Ez dute eraitsiko

Irailean beteko ditu ehun urte Donostiako Arte Ederren eraikin enblematikoak, baina, ospakizunak baino gehiago, eztabaidak inguratu du hilabeteotan. 1914an, zinema areto gisa inauguratu zen; hasieran, antzokia zen, eta gero Donostiako Orfeoiaren zein Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren egoitza bihurtu zen. Gaur egun, erabilerarik gabe dago, eta eraikinak izan beharreko babes mailaz ez dira ados jartzen udaleko talde politikoak; herritarrek ere egonezina agertu dute. Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatzeko hartu duen erabakiak, ordea, bide berria zabaldu dio eraikinaren etorkizunari, Bilduren gobernuak eskatzen duen bidetik. PSE-EEk, EAJk, eta PPk, udal gobernuaren egitasmoaren kontra egin zuten arren, ez dute Jaurlaritzaren erabakia ezbaian jarri. Udal ordezkari guztien iritziak bildu ditu Hitza-k.

1990ean Kultur Ondarearen Euskal Legean aurreikusitakoaren arabera hartu du erabakia Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntz Politika eta Kultura Sailak. “Babes maila honek eraikina botatzea galaraziko du, eta berau ondorengo belaunaldiengana transmititzea ahalbidetuko du”.

Iazko ekainean, EHOBP Donostiako Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziaren hasierako onespenari buruzko txostenean, adierazia zuen Jaurlaritzak Arte Ederren eraikinak badituela “bere babesa justifikatzen duen balio kulturalak”.Txostenarekin “koherentzian” jokatuz, Jaurlaritzak eraikina babesteari ekin dio, eta, horretarako, eragile publiko eta pribatuekin elkarrizketa eta elkarlan prozesu bat ezarriko du.

Eraikin bat kultura ondasun izendatzea “gertaera positibo gisa” hartu behar dela nabarmendu du Jaurlaritzak, “eta ez haren garapena eta aurrerabidea oztopatzen duen inposizio legez”.

Babes maila handiena eman ziezaion, eskaera egina zion Bilduk Jaurlaritzari “bere teknikariek hasieratik defenditu duten bezala”, eta, hain zuzen, datorren asteko osoko bilkurara zen eramatekoa eskaera, Jaurlaritzaren jakinarazpena iritsi aurretik. Izan ere, EHOPB hasierako onespenaren zuzenketa bat onartu zuen iaz Donostiako udalbatzak, udal gobernuaren nahiaren kontra, eta, plan horren arabera, C babes maila ezarri zion Arte Ederren eraikinari. Berez, C babes mailak debekatu egiten du kanpoko fatxadak eraistea; baina “oposizioko taldeek makillatutako C maila bat egitea adostu zuten”, Ricardo Burutaran Hirigintza zinegotziaren hitzetan: “Horren arabera, ez da fatxada osoa babesten, izkina bakarrik. Eta hori C babesaren irizpideen kontra egitea da, salbuespena delako”.

Hain zuzen, PSE-EEk, EAJk eta PPk lortutako akordioak zehaztu zuen fatxadan aldaketak egin daitezkeela eta, ondorioz, eraikinaren jabe den SADE enpresak proposatutako hotel proiektua gauzatu ahalko litzatekeela.

Bildu, “pozik”

Burutaranentzat “pozik egoteko arrazoiak” daude: “Eusko Jaurlaritza argudioekin konbentzitu dugu hau soluziorik onena dela”. Orain, berriz, espero du erabakia “ezinbestekoa den dekretuan” islatzea, oposizioak bat eginda udalbaltzak hartu zuen erabakiak eraikina eraistea ahalbidetzen baitu.

EAJk nahiago izan du oraingoz zuhur jokatu: “Eusko Jaurlaritzak iragarri du espediente bat tramitatzen ari dela, baina oraindik ez dakizkigu zehatz-mehatz bere ondorioak. Beraz, iritzia eman baino lehenago komenigarria da espedientea bere osotasunean ezagutzea”.

