Ermua. 2014ko maiatzak 7. Udalbatzarra. PSE-EEren gehiengo osoko gobernua PPrekin batera. Oposizioko alderdiak: EH Bildu, EAJ eta Ezker Anitza-IU. Uraren kudeatze orokorra Gipuzkoako Ur Partzuergoaren esku uzteko proposamena. Aho batez onartua.
Andoain. 2013ko irailak 26. Udalbatzarra. EH Bilduren gutxiengo gobernua. Oposizioko alderdiak: PSE-EE, EAJ eta PP. Udal gobernuaren proposamena uraren kudeaketa orokorra Gipuzkoako Ur Partzuergoaren esku uzteko. Proposamen ez-onartua oposizioko alderdi guztien aldetik (PSE-EE, EAJ, PP).
Ermuko EAJko ordezkariaren hitzak euren jarrera azaltzen, Deia-ren maiatzaren 4ko zenbakian: “Guk nahi duguna da uraren gipuzkoar erakundeak prozesu guztia bere gain hartzea…”; “Nahi EZ duguna da araztegiaren kudeaketa bakarrik sinatzea, osoko eskualdatzea nahi dugu”.
Andoaingo EAJren prentsa oharra, Diario Vasco-ren 2013ko irailaren 13an: “Andoaingo EAJ udal taldeak Bilduren udal gobernua salatu du uraren zerbitzu publikoa pribatizatzerakoan epe laburrekoa izateagatik eta udal kutxa hipotekatzeagatik”. Zertan gaude? Alderdi horientzat Andoaingo uraren kudeaketak bestelakoa izan behar ote du? Edo Bildu agintean egotea ote da arazoa?
Udal gobernura heldu ginenean, aurkitu genuen uraren kudeaketak zulo nabarmenak zituela, ekonomikoak zein materialak. Hoditeriaren %21,3 nahiko hondatuta dago, hodi zaharkituekin, ezinbestean aldatu beharrean. Horretarako behar den dirutza bost milioi eurokoa da, Andoaingo udalak gaur egun bere gain hartu ezinezkoa —eta, nire iritziz, gauza bera beste edozein udalen kasuan—.
2011ko amaiera aldera galera ekonomikoak agertzen hasi ziren, gaur egun, batez beste, urteko 400.000 eurorenak izanik. Hori guztia, inbertsioak eta konponketak kontuan hartu gabe, inondik inora gure gain hartu ezinekoak, eta ahal dugun moduan heltzen diegunak. 2010. urte amaierara arte, Andoainek ez zuen ur kontsumoa ordaintzen, zuzenean Leitzaranetik hartzen baitzuen. Hori dela eta, tasak eta gastuak kontuan hartuta, Andoainek urtero 500.000 euroren irabaziak izaten zituen, gutxi gorabehera, urte batzuetan bikoiztu ere egiten zirelarik. Nola liteke halako irabaziekin oraindik egin gabeko inbertsioak edukitzea eta ur zikinak ibaira zuzenean botatzea?
Beraz, argitu beharko digutena da euren burua kudeatzaile publiko apartzat duten horiek eta Bildukook zarpail batzuk garela diotenek zer egin zuten Andoainen uraren kontsumoak irabazi handiak ematen zituenean.
Teknikoek ohartarazita eta txostenak tarteko, legegintzaldiaren hasieran gobernu taldean hasi ginen serio pentsatzen uraren kudeaketa Partzuergoaren esku uztea, erakunde publiko bat non 72 udal gipuzkoar dauden —Añarbeko Urak eta Txingudiko mankomunitateaz gain—.
Hainbat bilera teknikoren ostean, beharrezko dokumentazio teknikoarekin, oposizioari proposamena aurkeztea erabaki genuen. Bilera hartan Partzuergoaren arduraduna egon zen edozein zalantza argitzeko prest. Hala ere, hurrengo egun eta hilabeteetan, oposizioko inork ez zuen aldaketarako inongo alternatiba eta proposamenik aurkeztu, ezer ez. Ura pribatizatu nahi genuela besterik ez ziguten aurpegiratu, publikoki zein pribatuan. Behin eta berriz publikoki errepikatu duten gezurra izan da, ondotxo baitakite publikoa den erakunde batez ari garela, bere estatutuetan argi esaten denez, eta udal idazkariak iazko uztailaren 10ean txosten juridiko batean zehaztu bezala.
Gogorarazi genien euren alderdiek kudeatzen dituzten udalek Partzuergoari utzia dutela kudeaketa osoa, EAJk zuzentzen duen Elgoibarko udala, esaterako; Eibarkoa, PSE-EEren esku dagoena; edo Tolosakoa, EAJ alkatetzan zegoelarik. Gaur egun, edozein udal ez da bideragarria, eta ez bakarrik Andoaingoa —ezta Ermukoa ere dirudienez—, uraren kudeaketa orokorrak sorrarazten dituen gastuak bere gain hartzea. Eta hori ederki dakite denek. Hala ere, hasieratik gezurretan aritu zaizkie andoaindarrei, eta ederki gainera!
Urtebetetik hona, eta gordinki gainera, EAJ salaketan aritu da Bilduren gobernuaren kontra, esanez interesatzen zaigun bakarra dela udal kontuak garbitzea Andoain hipotekatuz uraren pribatizazioarekin; baina Ermuan, Tolosan, Elgoibarren iritzi berekoak al dira jeltzaleak? Esaten dute euren burua “kudeatzaile bikaintzat” duten horiek tasen urteroko igoera progresiboa ezartzea nahikoa dela; bildutakoarekin pixkanaka hoditeriaren berritzean inbertitu, eta kito, arazoa konponduta. Bai erraza, ezta? Ba, has daitezela proposamen zoragarri horri zifrak eta datuak jartzen, oraindik ez baitute egin. Bosgarren edukiontziaren plan itzela bezala, sekretu handia izan behar baitu, oraindik inork ez baitu ikusi edo ezagutu. Edo euren Ermuko edo Elgoibarko edo Tolosako edo Bizkaiko alderdikideei galde diezaietela.
Oposizio horrek benetan bilatzen duena da “ahalik eta okerren orduan eta hobeto” politika egitea Andoainen. Blokeo ekonomiko itzela bilatzen dute ondoren eurek agertzeko salbatzaile handien gisa. Halako bidea hartzeko prest daude!
Badira bi urte jarraian, 2013 eta 2014, aurkeztutako aurrekontuen kontra egin dutela guztiek, bestelako inongo proposamenik aurkeztu gabe: zuzenean denari ezetz. Bitartean, egunero bezala, gu udaletxean aurkituko gaituzue lanean.
Leave a Reply