Klik

Zein da zure perfil ona?”, galdetu dit argazkilariak. Gorroto dut galdera hori, baina ezin erantzun gabe gelditu. “Batere ez” ezin erantzun, neure burua hori baino gehixeago maite dut. “Biak” erantzuten badiot, kaskarin handiuste bat naizela pentsatuko du agian… Dedio, galdera normalagorik ez al zaik bururatu? “Zer egin zuen atzo Realak?”, adibidez; nik “ideiarik ez” erantzungo nioke, eta eroso jarraituko genuke argazkiak egiten.

Nire perfil edo alde ona zein den pentsatzen dudan bitartean, argazkilariak bere lanean jarraitzen du, klik eta klik. Ea, eskuineko begia hobeto pintatzen dut beti, klik, baina bihotzak ezkerrean egiten dit taupa. Klik. Ezkerreko masailean bi peka ditut, bat ez zait gehiegi gustatzen, baina besteari urteen poderioz sinpatia pixka bat hartu diot; klik, “kaka, begiak itxita atera naiz”. Ezin aukeratu, aizu! Bi aldeak maite ditut normalean, eta bi aldeekin haserretzen naiz zenbaitetan.

“Zuk atera bi aldeetatik eta gero aukeratuko dugu politena”, erantzun diot azkenean; barre egin du, barre gozoa eta garbia. Asko gustatzen zait barre errazeko jendea, komediante onenen pare sentiarazten naute uneoro.

Argazkilariak bere lanean jarraitu du, eta ni ezerezera begira jarri naiz argazkirako, horizontera begira egongo banintz bezala; halaxe egiten dute metro laurogeiko modeloek, interesante aurpegiarekin atera nahi dutenean. Ezerezera begira jarri orduko nire barruko unibertsoan murgildu naiz, eta goizean irakurritako albiste bat etorri zait burura; 32 urteko neska bat auto istripuz hil da Ameriketako Estatu Batuetan. Gidatzen zuen bitartean, selfie bat egin —bere buruari argazkia atera— eta Facebooken jartzen zuen bitartean izan du istripua. Irratia entzuten ari dela, gustuko abestia jarri dute, eta, bere buruari argazkia egin ondoren, “Happy abestiak pozik jartzen nau” esaldia idatziz publikatu du erretratua. Minutu bat beranduago, poliziak istripuaren berri izan du.

Irudiaren eta teknologiaren garaian bizi gara, eta horrek berak kendu dio bizitza. Hain garrantzitsua al da uneoro zer egiten, pentsatzen, jaten, edaten, janzten edo eranzten ari zaren adieraztea? Ezin al dugu ezer gorde gero lagun arteko intimitatean kontatzeko? Akabo dena, neska; akabo argazkiak, barreak, lagunak, familia, akabo Happy kantua. Ez dut haren jarrera ulertzen, baina pena ematen dit gertatu zaionak; azken finean, egungo moda sukarraren biktima bat besterik ez da. Klik batekin itzali zaio dena.

Konturatzerako, nire pareko argazkilariak bere lana amaitu du. Hiru aukeratu ditut: bat, ezkerreko aldetik ateratakoa, bi pekatxoekin; bestea, eskuinekoa, begia oso ondo margotu dut gaurkoan; eta azkena, aurrez aurre egindakoa, gertuko plano bat, barrez nago, masailak nahi baino gorriago ikusten zaizkit, baina berdin du, ni naiz hori.

Leave a Reply

Your email address will not be published.