Txikitasunean handiak

Eskola da herria bizirik mantentzen duena; eskola da herriari bizia ematen diona, eta, txikia izanagatik ere, herri baten ardatza izan liteke. Horregatik dira garrantzitsuak eskola txikiak ere”. Eskola txiki bateko guraso eta Zeraingo Basarte guraso elkarteko kidea da Amaia Etxeberria. Haren ustez, herria ezin da eskolarik gabe ulertu: “Umeek ematen diote bizia, eta umeek eskola behar dute. Horregatik da garrantzitsua herri txikietan ere eskola egotea; are gehiago, eskola txikiak egotea”. Aldarrikapen horien bozgorailu izaten da urtero antolatzen duten jaia; aurtengo Goierriko Eskola Txikien Festa bihar izango da, Zerainen.

Eskola txikiek beste edozein eskolak dituzten ezaugarriak dituzte, tamainaz eta ikasle kopuruz txikiagoak izan arren. Baina ez hori bakarrik: eskola txikiek handiek ez dituzten beste ezaugarri batzuk ere badituzte. “Ez dira gainontzeko eskolak baino hobeak, baina txarragoak ere ez; ezberdinak dira, ezaugarri ezberdinak dituztelako”. Txikiek handiengandik ikasten dute, eta handiek txikienen ardura izaten ere ikasten dute, “eta hori oso aberasgarria da, bai ikasle txikientzat baita handientzat ere”.

Gurasoen inplikazioa da eskola txikien beste ezaugarrietako bat. Etxeberriak azaldu duenez, gurasoak “eskolaren zati” dira eskola txikietan: “Irakasleek gure laguntza behar izaten dute, eta guk hor egon behar dugu, gure esperientzia kontatzeko, antzerki batean laguntzeko, lantzen ari diren gaietan laguntzeko… Horregatik, gurasoen inplikazioa handiagoa da, edo, hobeto esanda, zuzenagoa”.

Hezkuntza aldetik, ordea, eskola txikiak gainerako eskolen berdinak dira: “Agian gaiak lantzeko modua ezberdina izango da batzuetan eta besteetan, baina eskola txikiak utzi eta herri handiagoetako eskoletara joaten direnean ikasleek ez dute arazorik izaten, ezagupen maila beste eskoletan jaso dutenaren berbera delako”.

Etxeberriaren arabera, eman daitekeen aldaketa bestelakoa da. “Edukiak ikasteko modua ezberdina da, eta ikasleek euren artean duten erlazionatzeko modua ere bai; ikasle-irakasle arteko harremana ere estuagoa da, irakasle bakoitzak ume kopuru txikiagoa baitu bere ardurapean. Geroko aldaketa izan daiteke eskola txikiek izan dezaketen alderik txarrena”.

Gela txikietan, ikaskide kopuru txikiekin ohitu, eta 20-25 lagunez osatutako geletan aritzeari egin dio erreferentzia: “Bat-bateko aldaketa da, izugarria, eta hori da, nire ustez, alderik txarrena. Egia da gero berehala ohitzen direla, baina lehen aldaketa ez da erraza izaten”.

Hor daudela “oihukatzeko”

Txikiak dira tamainaz eta ikasle kopuruz, baina beren lekua aldarrikatzen dute, “eskola txikiak ere eskolak direlako”. Gainerako eskolak dituzten beharrak dituzte, zerbitzu bat eskaini behar dute, eta horiei eskola txikiek sortzen dituztenak gehitu behar zaizkie. “Zaintza, jangela… zerbitzu ugari eskaintzen ditugu, gainerako eskolen moduan lan egiten dugu, beraiek bezala funtzionatzen dugu, eta hemen gaudela aldarrikatzen dugu”.

176 haur Goierrin

Arratsalde osorako jaia antolatu dute biharko Zerainen. Han elkartuko dira Goierriko beste eskola txikietako ikasleak ere, guztira 176 haur. Zeraindarrekin batera egongo dira bihar Gabiria, Olaberria eta Itsasondoko ikasleak. Datorren urtean, gainera, beste eskola txiki bat izango da Goierrin: “Ezkio-Itsason datorren ikasturtean jarriko dute eskola martxan, eta hori oso berri ona da. Ea pixkanaka Goierriko eskola txikiak handitzen joaten garen”.

“Festarekin hemen gaudela esan nahi dugu, oihukatu, ez daitezela gurekin ahaztu”. Eskola txikietako kideak elkartzea izaten da festen helburua, “egunerokotasunarekin apurtu, eta aparteko giro batean elkarrekin harremanetan egon”. Umeak gehiagotan elkartzen dira, baina gurasoak ez. “Gainera, hots pixka bat ere atera nahi izaten dugu aldian behin, hemen gaudela jakinarazi jendeari, eta, bide batez, eskola txikiak ezagutzera eman”.

Gipuzkoako eskola txikien jaia, berriz, Bidania-Goiatzen egingo dute, ekainaren 8an. Herri horretara itzuliko da berriro Gipuzkoako festa, 26 urte geroago —han egin zuten lehenengoz—. Eskola txikiak bizirik lelopean egingo dute ospakizuna, “1988an herrian hasi zen mugimendu hark oraindik bizirik eta indartsu jarraitzen baitu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.