Hogei urtean egin duen argazkilaritza lana bildu du Jose Angel Areta Goñi Juxe-k (Errenteria, 1968), Intxaurrondo kultur etxean, Donostian. Rock kontzertuetan ateratako argazkiak ikus daitezke Keep on klik han erakusketan, ekainaren 25a arte. Askotariko argazkiak egin baditu ere, aitortu du rockak eraman zuela argazkigintzara. Errenterian Black Irudi Faktoria estudioa zabaldu berri du.
Keep on klik han erakusketa duzu Intxaurrondo kultur etxean. Nola sortu zen aukera eta zer aurkituko du ikusleak han?
Erakusketaren izena Beñardo Goietxek, Berako lagun eta abeslariak sortu zuen. Hogei urte bete dira orain argazkigintzan hasi nintzela, eta hori bada arrazoietako bat, ez bakarra, erakusketa egiteko. Orain arte, 50 erakusketatik gora egin ditut Euskal Herrian zein estatuan. Edukiari dagokionez, kontzertuetako argazkiak daude, baina baita promozioetakoak ere. Agertzen direnak, beraz, ez dira agertokikoak bakarrik, kalean ateratakoak, back stage-an egindakoak, edo kontzertu baten inguruan sortzen diren irudiak dira. Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiet azaltzen diren musika taldeei eta erakusketa muntatzen lagundu didaten guztiei.
Rock munduaren bueltan egin duzu argazkigintza lana, batez ere.
Erabat ezberdina da niretzat erakusketan edo Black Irudi Faktorian —Errenterian duen estudioan— egiten dudan lana. Estudioan orokorragoa da, denetatik dago, eta erakusketan, berriz, bakarrik kontzertuetako edo zuzeneko rock argazkiak. Hamabost urtetatik gustuko izan dut rocka, nire bizitzaren zati handi batean disko dendetan egin dudalako lan, eta beti nahiko harreman zuzena izan dudalako zenbait bandarekin. Argazkigintza aspaldi ikasi nuen, baina 1993. urtean kontzertuetan ikusten nuena erretratatu behar nuela erabaki nuen. Eta kontzertuetako argazkietatik iritsi naiz beste eremuetara.
Perfekzioaren atzetik musika duzula beti esan duzu. Musika behar duzu lanerako?
Lan egiteko musika behar dut bai, ezin dut lanik egin hura gabe. Rocka batez ere, baina soula edo punka eta hardcorea entzuten dut… denetarik entzuten dut. Beti dut atzean musika.
Sarritan nahiago bidearen edertasuna helmuga bera baino. Zure hitzak dira horiek ere. Ederragoa da bidea, emaitza bera baino?
Argazkilari askok esaten dute prozesu horretan ez dutela gozatzen. Amaieran, emaitza ikusita gozatzen dutela, argazkia egina ikusita, alegia. Niri gustatzen zait amaierako kopia edo argazki hori, baina bidean egiten dudan guztia ere oso gustukoa dut, eta argazkia egiteko momentuan, argazkia egiten pasatzen ditudan une horietan guztieta, baita laborategian ere, gehiago gozatzen dut emaitzarekin baino.
Argazki perfektua existitzen da? Zuk aurkitu duzu hogei urte hauetako ibilbidean?
Ez. Argazki perfekturik ez dago, zuretzat beti dago hobetzeko zerbait argazki batean. Badaude argazki batzuk gustuko dituzunak, baina zaila da argazki onena edo gustukoena aukeratzea daukazunean sekulako artxiboa.
Gogokoena izango duzu, ordea.
Musikazale amorratua naiz, eta musika talde gustuko bat zuzenean lehenengo aldiz ikustera joaten naizenean, izugarrizko zirrara sortzen zait… Momentu horiek izaten ditut gogokoenak. Lehenengo aldi hori berezia izaten da.
Black Irudi Faktoria zabaldu berri duzu Errenterian. Halako lehenengo esperientzia duzu?
Iaz, San Tomas Egunaren bueltan zabaldu genuen. Ideia landua nuen aspalditik, baina iaz sortu zitzaidan aukera. Argazkigintzaren inguruan lan egin nahi nuen, eta niretzat. Beti egin izan dut lana besteentzat, aldizkarietarako dela, edo egunkarietarako… Jende askok uste du, gainera, kontzertuetako argazkiak egiten ditudala bakarrik, beti ikusi izan nautelako agertokietan. Estudioa zabalduta, hori apurtu nahi dut. Estudioan argazkiak egiteaz gainera, ikastaroak eta erakusketak edo kontzertuak egin nahi ditut. Ideia nahiko zabala da.
Zein da estudioaren balorazioa abendutik hona?
Ona, oso ona. Lokala zabaltzen duzunean, beti nobedadea da. Hau ez da argazki denda bat, ez dut materiala saltzen, argazkiak saltzen ditut; batez ere, nire lana saltzen dut. Gehienbat, ikastaroak egitera edo estudioko argazkiak egitera etortzen da jendea. Oraindik, halere, bidea gelditzen da egiteko.
Zein izango da hurrengo urratsa zure bizitza profesionalean?
Orain arte, ez naiz bizi izan argazkigintzatik, bestelako lanbideak izan ditut, eta, orain, estudioa zabalduta hasi naiz mundu honetaz bizitzen saiatzen. Helburua da Black Irudi Faktoriari jarraipena ematea eta hortik bizitzea.
Leave a Reply