Gipuzkoako hondartzak prestatzen hasi dira uda garairako

Otsaileko eta martxoko itsas denboraleen ondorioz sortutako kalteak konpontzeko lanak hasita daude. Uda garaia hasterako, Gipuzkoako kostaldeko hondartzak egokitzeko lanek ere badute egutegia. Donostiako Zurriolako hondartza egokitzeko lanak gaur bertan hasiko dituzte, 300.000 metro kubiko hondar jaurtitzeko hodien muntaketarekin. Horretarako, 10:00etatik 16:00etara itxita egongo da hondartza. Gero, astelehenean, hondarra botatzen hasiko dira. Lanak hiru zatitan egingo dituzte, fase bakoitzean 200 metro inguruko hondartza zatia hartuz.

Hasieran, lanak egiteko hondartza erabat ixteko asmoa zuten, baina horrek inguruan lan egiten dutenen kexa eragin zuen. “Hasierako plana behin eta berriro aldatuz joan da, eta, horri esker, hondartza erabat itxi behar ez izatea lortu da”, azaldu du Nora Galparsoro Donostiako Hiri Azpiegituretako eta Zerbitzuetako zinegotziak.

Zurriolako hondartzan zortzi bat surf eskolak jarduten dute. Horietako bat da Groseko Indarra Surf Taldearen eskola. Gustura daude azkenean ados jarri direlako eta hondartza erabat itxi gabe egingo direlako hondarra botatzeko lanak. “Hondartza zatika itxita, surfeko eskolak eta bestelako ekintzak mantentzea espero dugu”, dio Jon Mikel Zubeldia Groseko Indarra Surf Taldeko presidenteak. Hondarra botatzeko lanetarako hondartza erabat itxiko zutela hedabideetatik jakin zutela dio: “Hasieran, hondartza hilabetez itxiko zutela esan zuten, eta izutu egin ginen pixka bat”. Ondorioz, surf eskolakoen artean hitz egin zuten. “Denontzat kolpea izan zen berri hori, eta geure artean hitz egin genuen. Segidan, udalarekin harremanetan jarri ginen, eta udalak denon arteko bilera batera deitu zuen”.

Bilera horretara, lanak direla-eta kalteak izango dituzten eragileak deitu zituen udalak, Galparsororen esanetan: “Eragileekin egoeraren gaineko iritziak trukatu ziren bileran, haien beharrak Espainiako Ministeriora helarazteko”. Bilera egiteak emaitzak ekarri dituela uste du surf taldekoak: “Horrela, denon artean hitz eginda, posible izan da irtenbidea aurkitzea”. Udala ere bat dator horretan: “Positiboa da irtenbide hobea topatzea, batez ere, lanen eragin kaltegarriak izugarri arindu direlako. Hasiera-hasieratik hori izan da udalaren helburua”.

Hondartza zatika itxita, surf eskolek euren jardunarekin segitzeko aukera izango dute. Indarra surf eskola, esaterako, urte guztian aritzen da ikastaroak ematen, bete-betean ekainetik aurrera hasten bada ere. Baina, Aste Santuaren ondoren, eguraldi onarekin eta eguzkia ateratzen hasten denean, jendeari uretara sartzeko gogoa pizten zaio, eta surfera animatzen da. “Orain hasten da mugimendua, eta, gero, maiatzaren bukaeran eta ekainaren hasieran hasten da jende gehiena”.

Nahiz eta lanak bukatu bitartean hondartza zatika itxita egon, Zurriolan surf eskolak moldatzeko aukera izango dute. “Ez dut uste arazorik egongo denik garai honetako surf ikastaroen kopuruarekin. Arazoa udan izango litzateke, orduan bainulari piloa eta ikastaro asko elkartzen baitira. Oraindik ez da hasi jende asko hondartzara jaisten, eta toki aldetik ez da arazorik egoten”.

Hondartzako lanek hamabost egun iraungo dutela esan diete.

Surf eskola, kaltetuta

Eskolaren eraikinak ere kalte handiak izan ditu itsas denboraleen ondorioz, eta haiek ere egoitza noiz konponduko zain daude. “Zurriolako hondartzan bertan gauden surf eskola bakarra gara; lokala hondartzaren mailan daukagu. Zurriolan aritzen diren gainontzeko surf eskolak goian daude, Grosen edo kalean, eta haiei ez die eragin itsas denboraleak. Baina olatuek gure egoitza bete-betean harrapatu zuten, eta ateak-eta dena apurtuta daude”. Lokala udalarena dute. “Seguruen dirua eta kalteak konpontzeko dirua Madrildik dator, eta horren zain gaude konponketa lanekin hasteko”. Berez, dagoeneko surf eskolak ematen hasita egon beharko lukete, baina denboralearen kalteengatik oraindik ez dira hasi. “Ekainaren 1ean hasten da udako denboraldia, eta ordurako martxan egotea espero dugu”.

Donostian, Zurriolan bakarrik ez, Ondarretan ere botako dute hondarra. Galparsorok esan du gainontzeko kalteak konpontzeko lanak aldez aurretik jarritako aurreikuspenen arabera doazela. Salamanka pasealekuaren kasuan, Espainiako Ministeriotik zehaztapen batzuk jaso zain dago udala, ondoren hango ostalariekin biltzeko.

Asteazkenetik, Hondarribian ari dira hondarra botatzeko lanean. Gaur bukatzea espero dute, eta segidan Zurriolara joko dute lanera. Ondoren, Espainiako Gobernuko Kostaldeko Zuzendaritza Nagusiaren Itsasertzeko Planari segituz, Zarauzko, Getariako, Debako eta Mutrikuko hondartzetan ere jaurtiko dute hondarra.

Leave a Reply

Your email address will not be published.