Rafael Garcia-Velilla (Mexiko, 1959), Donostiako Kultur Ondarea Babesteko Elkarteko presidentea, pozik dago Jaurlaritzak Arte Ederren eraikina monumentu izateko espedientea abiatu duelako. Orain, eraikina desjabetu beharko litzatekeela uste du, “sortu zeneko helburuen araberako” erabilera emateko. Haren hitzetan, interes pribatuen “neurrirako trajea” egin du orain arte udaleko oposizioak.
Zalaparta ederra Arte Ederren eraikinaren mendeurrena ospatzeko.
Jabeek [SADE enpresa] eta eraikina ez babestearen alde egin zuten zinegotziek sortu dute zalaparta, 92 logelako hotel bati bidea irekita. Ondarearen defentsan arlo publikoak duen funtzioa eta interes pribatuak aurrez aurre jarri ditu auzi honek.
Zer balorazio egiten duzu Jaurlaritzaren erabakiaren inguruan?
Ba, behar den moduan, Jaurlaritzak esana zuen babes maila altuena merezi duen eraikina dela; espero dut espedientearen amaieran Euskadiko monumentu nazional izendatzea.
Zergatik hartu du erabaki hori?
Uste dut hilabeteak igaro direla Jaurlaritzak erabaki hori hartu zuenetik, baina hiru taldeen iritziak —edo taldeenak baino gehiago, euren zerrendaburuenak— prozesua geratzea eragin zuela. Azken finean, horiek dira egungo eta etorkizuneko hirirako horren garrantzitsuak diren auzien inguruko erabakiak. Garbi utzi nahi dut lotsagarria iruditzen zaidala oposizioko udal taldeetako buruen jarrera: EAJk Arte Ederren eraikina eta ondarea babesten zituen lehen; sozialistak aitzindariak izan dira Espainia mailan ondarearen alde egiten, eta Donostian jabeen interesen alde agertu da; eta, PPri dagokionez, uste dut Ramon Gomezek ez duela duen kargua merezi, orain Jaurlaritzaren erabakia txalotzen badu ere beti herritarren interesen aurka agertu delako.
SADEren eta zinegotzi horien artean lotura dagoela esan izan duzue.
Bai, interes pribatuen neurrirako traje bat egin dute eta. Kultur ondarearen arloan zeresana duten instituzioei, aldundikoei, Jaurlaritzakoei, arkitektoen elkargoari, ICOMOS Unescoko ordezkaritzari eta abarrei kasu egin ordez, jabetza pribatuaren borondatera makurtu dira.
Zuek kultur erabileraren aldekoak zarete. Zein dira hurrengo pausoak?
Madrilgo Beti-Jai frontoiarekin egin zuten bezala, orain, eraikina desjabetu beharko litzateke, eta jabeei ordain tasatu bat eman; sortu zeneko helburuen araberako kultur erabilera emango zaiola ziurtatzeko. Hiriaren eskumena izan dadila, eta hiriak kultur hiriburutzarako ikur gisa har dezala. Egun barreiatuta dauden kultur eragileen topagunea izan daiteke; Europari eta bisitariei kulturaren itsasargi gisa aurkezteko moduko erakina da. Baina beldur naiz jabeekin negoziatzen hasiko ote diren, trukean zerbait ematea edo, eta azkenean euren interesak gailenduko ote diren guztion ondare izendatu arren. Horregatik eskatzen genuen guk ez zedila izan neurriz kanpoko faboritismorik eta eraikinak sortu zeneko helburuak manten zitzala.
Zer egingo duzue aurrerantzean?
Gure iritzia kontuan hartu nahi badute, prest gaude gure esperientzian oinarrituta ekarpenak egiteko eta egitasmoak proposatzeko. Baita proiektuak finantzatzeko bideak topatzeko ere, hiriari gastu ekonomiko handiegirik ez eragiteko. Horrez gain, ondarearen aurka egon daitezkeen gainerako erasoak saihesteko lanean segituko dugu.
Leave a Reply