“Tabakoa da gehien prebeni daitekeen heriotza kausa”. Horren kontsumoa gutxitu eta tabakoaren gaineko menpekotasuna gainditzeko helburuarekin, eskualdeko udalek, Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzak Debagoiena tabako kerik gabe egitasmoa jarriko dute martxan hurrengo astean. Kerik Gabeko Astearen barruan egingo dute, Osasunaren Mundu Erakundearen deialdiari jarraituz.
Ez erretzeak dituen abantailak, zaletasuna uzteko dauden baliabideak eta beste hainbat aholku emateko, karpak jarriko dituzte Eskoriatzan, Aretxabaletan, Bergaran, Arrasaten, Antzuolan eta Elgetan. Gainera, tabakoa utzi nahian dabiltzan horiek animatu nahi dituzte dagokien osasun zentrora joan daitezen, zuzenean zein aukera dauden eta zer urrats egin behar dituzten jakiteko.
Miren Dorronsoro Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko zuzendariaren arabera, garrantzitsua da erakundeek eta gizarte eragileek batera lan egitea osasunari lotutako horrelako programetan. Hain justu, hirurek hasitako elkarlana zabal dadin nahi dute; haien asmoa beste eragile batzuk erakartzea baita —elkargoak (farmazienak eta dentistenak), ikastetxeak, tokiko elkarteak…—.
2013ko Osasun Inkestaren arabera, Gipuzkoan gizonezkoen %27,7k erretzen dute —noizean behin edo normalean— eta emakumeen %21,1ek. 15 eta 24 urte artekoen artean, ordea, neska gehiagok erretzen dute: nesken %19,1ek, eta mutilen %17,4k.
Horrez gain, nabarmendu dute sektore apaleko pertsonak lotuago daudela tabakismoari. Izan ere, bizimodu erosoa dutenen artean, gizonezkoen %25,3k erretzen dute —noizean behin edo normalean—, eta maila apalagoa duten gizonezkoen %36,2k. Gaineratu dute tabakoak bizi-itxaropenari hamabost urte kentzen dizkiola gutxi gorabehera; biriketako minbizien %90 tabakoak eragiten ditu.
Leave a Reply