Bi urte eta erdi dira Lezon Apaiziartzako proiektua martxan jarri zutenetik. Gaintxurizketa inguruan, herritar talde batek baserri baten erdia eta inguruko lurrak okupatu zituen; geroztik, nekazaritza ekologikoan aritu dira lanean, kontsumo taldeak eratu dituzte, eta 75 familia elikatzen dira ekoizpen horretatik. Orain, ordea, “alarma” piztu dela ohartarazi dute: “Joan den urteko urritik jazarpen etengabea pairatzen ari gara. Azkeneko aldian baserrira sartu dira, barrutik puskatu dute, baratzeak ere puskatzen ari dira…”. Hala eman du egoeraren berri Joseba Pikabeak, kontsumo taldeko ekoizle eta Apaiziartza Bizirik taldeko kideak.
Bi urtez “inolako arazorik gabe” egon dira ondoko bizilagunekin; harremana “normala” izan da, aldaketa iritsi zen arte. “Ez dakigu zer interes dauden atzetik; haiek diote gu baino lehenago daudela, lehentasuna dutela lur horiek eta baserri zati hori erabiltzeko; horretan oinarritzen dira”. Pikabearen ustetan, baina, “interes espekulatiboak” egon daitezke jarrera horren atzean: “Gaintxurizketako lurrak hain baliotsuak izanda, baratzeak egin ordez agian nahiago dute beste zerbait egin”. Inplikatutako beste aldeak ez du gaiaren inguruko azalpenik eman.
Gutxieneko batzuk lortzea
Egoera bideratze aldera, aldundiarekin —okupatutako inguruaren jabetza du— eta Lezoko Udaleko ordezkariekin hainbat bilera egin dituzte taldeko kideek, baita bizilagunekin eurekin ere: “Behintzat gutxieneko batzuk adostea zen asmoa, elkarbizitzarako arau batzuk. Gure aldetik prest azaldu ginen, baina haiek ez zuten inolako asmorik horretarako. Hor ikusi zen zer prestutasun zegoen arazo hau konpontzeko”.
Okupatutako lurretan jarduten dute lanean nekazaritzaren alorrean; horregatik, erabiltzaile gisa ikusten dute euren burua. Pikabearen arabera, bileretako batean aldundiak proposamen bat jarri zuen mahai gainean aurrera begira: “Lur horiek lur banku batean sartzea proposatu zuen, eta konkurtso publikora ateratzea. Horrela, gu aurkez gintezke, baita bizilagunak eta beste edozein herritar ere”.
Apaiziartza Bizirik-eko kideek begi onez ikusiko lukete aldundiaren aukera hori, euren nahia bakarra baita: orain arte egindakoari eutsi ahal izatea. “Eman beharreko pausoak emateko prest gaude; hasieratik, gainera”. Dena den, gatazka “areagotzen” ari dela ikusten dute, eta bizilagunen intentzioa “ahalik eta gatazka gehien sortu eta gatazka horretatik etekina ateratzea” dela iritzi diote. “Gu alderantziz ari gara: saiatzen gara probokazioetan ez erortzen eta gure eguneroko jardunarekin jarraitzen”.
Egoeraren berri emateko, taldeak batzarra antolatu zuten atzo, Lezon. Haien asmoa herritarren artean informazioa zabaltzea izan zen, eurengandik jakin dezaten zer gertatzen ari den: “Gatazka kaleratzen ari da, baina jendeak pentsatzen du bizilagunen arteko gatazka soil bat dela. Guk esaten dugu hor beste interes batzuk daudela, oso lotuta daudenak enpresa eraikitzaileekin. Hor kontrajartzen dira interes partikular edo ekonomikoak eta kolektiboak”.
Lurrak eta baserri erdia okupatu zituztenean, nekazaritza ekologikoan oinarritutako kontsumo sare bat sortzea zuten helburu, baina, horrekin batera, etxebizitza arazo “larriari” irtenbidea emateko modu bat ere ikusi zuten. Han eraiki nahi duten plataforma intermodalari aurre egitea ere bazen euren xedea.
Landa eremuetako auziak
Apaiziartzako kasutik haratago, “jazarpen” mota hori beste hainbat tokitan gertatzen dela salatu du Pikabeak, batez ere landa eremuetan. “Ikusten dugu nola presionatzen duten baserritar bat bere lurrak saltzeko, ezinegon hori sortu, azkenean etekin ekonomiko bat lortzeko”. Katalunian hainbat kasu izan direla esan du taldeak, eta gertuago ere halakoak gertatzen ari direla ohartarazi du —Tangora Etxeko kasua Getxon, 2003an—.
Taldeak salatu duenez, eraikuntza enpresa handiak etengabe ari dira han eta hemen lurrak ikuskatzen, “etekina emango dien aukeraren bila”. Uste dute horretarako “peoiak” dituztela, “belar txarra garbitzen” laguntzen diena.
Leave a Reply