Uda denboraldia hasteko hilabete baino gutxiago gelditzen da, eta Zarautzen ere, itsas denboraleak sortutako kalteak konpontzeko, hainbat lan egiten ari dira zenbait gunetan. Martxa onean ari dira lanean, Mikel Goenaga Zarauzko Herri Lanetako zinegotziaren arabera. Azaldu duenez, nahiz eta kostaldeko lanen ardura ez izan Zarauzko Udalarena, une oro Espainiako Gobernuko kosta zerbitzuetako arduradunekin harremanetan daude. Zarauztik Getaria arteko errepidean, oinezkoen pasealekuko zati batzuetan barandak falta dira oraindik, baina berriak egiten ari dira, eta ekainaren hasierarako bukatuta egotea espero dute.
Zarauzko moilako lanak ere nahiko aurreratuta daude, eta hil honetan bertan bukatu nahi dituzte. Malekoian ere ari dira zorua eta han egindako zuloak konpontzen. Pergoletako zuloak konpondu eta bi metro inguruko horma altxatzen ari dira. Desertu txikiko lanekin ere aste honetan bertan hastekotan ziren.
Gipuzkoako beste hainbat hondartzatan bezalaxe, Zarauzkoan ere hondarra botatzeko asmoa dute; bi egunetan botako dute, hil honen 28an eta 29an.
Itsas denboraleak eragindako kalteen konponketa lanak berez ekainaren erdirako bukatuta egotea dute aurreikusia. Biotopoko pasabidea, berriz, urrirako-edo bukatzea espero dute.
Leave a Reply