Ernesto Gasco sozialisten bozeramaileak, berriz, uste du Jaurlaritzaren adierazpenarekin batera “laguntza ekonomikoa” iritsi behar dela, Arte Ederren eraikinaren etorkizuna bermatuta gera dadin. “Gerta daitekeen okerrena da ezer ere ez mugitzea, etorkizuna trabatzea”. Gaineratu du duela egun gutxi mozio bat erregistratu duela alderdiak hileko azken udalbatzan eztabaidatzeko: udalaren eta Arte Ederren eraikinaren jabearen artean elkarrizketak hastea proposatuko du, erabileraren inguruan hitz egiteko. Jaurlaritzaren erabakiaren berri izan aurretik, Marisol Garmendia zinegotzi sozialistak ohartarazi zuen eraikinari A babes maila ezartzeak “asko” baldintzatuko lukeela “erabilera eta kudeaketa ekonomikoa”.

PPk begi onez hartu du erabakia, Ramon Gomez Ugalde udaleko bozeramaileak azaldu duenez. Haren arabera, izendapen hori “ona izango da donostiarrentzat, eta ona kulturarentzat, are gehiago 2016ari begira”. Behin erabaki hori hartuta, ordea, beharrezkotzat jo du denen artean eraikinaren jabearekin akordio bat lortzea, erabilera zehazteko. “Ezin da eraikin bat kultur ondasun izendatu eta ondoren itxirik mantendu”.

Hilabeteotan, eraikinari eman beharreko babes maila dela-eta aurrez aurre izan du Bilduk oposizioa. “Ulergaitza” da udal gobernuaren jarrera, oposizioaren arabera, Eneko Goia jeltzaleen bozeramaileak salatu izan duenez, “lehen C babesa nahikoa izanik Bilduk orain A maila eskatzea”. Jose Luis Arrue PPko zinegotzia ere bat etorri izan da Goiaren iritziarekin: “Ematen duten azalpen bakarra da herritar batzuen eskaera dela A babes maila. Baina eskaera hori lehenagotik ere bazegoen, udalean C babesa onartu aurretik, alegia. Bilduk C babesa onartu zuen, eta orain nahi du udal osoak A babes maila onartzea eta monumentu izendatzea. Irizpidez aldatzea ongi dago, baina…”.

Burutaran, berriz, kezkatuta agertu izan da oposizioaren jarrerarekin, eta uste du proiektu jakin bat egiteko aukerarekin itsututa daudela: “Hotel bat jartzeko aukerarik ez izateaz, hotela egiteko proiektu jakin batez eta logela kopuru jakin bati buruz ari dira. Kezkatu egiten gaitu oposizioak eraikin bat babesteko duen irizpidea ekonomikoa izateak”. Hirigintza zinegotziaren arabera, ezin zaio eraikin bakoitzaren jabeari galdetu eraikinak izan beharreko babes maila zein den “salmenta edota errendimendu ekonomikoa irizpide bakarra izanik”; eraikinei ematen zaien babesak ez du izan behar negozioaren araberakoa.

Nazioarteko alarma

Arte Ederren eraikinaren auzian hitza hartu duten alde gehiago ere badira. Fernando Espinosa de los Monteros, ICOMOS ondarearen babeserako nazioarteko elkarteko lehendakariordea, Donostian izan zen maiatzaren 5ean, Ondarearen Nazioarteko Egunean.

Unescoren kultur atalaren aholkulari taldea da ICOMOS, eta Espinosa de los Monterosek Donostiako Udalean egindako agerraldian iragarri zuen nazioarteko alarma ezarri zutela Arte Ederren eraikinaren aferarekin. Alarma hori nazioarteko beste aditu batzuek aintzat hartuz gero, txostena Unescora bidaliko luketeela ere esan zuen, eta horrek “ondorio latzak” ekarriko lituzkeela hiriarentzat. Espinosa de los Monterosek esandakoak entzun ondotik erabaki zuen udal gobernuak erakunde adierazpena aurkeztea.

Gainerako alderdiak, berriz, ez zituen neurriz kanpo kezkatu nazioartetik hel zitekeenak. Arruek, hain justu, garrantzi handiagoa eman zion Jaurlaritzak bere posizioa argitu beharrari. Horregatik, “lehenbailehen” erabaki bat hartzeko eskatua zion: “Politikariok ez gara teknikariak; ez gaude Arte Ederren jauregiak monumentu izan behar duen edo ez erabakitzeko moduan”. Jaurlaritzaren erabakiaren ostean, erabilerari buruzko eztabaidaren txanda da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.