Enpresa handiek lan erreformari uko egiteko asmorik ez dutela ikusita, lanpostuak utzi eta kalera irteteko erabakia hartu dute Gipuzkoako garbitzaileek, ELA eta LAB sindikatuen deiari erantzunez. Astelehenean ekin zieten mobilizazioei, eta gaur dira lan uztea amaitzekoak; orain, patronalaren erantzuna zein den ikusi behar dute, Edurne Iriondo ELA sindikatuko garbiketa arloko arduradunaren hitzetan: “Horren arabera, egoera aztertu eta hurrengo pausoa zein den ikusiko dugu”.
Lan erreformaren aurrean blindatuta egongo den herrialderako lan itun berri bat eskatzen dute Gipuzkoako garbitzaileek, “ultraaktibitate mugagabea edo luzea izango duena”. Halaber, soldatak kontsumoko prezioen indizearen (KPI) arabera igotzea ere eskatzen dute. Izan ere, 2009an iraungi zen garbiketa sektoreko langileen hitzarmena, eta iazko uztailaren 8an indargabetu zuten enpresa handiek. 2010ean ekin zieten negoziazioei sindikatuek, baina emaitzarik lortu gabe gaurko egunera arte mantendu da negoziazio mahaia.
Hilaren 27an dute sindikatuetako ordezkarien eta ASPEL patronalaren arteko hurrengo bilkura. Kontxi Noble garbiketa sektoreko LABeko arduradunaren hitzetan, “patronalak zein jarrera duen” ikusiko dute bileran, eta orduan adostuko dituzte aurrerantzean egin beharreko urratsak. Lanuzte mugagabea ez dute baztertzen, baina, Nobleren arabera, ez dute oraindik “aukera hori planteatu”. Hala ere, ez dira besoak gurutzatuta geratuko: “Ez dugu saiatu gabe geratzeko asmorik; borrokan segituko dugu herrialdeko itunaren alde”.
ELA eta LAB sindikatuen arabera, sektoreko langileen erdiei eragiten die hitzarmenik ezak. Bi sindikatu horiek sektoreko %70eko ordezkaritza dute, eta haiek deitu dute grebara. Baina CCOO, UGT eta ESK ere bat datoz aldarrikapenekin. Sindikatuen arabera, ASPEL patronalak “azken lau urteetarako soldatak izoztu nahi ditu, eta antzinatasuna ezabatu nahi du”. Nobleren hitzetan, gutxieneko baldintza batzuekin hitzarmena sinatzea nahi dute, “era mugagabean edo epe luzerako behintzat”. Hori betetzen ez delako jo dute astebeteko grebara. Baina bi greba egun egin zituen sektoreak 2014ko urtarrilean. Horrek erantzunik jaso ez zuelako eta negoziazioak aurrera egiten ez duelako planteatu dituzte deialdi gehiago.
Tokian tokiko itunekin, hobeto
Garbiketa sektoreko langileen erdiei eragiten die hitzarmenik ezak, gainerakoek itun espezifikoak baitituzte. Batez ere, administrazio publikoak azpikontratatzen dituen langileak dira tokian tokiko hitzarmenak dituztenak, eta horiek “askoz hobeak” dira Iriondoren arabera: “Tokian tokiko hitzarmenak dituzten langileek 2.000 edo 3.000 euro gehiago irabazten dituzte urtean”.
2013. urteko uztailean lan erreforma indarrean sartu zenean, garbiketa sektoreko enpresak “aitzindariak” izan ziren erreforma ezartzen, eta Noblek ez dio ondo irizten horri: “Garbiketa enpresek garraioari zegokion ordainsaria kendu eta zenbait artikulutan Espainiako hitzarmena aplikatzeari ekin zioten”. Espainiako hitzarmenak ez ditu lanaldiak eta soldatak erregulatzen: “Beraz, langileen estatutura pasatu beharko genuke zuzenean, eta hori atzerakada handia litzake”.
Horiek horrela, auzitara jotzea erabaki zuten langileek, eta negoziazioak luzatu bitartean Gipuzkoako hitzarmena mantendu egin behar zela ebatzi zuen epaileak. ASPEL patronala, hala ere, ez zen epaiarekin konforme agertu, eta errekurtsoa jarri zuen. Madrilen erabakitzen denaren zain daude orain Gipuzkoako langileak. Iriondok salatu du enpresek krisia eta lan erreforma baliatu dituztela etekin handiagoak lortzeko: “Lauzpabost urte pasa dira dagoeneko, eta enpresek irabaziak dituztela ikusi dugu euren gordailuetan. Asmoa argia da: lan erreforma baliatu dute soldatak debaluatzeko”.
Ordezkapenak, auzitara
Astelehenean abiatutako lanuztearen erantzuna baloratu egin du Noblek, “gune handienetan hauteman” dela azalduz. Gune horietako batzuk dira udalak, eta EH Bildu koalizioak neurriak hartzeko asmoa azaldu du. Greban dauden garbitzaileen elkartasuna adierazi, eta koalizioak kudeatzen dituen udaletan —Lasarte, Tolosa, Ordizia, Azkoitia eta Soraluze— “tentuz aztertzen ari dira langileen egoera eta hartu beharreko neurriak”.
Horrez gain, ELAk eta LABek gertutik zaindu dituzte enpresa handiak, ea enpresa handiek grebaren aurrean beste garbitzaile batzuk kontratatu ote dituzten jakiteko. Asteartean jakinarazi zutenez, Oñatiko Ulma eta Donostiako HABE enpresetako zein Eibarko eskola publikoko jantokiko garbiketa lanetarako jendea kontratatu dute, grebak iraun duen artean. Hori ikusirik, Lan Ikuskaritzan salaketa jarriko dutela jakinarazi dute, “langileen greba eskubidea urratu dutelako hainbat enpresak”.
Leave a Reply