Lezoko Apaiziartza baserria eta inguruko lurrak Gipuzkoako Nekazaritza Lurren Funtsean sartuko dituzte. Eremu hori aldundiaren jabetza da, eta, funts horren bitartez, herritarren eskura jarriko dira nekazaritzarako erabilgarriak diren guneak. Baserriaren lurrak eta inguruko beste hainbat kontuan hartuta, guztira 24 hektarea biltzen ditu eremu horrek.
Lehenik, lurrak eta horietan dauden eraikinak aztertuko dituzte, eta ondoren, prozesu bat zabalduko dute: lursailak zatitu, eta nekazaritza profesionalera bideratuko dituzte lurrok. Aldundiak kaleratutako oharrean azaldu duenez, “orain erabiltzaile direnek ere parte hartu ahal izango dute” prozesuan. Bi urte eta erdi baino gehiago dira herritar talde bat Apaiziartzako lurretan lanean hasi zenetik. Baserriaren erdia eta inguruko lurrak okupatu zituzten; ordutik, hiru kontsumo talde sortu dituzte, eta 75 familia elikatzen dira ekoizpen horretatik.
Aldundiarenak diren lurrak ez ezik, norbanakoek utzitakoak ere sartuta daude nekazaritza lurren funtsean, eta epe jakin baterako uzten zaizkie nekazariei. Iaz, esaterako, bost funts banatu zituzten Lezon, Urreleku baserrian.
Leave a Reply