Magia ikusi eta ikasteko

Magia

Elgeta

Nazioarteko X. Magia Mostra hartuko du Elgetak gaurtik igandera bitarte. Mundu osoko hainbat magok euren abilezia eta trikimailuak erakutsiko dituzte Espaloia kafe antzokian. Horrez gain, haurrentzako tailerrak ere prestatu dituzte, magia munduan lehen urratsak egin ditzaten.

Woody Aragonek hasiko du jaialdia, gaur, 22:30ean. Kartak erabili ohi ditu bere magia ikuskizunetan; emanaldi berezietan mentalismo saioak ere eskaintzen ditu. Aragonen saio bakarraren biharamunean, sei magok taularatuko dute haien sorkuntza: Daniel Ka, Pablo Canovas, Bertox, Jordan Gomez, Ruben Vilagrand eta Vittorio Marino izango dira gala nagusian, 22:30etik aurrera.

Daniel Ka eta Canovas Espainiako magoak dira. Lehenak hamabi urte daramatza antzokietan askotariko ikuskizunak eskaintzen; haurrentzako magia eta ilusionismo saioak egiten ditu, besteak beste. Bigarrenak, 13 urte besterik ez du, baina gaztea izan arren, sari bat baino gehiago lortu du dagoeneko.

Bertox eta Gomez magoak Frantziatik helduko dira. Bertoxek jada ezagutzen du Elgeta, duela bi urte beste bi magorekin ilusionismoa eraman baitzuen jaialdira. Gomez 2002tik dabil mago gisara; 11 urterekin eskuratu zuen mago diploma, eta orduan sortu zituen bere lehen trikimailuak. Globoak, baloiak eta beste zenbait elementu erabili ohi ditu. Ruben Vilagrand katalanak mimo lanak egingo ditu trikimailuekin batera, eta Vittorio Marino italiarrak erakutsiko du magoa ez ezik aktorea ere badela.

Igandeko saioa kafe antzokitik kalera aterako dute: Adrian Condek La Petite Caravane erakustaldia aurkeztuko du, 13:00etik aurrera. Gainontzeko emanaldiak ez bezala, azken hori doakoa izango da.

Haurren sormena

Magia ikusteaz gain, ikasteko aukera ere izango dute haurrek. Kartak, soka, kartulina, papera eta halako elementuak erabiliko dituzte magia joko errazak ikasteko. Lehen tailerra bihar izango dute, 10:30ean; bigarrena, berriz, igandean, ordu berean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.