Igandean egun berezia dute Itziarren (Deba): Itziar auzo udal izatearen gaineko herri galdeketa egingo dute, Europako Parlamenturako hauteskundeekin batera. Honako galdera honi erantzun beharko diote: “Ados zaude auzo udala ondorengo lurraldeekin, Itziar kaskoa, Itxaspe, Egia, Mardari, Endoia, Arriola, Lastur eta Elorrixa sortzeko?” Eta bai edo ez erantzun beharko dute. Lau tokitan jarriko dituzte galdeketako hautetsontziak: Itxaspe eta Itziar kaskokoa; Elorrixa eta Mardarikoa; Lastur goia, Lastur behea, Endoia eta Arbizkoa; eta Egia eta Arriolakoa.
Itziarko kaskoan hainbat etxebizitzatako balkoietan eta errepideetako bidegurutzeetan udal auzo izatearen aldeko kartelak eta kamiseta berdeak daude zintzilikatuta. Itziarren bertan ere galdezka hasi, eta auzo udalik nahi ez duenik ez du aurkitu Gipuzkoako Hitza-k, kalean behintzat.
Sonia Sabajanes Itziarko herrigunetik industrialdera doa oinez. Herri galdeketa egitea oso ondo iruditzen zaiola dio, eta udal auzo izatearen aldeko boza emango du: “Europako hauteskundeetan agian ez dut bozkatuko, baina bai, ordea, udal auzo izateko galdeketan”. Ez dago ziur “zehazki” zer ekarriko duen udal auzo izateak, baina horren alde dago, zalantzarik gabe. “Itziartarrontzat abantailak ekarriko dituela pentsatzen dut, eta herritarrontzako udal auzo izatea da onena”. Herritar gehienak udal auzo izatearen aldekoa direla uste du, “kalean entzuten dena hori da”.
Beste emakume batek, berriz, ez du gaiaz hitz egin nahi; hala ere, agurtzerakoan bera ere auzo udalaren aldekoa dela esanda joan da erosketen poltsarekin kalean gorantz. Itziarko pilotalekuaren aurrean, auzo udala eratzeko proposamenaren berri ematen duten bi informazio panel handi daude jarrita. Ondoan, gutunontzi bat ere bai, herritarrek euren proposamenak egiteko. Hantxe aurrean aritu da izena eman nahi ez duen gizonezko bat galdeketaz. “Herrian entzuten denaren arabera, baiezkoa aterako da. Gainera, uste dut oraintxe dela erabakitzeko garaia”.
Auzo udala izanda herritarrek erabaki gehiago hartzeko aukera izango dutela uste du. “Garai batean, Itziarren segregazioaren aldeko mugimendua egon zen. Ordea, orain hori alde batera utzita dago, eta auzo udal izateaz erabakiko da. Denon Herria horretan ari da indarra egiten, eta mugimendu asko sortu da herrian”. Lasturren, berriz, baiezkoa aterako den zalantza azaldu du.
Eta gero, zer?
Iñaki Unanue Lasturkoa da, baina udal auzoa osatzearen aldekoa. Itziarko kaskoa eta beste lurraldeak udal auzo batera joatearekin bat dator. “Itxaspe, Itziar, Lastur eta beste denak udal auzoan batera joan behar genuke, ez zait ondo iruditzen banatzea”.
Udal auzo izatearen gainean Itziarren eta beste auzoetan bilerak izan direla dio: “Ni ez naiz izan bileran, baina emaztea eta alaba izan dira. Udal auzo izatea hoberako izango dela esaten dute, eta auzotik dena hobeto kudeatuko dela. Lasturko bileran Ereñotzuko herritar bat ere egon zen hizketan —Ereñotzu ere Hernaniren udal auzo egin zen—, eta oso gustura daudela esan zuen, askoz gauza gehiago egiten ari direla herrian”. Unanuek hala izan daitekeela pentsatzen du, “baina, probatu arte ez dago jakiterik”.
Hala ere, denerako iritziak daudela nabarmendu du, “badaude onerako ez dela izango esaten dutenak ere”. Baina, herriari galdetuko zaiolako gustura dago: “Galdetzea ondo dago. Eta, gero, bai edo ez irten errespetatu egin beharko da”.
Galdeketa egin beharra, berriz, “tristea” iruditzen zaie Itziar Astigarragari eta Hiart Aizpuruari. “Jendeari galdetu gabe, Debako Udalak legez egokitzen zaiguna ematea izango litzateke egokiena, batere presiorik eta galdeketarik egin beharrik izan gabe. Hau da, Itziarri egokitzen zaiona eman eta kito. Pixka bat penagarria da, baina ez dago beste biderik”. Bi horiek ere Itziar udal auzo egitearen aldekoak dira.
Galdeketak Itziarren mugimendu pixka bat sortu du. “Beti mugitzen direnak batzuk dira. Herrikoek, betiko herritarrek direnek badakite nondik norakoa den galdeketa. Baina jende asko kanpotik etorri da herrira bizitzera, eta haiek herriko bizitzarik ez dute egiten”, esan du Aizpuruak. “Bai, eta beste askok ez dute ezer jakin nahi kontu honetaz. Igual, haurrak eramango dituzte eskolara, eta eskolari eragin diezaioke emaitzak. Baina, hala ere, ez zaie axola”.
“Beldur pixka bat ere sortu da Deba aldean. Lehen, desanexioa eskatzen genuen Itziarren. Baina, gaur egun, Debarekin batera nahi dugu, udal auzo izanda. Askok ez du bata eta bestea bereizten, eta zalantza eta beldur asko sortu dira”. Baiezkoa aterako delakoan daude Aizpurua eta Astigarraga, baina galdeketako parte hartze kopuruak kezkatzen ditu. “Zenbatek parte hartuko ote duen beldur gara”.
Baiezkoa aterako balitz ere, gero ikusi egin beharko litzateke Debako Udalak zer erabakitzen duen. “Baiezkoa ateratzeak ez du esan nahi Debako Udalak hori onartuko duenik. Azkenean, galdeketan aterako dena herritarren iritzia da, eta agian gero har litekeen erabakiari bultzadatxoa emateko balio dezake”.
Leave a Reply