Lurra eta ura, banaezin

Seme-alabei mundu hobe bat uztea aipatu ohi da natura eta ingurumena zaindu beharraz hitz egiten denean. “Ez dut horretan sinesten: uste dut askoz hobea dela seme-alaba hobeak uztea munduari”. Hala dio Adolfo Uriartek, Azti Tecnaliako Itsas Ikerketa Unitateko zuzendariak. Itsasoan zein lurrean, aldaketei baliabide eta aurrerapenekin erantzun diete azken mende erdian. Baina inork ezin du etorkizuna igarri: “Etorri behar duena etorriko da, eta guk pentsatu behar dugu aldaketa horietara nola egokitu”. Tolosako Naturaldia jardunaldietan parte hartu du Uriartek, Iñaki Aizpuru botanikoarekin batera. Gipuzkoako natura ondarearen iraganaz, orainaz eta etorkizunaz aritu dira.

“Lurralde osoan dago natura, eta dena da beharrezkoa”. Aizpuruk lehorreko eremua du aztergai: “Gipuzkoa asko aldatu da denbora gutxian, mende batean; 200 edo 300 urtean izan ez ziren aldaketak izan dira”. Paisaiak aldatu egin dira; baserrien inguruko bizitzatik hiriguneen zabalpenera igaro da. “Paisaia erabilera baten fruitua da, bere gauza on eta txarrekin”. Aizpururen arabera, azken hamarkadetan gertatu den aldaketa handienetakoa nekazaritza lurrena izan da; “neurri handi batean, galdu egin dira”. Eta horrekin batera heldu da lur artifiziala: errepideak, trenbideak, industrialdeak… Basoen bilakaera ere “berezia” izan da: 1784an 11 milioi zuhaitz zeuden lurraldean; 1996an, berriz, 52 milioi.

Uraren kalitatea, hobera

Lehorreko eremua ez ezik, itsas aldea ere ez da lehen zena. Kutsadura zegoen ibaietan, eta aparra hondartzetan. Orioko Antilla hondartzako irudi bat erakutsi du Uriartek; ume bat ageri da, olatuetatik ihes, apar mordoa datorkiola atzetik. “Zurriolan ere hala gertatzen zen 1965. urte inguruan. Nahiko ohikoa zen aparra hondartzetan; ibaien eta, ondorioz, kostaldeen ingurumen egoera txarrarengatik”. Azken 25 urteetan, ordea, airearen eta uraren kalitatea “asko hobetu da”, Uriarteren hitzetan. “Ezin dugu esan egoera orokorra ona denik; urak garbiak dira, baina horietan bizi diren animaliatxoei apur bat kostatzen ari zaie egokitzea; bide onetik doaz, dena den”.

Ibaien ezagutzari dagokionez, aurrerapena handia izan da mende erdian. “Ziurrenik ez da egongo Europa osoan Gipuzkoako ibaietako laginketa eta jarraipen sarea bezain trinkorik”. Horrez gain, beste hainbat alorretan ere tresna berriak gehitzen joan dira; arrantza sektorean, esaterako. “Nola jakin hemengo arrainak Norvegiakoaren berdinak ote diren? Duela hamar urtetik markak jartzen dizkiegu arrainei. Horrela, beste toki batera heltzen direnean, jakina da zer migrazio izan duten”. Berdelaren kasua aipatu du: arrainari markak eginda ikusi dute 5.000 kilometroko migrazioa dutela. “Horrek balio du konturatzeko dena biztanleria berdina dela eta hemen egiten dugun edozer gauzak eragina izango duela Norvegian edo beste edonon”.

Kostaldeko habitaten mapa osatzea ere lorpentzat jo du —egun, 200 metroko sakoneran lanean ari dira—; baita korronteen gaineko ezagutza handitzea ere, mareen eraginaren berri izatea, denboraleen abisuetan aurrerakadak egitea, biotopoen babeserako neurriak hartzea…

Babesa, osotasunetik

Naturaren babeserako politikak duela 30 urtetik garatzen ari dira Euskal Herrian, Aizpuruk azaldu duenez. Lehendabizi, espezie edo ingurune bereziak babesten hasi ziren —Aralar, Aizkorri eta Pagoetako parke naturalak, esaterako—. Etorkizunera begira, baina, beharrezkotzat jo du lurraldeari bere osotasunean heltzea: “Gipuzkoa lurralde oso txikia da, eta jende asko bizi gara bertan. Ez dugu esan nahi dena berdina denik, baina lurraldea bere osotasunean tratatu behar dugu”.

Gizartea aldatuko da; “orain arte aldatu den bezala, orain ere aldatuko da”. Horri guztiari behar bezala erantzuteko, ez da nahikoa espezie edo toki jakin batzuetan pentsatzea, Aizpururen arabera. “Beharrezkoa da natura eta bere osagai guztien egonkortasuna handitzea, aldaketa horiei aurre egiteko baliabideak lortzea”.

Iritsiko diren aldaketei adi daude, eta batzuk heldu dira jadanik: “Klima aldaketa, esaterako, ez da etorriko zaigun zerbait, bertan daukagu”. Uriartek dioenez, 2100erako itsas maila metro erdi igoko dela darabilte buruan; “batzuek diote metro bat ere igoko dela”. Arrainek ere euren ibilbideak alda ditzakete, eta espezie berriak etor daitezke. “Egitekoen artean ditugu intereseko habitatak berreskuratzea, itsasoaren eta kosten ingurumen egoera hobetzen jarraitzea, klima aldaketaren eraginak gutxitzen saiatzea…”. Hori dute helburu itsas aldean; lehorrean ere badituzte erronkak. “Bi arlotan oinarritzen dira: batetik, habitatean galera gelditzea da erronka, eta, bestetik, aniztasun hori mantenduko duten oinarriei eustea”.

Arriskuan dauden espeziak gero eta gehiago direla dio Aizpuruk, eta zaila dela babestea: “Gehiago garelako eta gero eta behar gehiago ditugulako”. Uste du Gipuzkoa txikia izan arren, azalera mugatua eduki arren garrantzitsua dela besteen aurrean “eredu” izatea. “Baso azalerak galtzen ari direla entzuten dugu, Amazonian eta Indonesian. Baina gure basoak hemen dauzkagu, eta gure ahalegina hemen dago”. Basoak energia iturri alternatibo izatearen aukeraren gainean ere mintzatu dira. Aizpururentzat, ordea, “pentsaezina da” biomasa alternatiba gisa planteatzea. “Basoei dagokienez, arazoa da materiaren zikloa moztu dugula. Basoek eurek energia behar dute, eta hori hildako egurrak ematen die. Kontua da Gipuzkoan basoek hildako egurra oso gutxi dutela”.

Gainera, aldapatsua izateak ere zaildu egiten du baliabideen erabilera. “Lehen, inguru lau gutxi zeuden; orain, are gutxiago. Futbol zelai bat egitea ia ezinezkoa izango litzateke. Horregatik, edozein materia ateratzea garestia da. Gure basoetako biomasa erabiltzea ekonomikoki ez da errentagarria”.

Kosta inguruan, berriz, baliabideak egoki kudeatzeaz aritu da Uriarte. “Kostak 170 kilometro ditu, eta hor dauzkagu portuak, aisialdi guneak… gero eta gehiago izango ditugu, eta planifikazioa beharrezkoa da bakoitzari bere tokia uzteko. Ikusi behar dugu nola atera etekin handiena, baina gehienbat ziurtatuta iraunkorra dela”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.