Zabalik dagoen kaiola bat da. Gordailuaren eraikina halaxe irudikatu nahi izan zuten Pedro Astigarraga eta Jose Leon Lasarte arkitektoek. Kaiola hori inoiz baino irekiago dago orain, eraikinaren goi eta beheak ezagutzeko bisita gidatuak antolatu baitituzte. Han daude Gipuzkoako kultur ondarearen pieza ugari; 60.000 objektu, guztira.
Irungo Arretxe gaineko eraikina mendeetako historiaren gordeleku bilakatu da. Atetik pasatu eta lehen korridorera iristean sumatzen da hori. Apaletan sailkatuta, sektoreka banatuta dauzkate piezak: badaude nekazaritzakoak, sukaldaritzakoak, kutxak, zeramika, armak, margolanak… Antton Arrieta Gordailuko arduradunak ondo baino hobeto ezagutzen du hiru solairuetan gordetzen dituzten altxorrak. “Helburua gauzei iraunaraztea da, ehun urte barru orain dauden bezala egotea”.
Tresnaz betetako apaletan badira jatorria identifikatu gabekoak; pareta batean zintzilik dituzten laratzak, adibidez. Antzinakoen artean, berriz, XV. mendeko alabastro bat, Oiartzungo baseliza batekoa: “Ingalaterran zizelkatutakoa da. Gipuzkoan ohi baino gehiago daude. Izan daiteke Akitania Ingalaterrari zegokion garaian, Erdi Aroan, Gipuzkoara heltzeko errazago izatea”.
Aurkikuntza arkeologiko zaharrenen artean bada XIV. mendeko bat ere: indusketa lanetan ari zirela Hondarribian topatu zuten entsalada ontzia. Eta Arrietarentzat kutunenetakoak, laiak. “Gustuko ditut Euskal Herriko nekazaritza tresna direlako, eta baita emakumeak eta gizonak berdintzen zituzten tresnak zirelako ere”. Gogoan du nola jartzen ziren guztiak ilaran, laiarekin jarduteko.
Material guztia hondatu gabe mantentzeko, beharrezkoak dira baldintza egokiak. Horretarako, leihorik gabeko biltegiak dituzte, baita tenperatura eta hezetasun jakinak ere, gelen arabera. Eraikinaren bigarren solairuan zaintza berezia egiten diete hainbat elementuri, “kalteberak” direlako. Oihalak eta paperak dituzte gela batean, hezetasun maila baxuagoarekin; zaharberritutako piezak, berriz, beste batean, baldintza zorrotzagoetan.
Piezak Gordailuaren sarrerako atetik jasotzen dituztenean, egitekoa bestelakoa da. Lehenengo azterketa pasatu behar izaten dute paper, larru eta egur guztiek: anoxia. Poltsa erraldoi batean sartzen dituzte, airearekin puzten dute, oxigenoa kendu, eta bakarrik nitrogenoarekin, bertan izaten dituzte: “25-30 egunez egoten dira, intsektuak hil daitezen”.
Alboko gelako ur putzua ere erabilgarri zaie itsasoaren inguruan egon diren metalezko piezentzako: kanoiei, aingurei eta abarrei gatza kentzen diete horrela. Horiekin batera beratzen jarri dituzte egurrez egindako zenbait objektu ere; Segurako dolare baten zati bat eta Arditurriko meategiko eskailera moduko bat dituzte, adibidez.
Lehen traktoreak
Pieza astunek aparteko gordeleku bat dute; oso astunek, berriz, beste handiago bat. Astunen artean jasota dituzte Zumaiako ontzi baten motorra, Kontxako buia bat eta gari kutxa erraldoi bat. Baita Gipuzkoako lehen traktoreak izan daitezkeenak ere: “1929. urtekoak izan daitezke. Fordson markakoak dira, AEBetan eginak”.
Behin egoki jarrita, erregistratu eta etiketatu egiten dituzte objektu guztiak. Afixak sailkatzen eta plastikoetan sartzen dabiltza bi langile gela batean. San Telmo museotik eramandako 27.500 piezetatik 6.000 etiketatuta dauzkate dagoeneko. Museo horretako bildumetatik aparte, Gordailuko ondarearen zatirik handiena aldundiarena da; horiekin batera, zenbait elkarte edo norbanakoren materiala dute. Esaterako, Bidasoko Porcelanas enpresako 7.000 pieza dituzte.
Portzelanazkoekin egin duten bezala, beste hainbat materialetako objektuak ere jasotzen dituzte, jatorri eta izaera ezberdinekoak. Baina badute “muga” txiki bat: “Teknologia saiatzen gara alde batera uzten; asko aldatzen den gauza bat da. Eta orain ixten ari diren lantegiekin-eta material guztia hartuko bagenu, dena beteko liguke horrek”.
Gordailua objektuen gordeleku bat baino gehiago da, ordea. Kontserbaziorako eta ondare gehiago biltzen jarraitzeko, biltegiek ezinbesteko dituzte beste zenbait osagarri: horretarako dituzte zaharberritze tailerrak, ikerketa guneak, dokumentazio zentroa, balio anitzeko gelak eta bulegoak.
Bisitak eta hitzaldiak
Ondareari iraunaraztearekin batera, “ezagutza zabaltzea” ere bada Gordailuko arduradunen helburuetako bat. Horretarako, batzuetan aldizkako erakusketetara ateratzen dute materiala; besteetan, bisitariak dira Irunera gerturatzen direnak. Azken hori egiteko aukera izango dute hainbat lagunek hilaren 17an, orduan izango baita hurrengo bisita. Ibilbide gidatuak ez ezik, hitzaldiak ere prestatu dituzte aurtengo programazioaren barruan.
Leave a Reply