Amaitu berria zen 36ko gerra. Errepresioa, fusilatuak eta askotariko galerak. Gerra bukatu eta hilabetera, ordea, eskasiak inguruan jarraitu zuen, eta 1939ko maiatzaren 14ko agindu batek, Francoren diktadurapean, herritarren ahalmena mugatzen jarraitu zuen: arrazionamendu txartelak indarrean jarri ziren. 75 urte igaro dira egun hartatik.
Gose urteak izan ziren askorentzat arrazionamenduarenak, gutxi eta gaizki jatekoak. Txartel bat zuen familia bakoitzak, aurrez ordaindutako kupoiekin, eta han zehaztutako produktu eta kopuruen bila joan behar izaten zuten dendetara: azukrea, arroza, olioa, bakailaoa, ogia. “Arrazionamendu garaian ogia estimatzen genuen, orain pastelak baino gehiago”. Antonio Eizagirre zarauztarrarekin bat datoz Ahotsak.com atarian euren testigantza utzi duten beste asko ere. Ogi “beltz eta txarra” dute gogoan. Pertsonako 150 gramo ogi ziren; militarrek, apaizek eta guardiek, berriz, 350 gramorako eskubidea zuten.
Dendatik etxera eraman ahal izateko, kantitateak aldatzen zihoazen, baina hasierako urteetan erreferentziak halakoak ziren: litro laurden olio, ehun gramo azukre eta beste ehun garbantzu, berrehun gramo xaboi, patata kiloa… Bi txartel izaten ziren; bata haragiarentzat, eta bestea gainerako produktuentzat. Familia osoarentzako txartel bat izan zen lehenik; banakakoak 1943tik aurrera, kontrola areagotzeko asmoz.
Normalean asterako jakiak eman ohi zizkieten; hala eta guztiz ere, hainbat tokitan hamabostaldia izaten zen batetik besterako tartea. Zegoenarekin moldatu beharra zegoen orduan, Pakita Anabitarte donostiarraren testigantzak baieztatzen duenez. Donostiatik Errenteriara joan zen bizitzera; lehen ez bezala, bizitoki berrian hamabostean behin egiten zen banaketa. “Jarraitu nuen Errenteriatik Donostiara etortzen, tranbian. Gizona kamioiarekin ibiltzen zenez, agian zerbait ekartzen zuen kanpotik, ezkutuan, eta horrela moldatzen ginen”. Goseari aurre egiteko, Anabitarte eta haren ahizpek ereiteko patata kilo mordoa ere erosi zuten, jateko.
Ganadua eta soroak edukitzea arnasa izan zen beste batzuentzat, Joxe Antonio eta Juantxo Bereziartua anaien kasuan bezalaxe. “Guk goserik ez genuen pasatu, baina aserik ere ez”. Baserritik ateratzen zutenarekin bizi ziren: patata, babarrunak, barazkiak. Noizean behin zerriren bat hiltzen zuten; txekor bat hildakoak ere badira.
Bereziartua anaiek bezala, Pilar Azkarretazabal aretxabaldarrak ere baserriko lurretan zuen beharrezkoa. Senarraren dendan egotea ere tokatu izan zitzaion arrazionamenduan. “Txartelarekin etortzen ziren. ‘Zuri tokatzen zaizu ez dakit zenbat, zuri ere bai’. Azukrea, adibidez, ziren ehun gramo. Ehun gramogaz zer egingo duzu ba?”. Janariaz gain, tabakoa ere sartuta zegoen arrazionamenduan, adinez nagusi zirenentzat. Tabakoa bai, baina “gutxi”. Hala zen, behintzat, Andoni Azkarate antzuolarraren aitarentzat. Erretzen ez zutenen kupoiak hartuta ere, gehiago behar, eta ortuan landatu zuen tabakoa, arrazionamenduan tabako kopurua handitu zen arte.
Merkatu beltzaren agerpena
Arrazionamendua 1952. urtera arte eduki zuten martxan. Txartel bidezko sistema horrek produktuen banaketaren kontrola ziurtatzea zuen helburua hasieran, iruzurrik egon ez zedin, baina, aldi berean, merkatu beltza edo estraperloa agertzea ekarri zuen. Berez, ezinezkoa zen arrazionamenduak zehazten ez zuen edozein produktu legalki eskuratzea, baina estraperloarekin aukera hori zabaldu zen batzuentzat. Gainera, horri esker aberastu ziren zenbait, arraziomenduko prezioetatik oso gora zeuden salneurriak jarrita. Edozer eros edo truka zitekeen, dirua edukiz gero. Azukre kiloa, adibidez, 1,90 pezetaren truke zegoen arrazionamenduan; estraperloan, berriz, 20 pezeta pagatzera heltzen ziren.
Azkaratek gogoan du nola 1944 inguruan ehun pezeta ordaindu zituzten olio litro baten truke: “Amona zenari janari garbia jateko agindu zion medikuak, eta olioa halako lekuan zegoela esan zion ezkutuan, halako dendatan. Noizean behin tarrastaratxoren bat bota, eta harentzat bakarrik egoten zen”.
Zigorra zuen estraperloan aritzeak, harrapatuz gero. Hala bizi izan zuen Anita Tolosa urnietarrak aitaren atxiloketa. “Guardia Zibilak ikusi nituen nik, eta mutil bat eraman zuten eskuak lotuta. Etxera joandakoan ikusitakoa kontatu, eta hala esan zidaten: ‘Hire aita horrelaxe eraman zinenan'”. Estraperloan harrapatu zuten, Gipuzkoatik Nafarroara zaku-irinekin. “Hamahiru umeren aita zaku-irinekin joatea, ze delitua…”.
Leave a Reply