Diziplinaz, konpromisoaz

Unibertsitatean —EHUn behintzat— irakaskuntza aldiaren hondar asteetan gabiltza. Ikasgaiak ixteko garaia, eta ikasleek azken aurkezpenak egiteko tenorea dute, gehientsuenetan. Azken ekarpenen une hori garrantzitsua izaten da, halako saioetan ikasleen gaitasunak neurtu ez ezik, gure irakaskuntzaren arrakasta edo porrota ere neurtzen baitugu. Ezagutzez eta gaitasunez jabetu direla ziurtatu nahi izaten dugu, lehen saiotik azken saiora alderik badagoen ikusi, ikasleengan eragin dugula egiaztatu…

Saio horiek ezagutzaz eta gaitasun akademikoez besteko neurririk ere ematen digute, halako saioetan talde dinamika ikusgarriago egiten baita, eta baita taldeko afektu mapa ere. Egia da afektu mapa hori ez dagoela guztiz irakasleon esku, baina talde-dinamika sustatzearen ardura bada gurea, eta, neurri batean, ikasleek elkarren interesak partekatzea eta elkarri entzuten ikastea bada irakasleon ardura.

Ikasleak urduri doaz aurkezpen publiko horietara, baina gu ere halaxe goaz, bestelakoa da urduritasuna, ordea. Zeregin bikoitza baita gurea une horretan: batetik, talde aurrean arituko diren ikasleak eroso sentitzea; eta, bestetik, gainerako ikasleek, entzuleek, jakin-minez entzutea —edo gutxienez, errespetuzkoa izan dadila haien jarrera—. Jakina, aurretik halakorik landu ez badugu, ez dugu saio horietan lortuko talde dinamikarako giro onik. Horregatik, beldur txikiak ere izaten ditugu batzuetan, elkarri errespetuz entzungo ote dioten, elkarren arteko jarrera nolakoa izango den. Hala ez bada, errespetuzko giroa ez bada nagusi, gure irakaskuntza jarreraren inguruan zalantza egiten dugu.

Halako kezkak buruan nituela izan nuen Valentziako Gorteetan gertaturikoaren berri. Compromís-eko Mònica Oltra diputatuari aretotik ateratzeko eskatu zion lehendakariak, errespetuzko jarrerarik izan ez zuelakoan. Mònica Oltrak uko egin zion aretoa uzteari, PPko diputatuen jarrera ere bertsua zelakoan, baina haien kasuan lehendakariak ezikusiarena egiten zuelakoan. Ezin errespetuzko girorik eskatu, halakorik ez badu sustatu talde dinamikaren arduradun denak, hots, lehendakariak. Eta bat-batean burura irudi oldea etorri zitzaidan: parlamentu edo legebiltzarretako politikariak, elkarri inolako errespeturik gabe hitz eginez, eztabaida mamitsuetan sartzeko interesik gabe… Hezkuntza arautzen duten horiexek, hezkuntzako diziplina ahotan une oro duten horiexek. Diziplina eta agindua sinonimotzat dute, eta diziplinak ez omen du konpromisoaren itzalik haientzat. Oltrarentzat, aldiz, bai.

Leave a Reply

Your email address will not be published.