“Borondate eta lan handia dago film labur baten atzean”

Kepa Errasti aktore eta zinemagilearen (Aretxabaleta, 1981) Euskaldun berriaren esketxa film laburra eskainiko dute gaur, Tolosan, Leidor antzokian, 22:00etan. Laburbira film laburren zirkuituaren barnean emango dute lan hori, beste seirekin batera.

Errastik filmaturiko esketxa eta beste batzuk Interneten ere badaude, Prozak.eus helbidean. Guztiak aretxabaldarrek eginiko esketxak dira, euskararen ingurukoak.

Gidoilari eta zuzendari lanak egin dituzu film labur honetan; orain arte, ordea, aktore lanetan ikusi zaitugu batik bat. Nola moldatu zara beste eginkizun horietan?

Ez da lehen aldia, gauza txiki batzuk baneuzkan eginda lehenagotik, eta esan beharra dago lan honetan aktore lanak ere egiten ditudala, gainera. Oso proiektu polita izan da. Ni izatez Aretxabaletakoa naiz, eta hango euskara taldeak euskara sustatzeko antolaturiko ekintzetako baten haritik sortu zen lan hau. Izan ere, hainbat esketxez osaturiko ikuskizun bat eskaini zuten, eta esketx horietako bat zen Euskaldun berriaren esketxa.

Baliabide gutxirekin eginiko lana izan da?

Bai, bai. Nik neronek daukadan kamerarekin filmatu genuen. Aktore guztiak Aretxabaletako herritarrak gara; baldintzetako bat zen esketx horiek egiterakoan. Eta esketx honek izugarrizko oihartzuna izan zuen Interneten jarri genuenean. Horren harira hartu zuten Laburbira barruan.

Eta zer da Euskaldun berriaren esketxa? Parodia bat?

Nik lan hau ez dut film labur bat bezala kontsideratzen; esketx bat da niretzat. Izan ere, egoera konkretu bat kontatzen da, ez istorio bat. Euskaldun zaharrok euskaldun berrien aurrean nola jokatzen dugun erakusten duen egoera baten esketxa da, finean; euskaraz hitz egiteko duten gogoaren aurrean zein den gure jarrera. Umoretik egiten dugu kontakizuna; hori oso argi geneukan hasiera-hasieratik.

Tolosan gaur eskainiko duzue lana, baina aurretik Euskal Herriko beste hainbat herritan ikusgai izan da. Ikus-entzuleak identifikatuta sentitu al dira?

Aretxabaletan, adibidez, ikusi nuen nola jendea identifikatuta sentitu zen nor bere rolean. Hau da, euskaldun zaharrak euskaldun zaharren rolean eta euskaldun berriak euskaldun berrien rolean. Euskaldun berri batzuek komentatu izan didate ea benetan horrela hitz egiten ote duten, ea horrela ikusten ditugun… baina gero esketxean bertan ikusten da nola buelta ematen zaion egoerari, eta nola kritikatu egiten den. Izan ere, zalantzan jarri nahi dena ondokoa da: euskaldun zaharrok dugun jarrera euskaldun berrien aurrean. Euskaldun zaharrok euskaldun berrien aurrean dugun jarrera kritikatzen da, umorez.

Garrantzitsua izango da Laburbira eta gisako zirkuituetan lanak erakustea, ezta?

Bai. Hala ere, nabarmendu nahi dut esketx hau ez zela horretarako egin; gure asmoa herri mailan geldituko zen gauza bat egitea zen. Baina Interneten izan zuen zabalkundearen ondorioz eta Laburbiratik deitu zigutenean, baietz esan genien, noski. Euskaraz egiten diren lanak ez dira hainbeste, eta luxu bat da hainbat plazatan aurkezteko aukera ematea eta egiten diren lan horiei toki bat uztea. Azken finean, 30 herritan baino gehiagotan erakutsi da Laburbira. Beraz, aukera ona da lan horiek jendaurrean erakusteko. Kasu honetan, esketx honek ez hainbeste, baina film labur batek sekulako lana du atzetik.

Film laburrak motzagoak direlako dirudi lanaren erdia eskatzen duela, baina ez da hala, ezta?

Istorioa pentsatu, baliabideak topatu, lanerako jendea bilatu… Borondate eta lan handia dago film labur baten atzean, eta lan hori erakusteko aukera ematea ederra da.

Esan duzu aktoreak ez direla profesionalak, herritarrak direla. Zer moduz moldatu ziren?

Oso ondo. Jende askok komentatu dit zeinen natural, zeinen ondo dauden. Eta hamabost-hogei lagun badira! Oso ondo pasatu genuen, eta emaitza oso polita irten da.

Ze proiektu dituzu esku artean?

Film labur bat filmatu genuen iazko abenduan, eta orain muntatze lanetan ari gara. Ea udararako aurkezteko aukerarik badaukagun. Aitona mantangorria du izena. Hori benetako film labur bat da, eta gogotsu gaude zer harrera izaten duen jakiteko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.