Proposamenak egiten hasi dira lau eskualdetan, 2015eko aurrekonturako

Urola Erdian hasitako egitasmoak jarraipena izango du aurten Gipuzkoako beste hiru eskualdetan. Urola Erdiko herritarrekin batera, Tolosaldea, Oiartzualdea eta Bidaso aldeakoek aukera izango dute aurrekontuaren zati bat zertan erabili nahi duten azaltzeko. Helburua: proposamenak aldundiaren 2015eko aurrekontuan txertatzea.

Eskualde bakoitzerako 500.000 euro bideratuko ditu diputazioak —bi milioi euro, guztira—, eta, hainbat tailer eta bileraren bitartez, herritarren iritziak jaso nahi ditu. Hasiak dira eskualde guztietan proposamenak egiten. Pasai Donibanen, esaterako, 25 ekarpen egin dituzte; beste 30etik gora Lezon, hamar Hernialden, Anoetan eta Iruran; eta beste horrenbeste gainerako bileretan. Azkoitian antolatutako saioan, 2015eko asmoen gainean ez ezik, iaz onartutako proiektuen inguruan ere aritu dira —zazpi egitasmo aukeratu zituzten aurtengo aurrekonturako—.

Ekainean, eskualdeka

Maiatza lehen batzar irekien hilabetea izango da. Tailerrez gain, nahi duen guztiak aukera du iritzia emateko, bai Internet bidez (www.aurrekontuahobetzen.net), baita etxeko postontzietara iritsiko diren esku orrien bitartez ere. Ekarpen guztiak jaso ondoren, eskualdeko bilerak hasiko dira, eta horietan, proposamen guztien zerrendatik aukeraketa bat egingo dute —ekainaren 10ean hasiko da fase hori—. Irailera bitarte, aldundiko teknikariek lehenetsitako proposamenak aztertuko dituzte, ekonomikoki eta juridikoki bideragarriak diren ala ez argitzeko. Azkenik, urritik azarora, teknikarien oniritzia duten egitasmoak eskualde bakoitzeko batzar irekietan eztabaidatuko dituzte, eta hor zehaztuko dira behin betiko aurrekontuan sartuko diren egitasmoak.

Proposatzen diren proiektuak diputazioaren eskumena badira, aldundiak berak hartuko dugu horiek mamitzeko ardura; hala ez bada, proposamenak dagozkien administraziora bideratuko dituzte.

Guztira, 39 udalerrik parte hartuko dute prozesuan; 228.204 biztanle, Gipuzkoako biztanleriaren ia herena. Tolosaldeko 28 herriak sartu dituzte; Urola Erditik, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Errezil eta Zestoa; Bidaso aldetik, Irun eta Hondarribia; eta Oiartzualdeatik, Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaia.

Leave a Reply

Your email address will not be published.