Europako Parlamenturako hauteskundeak egingo dira igandean. Kanpaina osoan alderdien mitinak izan dira Gipuzkoako herrietan, propaganda afixak etxeetako postontzietan, eta botoa eskatzen zuten bozgorailuak autoetan. Gaur da kanpainako azken eguna, bihar gogoeta eguna izango baita.
28 herrialdetako herritarrak daude deituta igandean botoa ematera, guztira 751 eurodiputatu aukeratzeko. Baina bakoitzak ezberdin begiratzen die hauteskundeei. Gipuzkoako Hitza-k Europan bizi diren zenbait gipuzkoar galdekatu ditu, han eta handik zer-nolako ikuspuntua duten jakiteko.
Mutrikuarra Belgikan
“Nahiz eta jendeak interesik ez izan, bozkatzera behartuta daude”
1. Belgikan bizi naiz, Braine-L’Alleud izeneko herri batean, Wallonian, Bruselatik hurbil. Ia bost urte daramatzat hemen. Gazte eta haurrentzako erakunde batean lan egiten dut, proiektu koordinatzaile moduan. Bruselako Euskal Etxeko zuzendaritzako partaide ere banaiz.
2. Belgikan hiru hauteskunde izango dira maiatzaren 25ean: europarrak, federalak eta erregionalak. Erregionalek eta federalek indar handiagoa dute hemen, jende ezagunagoa dago zerrendetan, eta denbora askoz gehiago hartzen dute komunikabideetan. Europarako zerrendagaiak ez dira karteletan ikusten, adibidez.
3. Arrazoi beragatik belgikarrek interes handiagoa dute hauteskunde erregional eta federaletan. Horretaz gain, hemen derrigorrezkoa da bozkatzea. Nahiz eta jendeak interesik ez izan, bozkatzera behartuta daude.
4. Ez dut bozkatuko hauteskunde hauetan. Alde batetik, ez ditudalako hurbil ikusten, nahiz eta Europako Batzordea hemen izan; eta, beste alde batetik, Europan lan egiten dutenek horrenbeste diru irabazten dute, Brusela eta inguruetan gizartea bi abiadurara doa: “eurokratak” eta besteak. Guretzat ezinezkoa da etxebizitza bat erostea Bruselan, adibidez.
5. Ez dut uste Euskal Herrian egonda Europako hauteskundeetan bozkatuko nukeenik, urrunago ikusiko nuke oraindik ere Europa. Belgikan bizita arrazoiak pertsonalagoak direla esango nuke.
Irundarra Txekiar Errepublikan
“Ez dute interes handirik, ez bada euren bertako eskubideak aldarrikatzeko”
1. Brno hirian bizi naiz, Txekiar Errepublikako Morabia eskualdeko hiriburuan. Seigarren urtez bizi naiz bertan, euskara irakurle [irakasle] gisa Brnoko Masaryk unibertsitatean.
2. Kalean alderdi txekiarren kartelak daude (ODS, CSSD, Moravane…), prentsan ere ageri dira alderdien iragarkiak, eta Interneten eta sare sozialetan ere ageri dira; mitinak apenas dauden, baina iragan asteburuan, esate baterako, manifestazioa eta mitin bat egon dira bertako alderdi nazionalistarena (Moravane); horiek Txekiar Errepublikan autonomia eskatzen dute.
3. Bertako herritarrek ez dute interes handirik Europako hauteskundeekiko, ez bada euren bertako eskubide nazionalak edo erregionalak aldarrikatzeko, Moravane alderdi abertzalea, kasurako.
4. Hemen bizita, Euskal Herria urrun sentitzen dut Estatuen Europa honetan; pixka bat dezepzionaturik nago, ikusirik Euskal Herriko interes nazionalak estatuen interes ekonomikoen azpian daudela. Ikusirik Euskal Herria baino txikiagoak diren beste estatu batzuek (Eslovenia, Estonia…) ordezkari gehiago lortuko dituztelako.
5. Euskal Herrian bizi izango banintz, segur aski inplikatuago egongo nintzateke hango politikan.
Azpeitiarra Eskozian
“Eskozian erreferendum urtea izanik, garrantzi berezia dute hauteskunde hauek”
1. Edinburgon, Eskozian bizi naiz urriaz geroztik. Karrera bukatu berri Euskal Herrian lanik ez nuenez —Kazetaritzan lizentziatua naiz—, hona etorri nintzen ingelesa hobetzeko asmoz, lanera. Hotel batean ari naiz lanean.
2. Eskozian kalean ezer gutxi bizi da politika. Zaila da inolako mitin edo kartelak ikustea. Oso noizean behin. Etxez etxe ere informaziorik apenas ematen duten, aldian behin panfletoren bat.
Prentsan batzen da informazio guztia, horrek dakartzan arazoekin. Prentsan egunero ateratzen dira berriak, eta, gainera, Eskozian aurten erreferendum urtea izanik, garrantzi berezia dute hauteskunde hauek. Izan beharko lukete, behintzat.
3. Eskoziarrek ez dute gehiegi bizitzen politika. Ez dute euskaldunok bezala bizi. Zaila da taberna batean edo etxean politikaren inguruko eztabaida bat entzutea, eta hori hauteskundeetan islatzen da. Politika bizitzeko modu hau dute hemen: lau urtean behin botoa eman eta politika politikarien esku utzi.
4. Zuzenean, Euskal Herriko emaitza da gehien interesatzen zaidana, baina, zeharka, hemengoa oso garrantzitsua izango zaigu. Dirudienez, Erresuma Batuan UKIP alderdi ultraeskuindarra gailenduko da. Horiek imigranteen kontrako neurriak hartuko dituzte, eta horrek hemen lanean ari garenoi zuzen eragiten digu.
