Garbiketa enpresek eskaintzen duten zerbitzuaren prezioa KPIaren arabera igo badute ere, garbitzaileen soldatetan ez da igoerarik izan. Kontxi Usabiaga da garbitzaile horietako bat; Auzolaguneko langilea da, eta Goierriko AMPO enpresa garbitzen lan egiten du. Usabiagak 50 urte ditu, eta hamasei daramatza garbitzaile lanetan: “Seietan sartu eta ordu bietan bukatzen dut; justu-justu ibiltzen naiz, garbitzeko dugun guztiarekin, lana amaitu ezinik. Baldintza txarretan gaude”. Soldata eskasak dira kalera irteteko arrazoi nagusia, baina lanik gabe geratzeko beldurrak gain hartzen dio zenbaitetan.
Guztira, Auzolaguneko bost garbitzailek dihardute AMPOn; hiruk fundizioko arloan, eta Usabiagak eta beste batek balbulen arloan; guztiek bat egin dute greba deialdiarekin, baina Usabiagak ezkor erreparatzen dio lanuzteak Goierrin izan duen erantzunari: “Pixka bat galduta gaude, batzuek beldurra ere badute. Orklin eta Indarren badakigu jendea lanean ari dela. CAFekoa, berriz, lotsagarria da; greban daudenak ordezkatzeko beste emakume batzuk eskatu dituzte. Denok batera irtenda indar gehiago egingo genuke; non daude hitzarmenik ezak kalte eginiko guztiak?”.
Euren nominak “ukitzen” hasi zirenean hasi ziren beldurtzen, eta lan itun propiorik ez izateak kezkatzen ditu: “Kontuari berandu heldu diogu. Bizkaian, dagoeneko, estatuko hitzarmena ezarri diete”. Sindikatuek salatu dutenez, enpresek KPIaren araberako igoera ezartzen diete zerbitzua eskaintzen dieten bezeroei; langileek, bitartean, izoztuak dituzte soldatak: “Gure soldata oso justua da; astelehenetik ostiralera lan egiten dugu, eta, hilabeteak dituen astegunen arabera, 900 euro baino gehixeago edo mila bueltan irabazten dugu”.
Azpikontratatutako Auzolagun, Clece, Eulen, Garnica, Garbialdi, Iss, Initial, Pilsa eta One enpresetako langileak daude horien artean. LABen arabera, Gipuzkoako garbiketako sektorean emakumezkoak dira gehienak, eta “sozialki balio gabeko lana eta gaizki ordaindua da”; ondorioz, lan erreformak emakumeei egingo lieke kalte gehien “desberdintasun eta pobrezia handiagoa ekarriz”.
Javier Hierro Eguzki garbiketa taldeko langilea ere kexu da soldaten kontuarekin: “Lauzpabost urte daramatzagu inongo soldata igoerarik gabe, baina jakin badakigu euren bezeroei prezioa igotzen dietela”. Aitortu du lan erreformaren eraginez “itota” ikusten dutela euren burua, eta astebeteko grebarekin “dirutza” galdu arren, geratzen zaien “azkeneko alternatiba” da.
Elvira Garcia garbiketako langile ohia da, lanaldia laurdenera murriztu ziotenean nahiago izan baitzuen kalera joatea: “Ezinezkoa zen niretzat. Egoera oso txarra da, baina behintzat orain lanaldi osoa lana bilatzeko baliatzen dut”. Garciaren enpresa berean lan egiten zuen Ana Txaskok ere, “sektore pribatuan, bulegoak garbitzen”. Erabat etsita dago orain duten egoerarekin: “Lankideen artean sostengu gutxi dago, eta, gainera, astebeteko soldatari uko egin diogu grebarengatik”.
Greba luzatzearekin, dudak
Gipuzkoako ituna berritzeko greba egitea besterik ez zaiela geratzen azaldua dute ELAk eta LABek. Hain justu, aste honetako bost eguneko lanuzteen ondoren, greba mugagabeari ekitea ez dute baztertu. Usabiagari zalantzak eragiten dizkio horrek: “Ez dakit egingo dudan edo ez. Bost eguneko grebak ere nekea ekartzen du; ezer ez lortzeak urduritasuna dakar”. Haren hitzetan, Auzolaguni ere komeni zaio herrialde mailako hitzarmena lortzea: “Gure alde dago. Baina AMPOk auskalo zer egingo duen. Uste dut indar gehiago egin behar dugula. Gure kasuan, Auzolagunek AMPOri herrialdeko hitzarmena lortzeko presio gehiago egin beharko lioke”.
ASPEL patronalak, berriz, “jarrera itxia” duela salatu dute ELAk eta LABek, eta itun berriaren prozesua Madrilen negoziatu nahi izatea leporatu diote, “Gipuzkoako errealitatea bazter utzita”. Sektoreko ituna sinatzekotan, “ituna urratzeko aukera baztertzea eta soldatak KPIari lotzea” eskatzen dute sindikatuek. Usabiagak ere argi du patronalari zein mezu igorri nahi dion: “Gure hitzarmena sinatzeko eskatuko nioke, bada eta garaia. Lau urtetik hona ez delako ezer sinatu”.
Leave a Reply