaurdanik bestelako eredu baten eraikuntzan lan egin behar dugu, nik uste. Ez kalean soilik: antolatu egin behar dugula uste dut, eta borrokak aurrera eraman behar ditugula, ez dadila egun bateko kontuan soilik gera. Egun batean kalera irten eta protesta egitea bada indar erakustaldia bere horretan, baina horretan geratu gabe: aldarrikapen horiek egun gehiagotara hedatu behar ditugu, beste espazio batzuetara eraman.

4. Argi daukat ikasten jarraitu behar dudala, baina hori neure aukera izan da. Hala ere, sistemari aurre egiten ez badiogu, antzera jarraituko dugu: ikasten ez dakit zenbat urtera arte, emantzipatzeko aukerarik gabe gurasoen etxean bizitzen… Horri buelta emateko aukera bakarra borroka egitea dela uste dut.

Leave a Reply

Your email address will not be published.