Bestetik, hauek irabaztea Eskoziaren independentziaren aldeko bultzada nabarmena izango litzateke, horrek Euskal Herriarentzat esan dezakeenarekin. Eskozian ia ez dute babesik, eta desberdintasun honek haustura handitu lezake.
5. Uste dut interesa maila berean mantenduko nukeela. Euskal Herrian gertatzen dena neurri on bat izan daiteke zenbait taldek daramaten bideari azterketa egiteko eta emaitzak zein diren ikusita, erabakitze eskubidea Europako Parlamentura eramateko. Hala ere, uste dut, eta hemen bizi naizenez are argiago, Euskal Herrian bizi den orok begiratu beharko liokeela Eskozian gertatzen denari.
Donostiarra Suitzan
“Suitza eta Europako Batasunaren arteko erlazioek eragin zuzena izango dute gugan”
1. Zurichen daramatzat lau urte, ingeniari lanean.
2. Suitzak Europako Batasunetik kanpo egotearen jarrera oso sendoa azaldu izan du betidanik, eta etorkizunean ere horrela izatea espero da. Hori esanda, beste herrialdeekin alderatuz, Suitzan orokorrean gai honen inguruan jarraipen eta interes gutxi dagoela esango nuke. Pertsonalki gai honen inguruan ez dut inolako ekitaldi edo aldarrikapen berezirik antzeman.
3. Bertako sistema politikoa dela medio (zuzeneko demokrazia izenaz ezagutua), orokorrean hemengo gizarteak politika gaietan interes eta parte hartze handia du.
4. Garrantzia badutela esango nuke, etorkizunera begira, Suitzaren eta Europako Batasunaren arteko erlazioek eragin zuzena izango baitute gugan, bertan bizi garon kanpotarrengan.
5. Han egonda ez litzateke interesa aldatuko; interes berbera edukiko nuke.
Tolosarra Suedian
“Boto eskubidea obligaziotzat dute, baita politika askorik interesatzen ez zaienek ere”
1. Egun, Suedian ari naiz lanean sei hilabeteko beka bati esker, Stockholmen. Otsailaz geroztik, Vinos Torres izeneko enpresan nabil lanean.
2. Komunikabide guztiek dute zeresana hauteskundeen inguruan. Berrien bonbardaketa etengabeak hauteskundeetan interesa edukitzea bultzatzen zaitu. Stockholm erdialdean, asteburu askotan ikus ditzakezu mitin politikoak. Ez da egunik prentsa idatziak hauteskundeen berriren bat idazten ez duenik. Suediarrek hauteskundeekiko duten inplikazio altuaren arrazoi bat, beharbada, egiten den komunikazio kanpaina sakona izan daiteke.
3. Interes handia dute, edo hori esaten dute, behintzat. Gizartearen parte sentitzen dira erabat, eta bertan duten inplikazioa nahitaezko moduan ikusten dute. Denek dute iritzi bat, bai datozen Europako hauteskundeekiko eta baita Suediako politikarekiko. Boto eskubidea obligaziotzat dute, baita politika askorik interesatzen ez zaienek ere. Hauteskundeekiko herritarren parte hartzea oso altua izanik, esan dezakegu herriak aukeratzen duela politikaria.
4. Egia esan, ez dakit eragiten didanik ere. Duela egun gutxi arte ez nekien noiz ziren Europako hauteskundeak, eta jakin dudanetik ez dut askorik irakurri gaiari buruz. Kanpoan bizita beste lehentasun batzuk dauzkat, eta zoritxarrez oraintxe bertan hauteskundeak nahiko urrun sentitzen ditut.
5. Erabat aldatuko litzateke. Botoa ematera joango nintzateke, eta horrek eskatzen duen gutxieneko aurre jakintza edukiko nuke. Hala ere, gertu edo urrun egotea ez litzateke baldintza izan behar, denoi gustatzen baitzaigu erabakien jabe izatea.
Donostiarra Italian
“Gauzek beti bezala jarraituko dutela uste dute, irabazten duenak irabazten duela”
1. Sizilian (Italian) daramatzat jada zortzi hilabete, Catania hirian. Artearen Historiako ikasketak egiten ari naiz, Erasmus programaren bitartez, ikasturte bateko iraupenarekin.
2. Egia esan, ez naiz ari hauteskunde hauek batere jarraitzen; etxean ez dugu telebistarik, eta Internet konexioa ere ez dugu oso ona… Beraz, noizean behin Internet bidez albisteak irakurtzen ditut, eta gaiaz dezente hitz egiten ari direla iruditzen zait. Bestalde, kalean jartzen dituzten kartelek atentzioa ematen didate, nahiko mezu zuzenak izaten baitituzte, eta nahiko sentsazionalistak.
3. Hemengo lagun batzuekin gaiaz hitz eginda, daukadan sentsazio orokorra da hauteskunde hauek ez zaizkiela askorik axola. Izan ere, uste dute irabazten duenak irabazten duela gauzek beti bezala jarraituko dutela; beraz, botoa ematera joango dira, baina Europan zerbait aldatzeko esperantza gutxirekin.
4. Hemen egonda ezin dut, eta ez dut postaz botoa bidaltzea pentsatu ere egin. Garrantzitsuak dira hauteskunde hauek, denoi zuzenean eragiten digutelako, baina nik ere ez dut uste gauzak asko aldatuko direnik maiatzaren 25eko hauteskundeen ondoren.
5. Badakit Euskal Herrian egongo banintz hauteskunde hauek gertuagotik jarraituko nituzkeela eta maiatzaren 25ean botoa ematera joango nintzatekeela.
Leave a Reply